Irastortza, Furundarena eta Telleria irakurketa musikatuan gaur, Donostian
Goierriko kulturagileek aparteko tartea izango dute, gaur, Donostian. Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Kabigorri elkarteak antolatu duten Hitza badugu poesia topaketen bigarren jardunaldia eskualdeko hiru kidek hornituko dute, ia erabat. Olerki errezita...
Goierriko kulturagileek aparteko tartea izango dute, gaur, Donostian. Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Kabigorri elkarteak antolatu duten Hitza badugu poesia topaketen bigarren jardunaldia eskualdeko hiru kidek hornituko dute, ia erabat.
Olerki errezitaldiak dira jardunaldien muina, musikarekin lagunduta. Gaur, 19:30ean hasita —saio guztiak ordu horretan dira, Koldo Mitxelena bibliotekan—, Tere Irastortza zaldibiar idazleak parte hartuko du, hark idatzitako Orain badakit poema-liburuko aleak errezitatzeko.
Itziar Gomezek lagunduko dio irakurketan. Bestetik, Irastortzaren lagun Karmele Igartua zenaren Itsaso kontra bat liburuko idazlanak ere irakurriko dituzte. 2010ean hil zen Igartua idazle aretxabaletarra.
Argazkiak eta doinuak
Musikalki eta grafikoki girotuko dute errezitaldia. Izaskun Etxeberriak argazkiak islatuko ditu, Igartuaren libururako egindakoak. Musika bi artista goierritarren esku egongo da: Aitor Furundarena akordeoi-jotzaile ordiziarrak eta Iñaki Telleria perkusionista idiazabaldarrak zuzenean joko dute.
Literatura-testuen irakurraldiak aste honetako hiru egunetan banatu dituzte. Atzo izan zen aurrenekoa, eta bihar osatuko dute egitaraua Javi Sistiaga errezitatzaileak, Esther Barandiaran piano-jotzaileak, Raffaela Acella biolinistak eta Ian Swedlund biolontxelo-jotzaileak.