Goierriko pala txapelketa finalaurrekoei begira jarri da
Goierriko II. Pala Txapelketa final-laurdenetako txanpa osatzera bidean da. Duela bi aste hasi ziren lehiaketako partidak. Olaberrian jokatzen dute, astelehenero 20:30ean, hango palariek antolatuta. Larruzko paleta modalitatean jarduten dira. Txapelket...
Goierriko II. Pala Txapelketa final-laurdenetako txanpa osatzera bidean da. Duela bi aste hasi ziren lehiaketako partidak. Olaberrian jokatzen dute, astelehenero 20:30ean, hango palariek antolatuta. Larruzko paleta modalitatean jarduten dira. Txapelketaren estreinaldian bezala, iaz, Ordiziako Oiangu eta Idiazabalgo Atxurbide pala elkarteetako taldeak ari dira jokoan, bederatzi denera.
Kanporaketa sistema du txapelketak. Bikote kopurua partida-taulara egokitzeko, aurretik final zortzirenetako neurketa bat jokatu behar izan zen. Gutierrez-Soraluzek egin zuten aurrera lan gehigarrian, Ibarguren II.a-Otero 35-26 menderatuta.
Astelehenean izan zen partidaren ondoren, final-laurdenetako partida erdiak jokatuta daude. Luzuriaga-Agirre bikoak lortu du finalaurrekorako txartel bat, Gelbentzu-Sanchezi 35-25 irabazita. Beste lehian, Berasategi-Goiburuk 35-34 doiarekin aurrera egin dute, Arrieta I.a-Olaran bikote olaberritarra kanporatuta.
Beste bi partida jokatzeko
Final-laurdenetako koskan beste bi norgehiagoka falta dira: Arrieta II.a-Goñi eta Erize-Garridoren artekoa datorren astelehenean 20:30ean izango da, Olaberriko pilotalekuan. Azkenik, Aranburu-Letamendia bikotea geratzen da frontoira irteteko; horiek, final zortzirenetako galbahea pasatu zuten Gutierrez-Soraluze izango dituzte aurkari, partida-eguna zehaztu gabe dago oraindik.
Koadroa zehazten denean, martxoaren 2an, ostirala, jokatuko dituzte finalaurreko bi partidak. Finala, berriz, martxoaren 11n goizeko hamaiketan izango da, igandearekin.