AHTaren lanak hasi dituzte Goierri garaian; orain arteko tunelik luzeena egingo dute
Eusko Jaurlaritzak, AHTaren lanak hasitzat eman zituen Goierrin 2008. urteko apirilean. Itsasondo-Beasain zatiarekin ekin zieten lanei. Egunotan, zati hori eta jarraian doan Beasain-Ekialdeko tartearen lanak bukatutzat eman dituzte, eta hasitzat eman dute hurrengo zatia: Ezkio-Itsasotik Zumarraga igaroz Antzuolaraino iritsiko dena. AHTaren lanetarako Goierri behean tunelak eta biaduktoak nagusitu dira. Goierri garaian ere, horiek izango dira azpiegitura nagusiak. Are gehiago, orain artean AHTaren lanetan eraikitako tunelik luzeena egingo dute Zumarraga azpian, 5,3 kilometrokoa.
Gipuzkoako zatiaren eraikuntzaren eskuduntza Eusko Jaurlaritzarena da. Eusko Trenbide Sarea (ETS) erakundeak hartu du lanen ardura. Bizkaiko eta Arabako lanak Espainiako Sustapen Ministerioaren esku daude. Jaurlaritzak 350 milioi euro gastatuko ditu aurten AHTaren lanetan, hala ere, Espainiako gobernuak bueltatu egingo dio inbertitutakoa.
ETStik agertu dutenez, «Euskal Y-aren Gipuzkoako adarraren eragina Zumarragan eta Ezkio-Itsason erabat ezberdina da. Zumarragako kasuan ez dira lanak nabarituko, ez eta trenaren ibilbidea etorkizunean». Zumarragako zatia herriaren azpitik eraikiko dute. Hasi dira jada, 5,3 kilometro izango dituen tunela eraikitzeko prestaketa lanak egiten, Eitzaga azpian.
Bi hodiko tunela
Tunel horrek Antzuolan hasi eta Ezkio-Itsason izango du amaiera. Zati honek 6.940 metro ditu eta Antzuolako, Urretxuko, Zumarragako eta Ezkio-Itsasoko lur-eremuak hartzen ditu. «Zati honen ezaugarri nabarmenena da azpiegitura asko dituela. Tartearen luzera osoaren %84 azpiegiturek betetzen dute», diote ETStik. Deskargako errekaren gainetik egingo duten biaduktoak 495 metro izango ditu. Zumarragako tunelak, orain arte AHTaren ibilbidean egindako luzeenak, bi hodi izango ditu.
ETStik diotenez, «obraren neurria, proiektuaren konplexutasuna eta aurrekontua handiak izanik, lanak bi zatitan banatu ditugu: mendebaldeko zatia eta ekialdekoa». Antzuola-Ezkio-Itsaso Ekialdea izena jarri diote tarte bati. Zati horrek 3,4 kilometro ditu. «Irudizko lerro bat egingo bagenu, zati horrek Urretxu eta Ezkio-Itsaso arteko eremua hartuko luke», adierazi dute ETSko iturriek. Lanek 125,7 milioi euroko aurrekontua dute eta amaitzeko epea 60 hilabetekoa da.
Ezkio-Itsasoko zatia
Ezkio-Itsasoko zatiaren lehenengo harria jarri zuen aurreko astean Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako garraio sailburuak. Lanak 28 hilabeteko epean amaituko dituzte eta 56,4 milioi euroko aurrekontua dute. Zati hau Antzuola-Ezkio ekialdea zatiarekin lotuko dute. Bidearen zati honen ezaugarri nagusia da, tunelik ez duen «Euskal Y-aren zati bakarrenetakoa dela», azaldu dute ETStik. Proiektuak hiru zubibide hartuko ditu: Santa Lutzi (400 metro), Zabalegi (272 metro) eta Errazti (223 metro). Ezkio-Itsason eraikiko duten geltokia zati honetatik kanpo dago.
«Ezkio-Itsason eraikiko duten geltokiak Goierriri zerbitzua emango dio. Nafarroarekin eta Mediterraneoko lurraldeekin egingo duten lotunea bertatik abiatuko da», adierazi dute Eusko Trenbide Sareko iturriek.
Goierriko ibilbidea osatzeko geratzen den zatia Beasain eta Ezkio-Itsaso lotuko dituena da. Tarte honek Ezkio-Itsaso, Ormaiztegi eta Beasain herrietako lur-eremuak hartzen ditu. Ibilbideak 2.533 metro luze ditu, eta horietatik 2.284 metro tunel barruan doaz: Atsuaingo tunela eta Sorozarretako tunela.
Atsuaingo tunela 585 metrokoa da, horietatik 107 tunel faltsuan doaz. Sorozarretakoa luzeagoa izango da, 1.746 metro luzekoa. Ibilbidearen zati honek 69 metroko Jauregiko biaduktoa hartuko du. Kanpotik 180 metro egingo ditu AHTak tarte honetan. Aurrekontua 57,8 milioikoa da, lanen epea 30 hilabetekoa da.
Amaitu dituzte Ordizia-Itsasondo eta Beasain- Ekialdeko tunelak
Eusko Jaurlaritzak dauka AHTaren lanen eskuduntza Gipuzkoako zatietan. Bukatutzat eman dituzte Ordizia-Itsasondo zatiko lan zibilak, baita Beasain- Ekialdea zatikoa ere.
Itsasondo eta Ordizia arteko zatiko 2,8 kilometroko tunela bukatutzat eman dute. Tarte horri lotuta dator Beasain-Ekialdea atala. Mariaratzeko zubibideak lotzen ditu biak; 106 metroko luzera duen biaduktoa da. Beasaineko zatian 2 kilometroko tunela dago; hau ere, bukatutzat eman du Jaurlaritzak. Tunel honek 2 kilometroko luzera du. Hurrengo zatiarekin lotunea egiten du Usurbeko zubibideak, 60 metroko luzerarekin.
Goierritik doazen bi zati hauetan Adifek (Espainiako trenbide sareen azpiegituren administraria) eman beharko du hurrengo urratsa. Adifek trebesak, errailak eta bidearen elektrifikazioa egingo du.













