Aurrekontuak eta hainbat mozio landuko dituzte gaurko bilkuran
Beasaingo udalbatzak urteko bilkurarik garrantzitsuenetakoa egingo du gaur. Izan ere, udalaren 2012ko aurrekontuak, lanpostuen zerrenda, kontratu aldaketak eta hainbat mozio izango dituzte eztabaidagai. 19:00etan hasiko da osoko bilkura; hamabi puntuk...
Beasaingo udalbatzak urteko bilkurarik garrantzitsuenetakoa egingo du gaur. Izan ere, udalaren 2012ko aurrekontuak, lanpostuen zerrenda, kontratu aldaketak eta hainbat mozio izango dituzte eztabaidagai. 19:00etan hasiko da osoko bilkura; hamabi puntuko gai ordena jarri dute, eta luze jo dezake.
Eguneko gai nagusietako bat, 2012. urteko aurrekontuena izango da. Udal gobernu taldeak duela bi aste aurkeztu zuen bere aurrekontu proposamena (aurkezpena, bideoan). Haren arabera, udalak 13,5 milioi euroko aurrekontua izango du, eta Beasain Lantzenek 3,6 milioikoa.
Landuko dituzten gainontzeko gaien artean, Beasaingo Udalaren eta erakundeen plantilla eta lanpostu zerrenda ere aztertuko dute. Horrekin batera, udal antolakuntza batzordeko lehendakariari dedikazio osoa aitortu ala ez erabaki beharko dute.
Kontratazioen sailean, kale garbiketaz arduratzen den enpresari ere aurten bukatzen zaio kontratua, eta gai hori ere landuko dute. Tarifen arloan, kiroldegiko eta Usurbe zinemako prezioak ere adostuko dituzte. Euskarari dagokionean, EBPN eta Udal Euskaltegiko zuzendariaren izendapena izango dira eztabaidagai nagusiak.
Lau mozio aztergai
Osoko bilkura bukatzeko, alderdi politikoek aurkeztutako lau mozio aztertuko dituzte. Aurreneko hirurak, sektore publikoko murrizketei dagokiona, Garoñako zentral nuklearrari buruzkoa, eta Kutxabanken administrazio kontseiluaren ingurukoa dira. Azkena, EAJk aurkeztutakoa, hirigintza aholkularitzaren kontratazioaren gainekoa da.