«Inauterietan beti dago pertsonaia gaiztoa, Legazpin katamotza da»
Legazpiko Sustraiak dantza taldea 1975. urtean sortu zuten. Ohiko euskal dantzak ikasteaz gain, hastapenetatik Legazpiko folklorea berreskuratzea izan zuten helburu, tartean inauteriak. Anjel Murua (Legazpi, 1956) taldearen sortzaileetako bat da. Euskal dantzen inguruko ikerketak egin ditu, Gipuzkoako eta Legazpiko dantzenak, bereziki.
Katamaloak eta katamotza dira Legazpiko inauterietako pertsonaiak. Muruak dokumentazio lana egin du urtetan; aurrekoek inauteriak nola bizi zituzten ahalik eta «zehatzen» bildu asmoz.
Garai batean, orduan, katamotzak al zeuden Legazpin?
Udaletxeko agiritegiko XVII. eta XVIII. mendeetako dokumentuetan aipatzen dituzte. Udalaren orduko aurrekontuetan, animalia basatien uxaldietarako gordetzen zituzten kontusailen berri ematen dute. Gurean, otsoak eta katamotzak uxatzen zituzten.
Nola lotzen da katamotza inauteriekin?
Geneuzkan datuetatik abiatuta ideiak lotu ditugu. Toki guztietan agertzen dira figura berdinak, nahiz eta pertsonaia ezberdinak irudikatu. Badago pertsonaia gaiztoa, gurean: katamotza. Herriko gazteak animaliak uxatzera ateratzen ziren. Baserriz baserri eskean joaten ziren, dantzan. Neguaren amaieran mozorrotzen ziren, argiari ongietorria egiteko festa dira inauteriak.
Argiaren zikloaren hasiera al da?
Neguan gordetakoa uxatzen da, San Joanetan amaituko den zikloari ongi etorria egiten zaio.
Antzeko elementuak topatzen al dira Euskal Herriko inauterietan?
Bai. Beti daude mozorrotzen diren pertsonaiak: katamaloak, porreruek, txatxoak… Eta beti dago pertsonaia gaiztoa, askotan animalia basatia. Hau guztia naturarekin lotuta dago erabat. Mozorroak aldatzen dira, baina, funtsean, gure inguruan nekazaritza munduko elementuak erabiltzen zituzten: lasto fardelak edo animalien larruak, kasurako. Alboan zutena jazten zuten.
Sustraiak dantza taldean aritutako zara. Nolatan hasi zineten herri kultura berreskuratzeko lanetan?
Hasieran ez genuen ezer ere. Zaharrekin hitz egin genuen. Horrela berreskuratu genuen ezpata dantza. Inauteriei buruz ezer gutxi esan ziguten; festa hauek ospatzeko debekua, diktadura garaikoa, beraiengan errotuta zegoen. Gerora, Legazpiko burdinolen historiari buruzko ikerketak egin dira. Horietatik jaso dugu inauteriei buruzko informazioa.
Zein da informazio horren nondik norakoa?
Telleriarte eta Brinkola auzoetako gazteak katamaloz jantzita ateratzen ziren eskean, mozorrotuta. Goierri osoan antzera egiten zela esango nuke.
Legazpin, zergatik katamalo?
Katamotzaren berri bagenuen eta katamaloak agertu zirenean lotura egin genuen. Gure helburua da, egun egiten dugun festa aurretik egiten zutenaren antzekoena izatea. Hala ere, aurrekoak ez bezala, kalean ospatzen ditugu inauteriak, ez gara baserriz baserri ibiltzen; hori lehengo inauterien ezaugarri bat bada ere.
Urtetik urtera eduki gehiago dauka Legazpiko inauteriak.
Bai. Hamar urte dira hasi ginela eta urtero zerbait gehitzen zaio festari. Denborarekin egonkortuko dela uste dut, osatuz doa. Sustraietatik abiatuta, Legazpiko inauteria berreskuratuko dugu.
Berreskuratu hitza erabiltzen duzu. Aurretik egondakoa noiz galdu zen?
XX. mendean 36.ko Gerra tradizioarekin zegoen lotura apurtu zuen. Ordura arte nekazaritzarekin estuki lotutako gizarteak ziren. Gero, industriaren eta komunikabideen garapena etorri ziren, eta immigrazioa. Ohiturak goitik behera aldatu ziren, baita festak ospatzeko modua ere. Zaldibiako Jose Inazio Iztuetak 1824. urtean idatzitako liburuan, desagertutako dantzen berri ematen zuen jada.
Herri kultura berreskuratzeko lana ez da bakarrik Legazpin egin. Goierriko beste herri batzuetan ere egin da, Seguran, adibidez.
Bai. Esango nuke 70. hamarkadan susperraldi bat egon zela. Dantza talde asko sortu ziren Euskal Herri osoan. Ordura arte, euskal kultura isilduta zegoen. Taldeak biltzen hasi ziren tradizioak zioena entzuteko gogoz.