
Goierrin gehiengoa duen zortzi herrietan atez ateko sistema jarri nahi duela iragarri du Bilduk. Datorren urtean, udaberrian, jarri nahi dute zaborren bilketarako atez ateko sistema, eta bihartik aurrera hasiko dira gaia udalbatzarretara eramaten. Legorreta izango da gaia landuko duen lehen herria, bihar, 19:00etan egingo duten udalbatzarrean. Goierriko gainerako zazpi herriak Segura, Legazpi, Ormaiztegi, Lazkao, Zaldibia, Ataun eta Ordizia izango dira. Zalbidian apirilean landuko dute gaia, eta Ordizian ekainean. Gainerako herrietan udalbatzarrak noiz egingo dituzten zehaztuko dutela adierazi dute Bildutik.
Gaur egun Gipuzkoako lau herritan dago atez atekoa –Usurbil, Hernani, Oiartzun eta Antzuola–, eta Goierrikoak zein Gipuzkoako beste hainbat herritakoak batuta, guztira, beste 34 herritan hasi nahi du Bilduk atez ateko sistema erabiltzen. Goizean Donostian koalizioko hainbat alkatek (horien artean zeuden Eluska Gerriko Segurako alkatea, Azeari Andonegi Lazkaoko alkatea eta Sasieta Mankomunitateko lehendakaria, Bakartxo Mendez Legorretako alkatea eta Rosa Mari Urkia Ormaiztegiko alkatea) egin duten agerraldian adierazi dutenez, orain arte sistemak emaitza oso onak eman dituela eta gustura daudela lortutakoarekin. “Beste sistemarekin %25 birziklatzen da eta atez atekoarekin %90. Zaborra kontrolik gabe sortu izan dugu eta atez atekoa da gaurko sistemaren alternatiba bakarra”.