Gaztetxoentzat ere areto futbol txapelketa antolatu dute aurten
Beasaingo areto futbol txapelketak tradizio handia du herrian, eta dagoeneko 36. urtea bete du. Antolatzaileek lehiaketa hori gazteenen artean ere zabaldu nahi dute, ordea, eta aurreneko aldiz, gaztetxoentzako areto futbol txapelketa ere antolatu dute....
Beasaingo areto futbol txapelketak tradizio handia du herrian, eta dagoeneko 36. urtea bete du. Antolatzaileek lehiaketa hori gazteenen artean ere zabaldu nahi dute, ordea, eta aurreneko aldiz, gaztetxoentzako areto futbol txapelketa ere antolatu dute.
Txapelketa martxan jartzeko, gutxienez zortzi talde behar dituzte. Talde bakoitzak 10 eta 12 jokalari artean izan behar ditu; taldeak, mixtoak, alegia, neskaz eta mutilez osatutakoak, eta ikastetxe ezberdinetako ikasleen artean osatutakoak ere izan daitezke. Partaideek 2001 eta 2002 urteen artean jaiotakoak izan behar dute. Partidak igande arratsaldeetan jokatuko dituzte, La Salle ikastetxeko patioan. Txapelketaren finala, Beasaingo jaien barruan jokatuko lukete, nagusien txapelketako finalaren aurretik.
Izena emateko orriak
Lehiaketa horretan parte hartu nahi duten taldeek, identifikazio orria bete beharko dute. Horrekin batera, taldekide bakoitzaren NANaren kopia eta gurasoen baimena ekarri beharko dute. Talde bakoitzak, 50 euroko diru sarrera eman beharko du.
Izena emateko orri horiek, martxoaren 10 eta 11 artean aurkeztu beharko dira, nagusien areto futbol txapelketako partidetan, La Sallen edo Antzizar kiroldegian. Informazio gehiago nahi duenak, beasainfutbolaretoa@gmail.com helbidera idatz dezake.












