Zero Zaborri «tranpa egitea» egotzi dio PSEk, eta eztabaida eskatu du
Iñaki Dubreuil Ordiziako PSE-EEko zinegotziak Zero Zabor taldeari «tranpa egitea» egotzi dio, eta zaborraren kudeaketaren inguruan eztabaida «argi, garden eta leiala» irekitzeko deia egin du. Egunkari honek joan den astean kaleratu zuen albiste ba...
Iñaki Dubreuil Ordiziako PSE-EEko zinegotziak Zero Zabor taldeari «tranpa egitea» egotzi dio, eta zaborraren kudeaketaren inguruan eztabaida «argi, garden eta leiala» irekitzeko deia egin du. Egunkari honek joan den astean kaleratu zuen albiste bat Zero Zabor taldeak zaborraren kudeaketaz duen iritziari buruz, eta erantzun gisa egin ditu adierazpen horiek zinegotzi sozialistak.
Dubreuilen iritziz, Zero Zabor taldeak errealitatea «desitxuratzen» du zaborraren %80 birzikla daitekeela esatean. «Hori burugabekeria bat da». Haren esanetan, gipuzkoar bakoitzak 1.600 gramo zabor sortzen ditu egunean, eta Gipuzkoan 400.000 tona zabor sortzen dira urtean. «Birziklatze tasa %43,31koa da, eta kontuan hartu behar dugu Gipuzkoa dela gehientsuen birziklatzen den herrialdeetako bat».
Herritarrei galdetzeko deia
Dubreuilen arabera, atez ateko sistemarekin zaborrik ez dela egongo dioena «gezurretan» ari da, «edo bestela Gipuzkoa zabortegiz bete nahi dela ezkutatzen du». Zero Zaborren mezuak herritarrak «izutzea» helburu duela uste du, haien osasunari erreferentzia eginez. «Errefusaren balorizazio energetikoa lortzeko dagoen teknologiak eragin gutxiago du ingurumenean eta kliman zabortegiek eta zaborra birziklatzeko zenbait prozesuk baino».
Herritarrei kontsulta egiteko deia egin du: «Zergatik ez diote herritarrei galdetzen atez atekoa nahi duten ala ez?». Hernanin ez zutela halakorik egin gehitu du.












