Lazkaon danbor hotsek mende laurdena
Hogeita bost urte beteko ditu Lazkaoko jaietan haur danborradak aurtengo jaietan. 1987ko apirilaren 26an, San Prudentzio aurrean ospatu zen lehenbiziko aldiz, eta ordutik hutsik egin gabe errepikatu da urtero. Urteurrena gogoratzeko, argazki erakusketa prestatzen ari dira antolatzaileak, eta herritarren laguntza eskatu dute, bilketarako. Haurren artean «ilusio handiz» eta lazkaotar guztiengan «ikusmin askorekin» egin zen lehen saioa, orduko argitarapenetan azaltzen denez. «Egun bikaina egin zuen, eguzkitsua, eta mundu guztiak gozatu zuen. Danborrada kantinerek, oinez eta zaldiz, agintariek, ertzainek, musika bandak eta sukaldarien eta ponpoxoen taldeek osatu zuten. Multzoa ixten, umez betetako karroza, txistu eta danbor erraldoiak zituela», jarraitzen du kronikak. Garaiak asko aldatu diren, oinarrian izaera bertsuarekin jarraitzen du haurren danborradak, festetako igande arratsaldean. Duela bi urte beste ernemuin bat ere eman zuen; helduen desfilea antolatzen hasi baitziren. Igarotako hogeita bost urteak gogoratzeko, argazkiak jaso nahi dituzte antolatzaileek. Udaletxera eraman ditzakete herritarrek, erakusketa bukatu ondoren atzera jasotzeko hitzarekin. Mario Aragon lazkaotarra ari da erakusketa atontzen. Danborradaren antolatzaile zereginetan 11 urte darama, eta testigantza grafiko ugari dauka denbora-tarte horretakoa. «Azken urte horiek ongi dokumentatuta daude. Helburua aurreko urteetako historia ere osatzea da. Ea denen artean lortzen dugun», dio, lazkaotarrei argazkiak utz ditzaten gonbita eginez. Erakusketa festetan Bildutako argazkiekin eta irudiekin erakusketa [...]
Hogeita bost urte beteko ditu Lazkaoko jaietan haur danborradak aurtengo jaietan. 1987ko apirilaren 26an, San Prudentzio aurrean ospatu zen lehenbiziko aldiz, eta ordutik hutsik egin gabe errepikatu da urtero. Urteurrena gogoratzeko, argazki erakusketa prestatzen ari dira antolatzaileak, eta herritarren laguntza eskatu dute, bilketarako.

Haur danborrada, iazko San Prudentzio festetan, Lazkaon. Arg.: Aimar Maiz
Haurren artean «ilusio handiz» eta lazkaotar guztiengan «ikusmin askorekin» egin zen lehen saioa, orduko argitarapenetan azaltzen denez. «Egun bikaina egin zuen, eguzkitsua, eta mundu guztiak gozatu zuen. Danborrada kantinerek, oinez eta zaldiz, agintariek, ertzainek, musika bandak eta sukaldarien eta ponpoxoen taldeek osatu zuten. Multzoa ixten, umez betetako karroza, txistu eta danbor erraldoiak zituela», jarraitzen du kronikak.
Garaiak asko aldatu diren, oinarrian izaera bertsuarekin jarraitzen du haurren danborradak, festetako igande arratsaldean. Duela bi urte beste ernemuin bat ere eman zuen; helduen desfilea antolatzen hasi baitziren.
Igarotako hogeita bost urteak gogoratzeko, argazkiak jaso nahi dituzte antolatzaileek. Udaletxera eraman ditzakete herritarrek, erakusketa bukatu ondoren atzera jasotzeko hitzarekin.
Mario Aragon lazkaotarra ari da erakusketa atontzen. Danborradaren antolatzaile zereginetan 11 urte darama, eta testigantza grafiko ugari dauka denbora-tarte horretakoa. «Azken urte horiek ongi dokumentatuta daude. Helburua aurreko urteetako historia ere osatzea da. Ea denen artean lortzen dugun», dio, lazkaotarrei argazkiak utz ditzaten gonbita eginez.
Erakusketa festetan
Bildutako argazkiekin eta irudiekin erakusketa antolatuko dute, kultur etxeko aretoan. San Prudentzio jaietan jarriko dute: «Oraindik ez dakigu astebukaera batean ala bitan egongo den, baina festetan erakutsiko ditugu, ziur», aurreratu du. Argazkiez gain, danborrak, jantziak eta desfilean erabili izan diren osagai gehiago ere ipiniko dituzte.
Herritar ugarik parte hartu du danborradan urte horietan denetan. Lehen alditik ehundik gora haur elkartu izan dira. 1987ko estreinako ekitaldi hartan, adibidez, 9 urtetik 13 urtera arteko 130 neska-mutiko irten ziren, orduan herrian ziren bi ikastetxeetakoak: San Benito ikastolakoak eta San Prudentzio ikastetxe publikokoak. Partaide kopurua erdi eta erdi banatu zuten bi eskolek.
Halako jende taldearekin ekimena aurrera eraman ahal izateko, Beasaingo eta Ordiziako danborradetako kideek ezinbesteko laguntza eman zieten lazkaotarrei hasierako urteetan, jantziak eta tresnak utzita.
Lazkao urtekarian 1988an argitaratu zutenez, lau pertsonaren ideia izan zen herriko jaietan haur danborrada ateratzearena, batez ere. Manolo Salaberria, Pello Tello, Jose Antonio Garcia eta Akilino Perez aritu ziren bultzagile, gurasoen lankidetzarekin.
Bitxikeriarako tartea ere eduki zuen lehen danborradak. Atzetik zetorren txistu-danborren karroza kale batetik pasatzeko ezinean ibili ziren, autoak ertzetan aparkatuta zeudelako. Itzuli, eta beste bide batetik jarraitu behar izan zuen; azkenean, plazan elkartu zen danbor jotzaileekin.
«1987ko apirilaren 26 hura egun ahaztezina izan zen askorentzat», kontatzen du aldizkariko erreportajeak. Orain, mende laurdena geroago, ordukoak eta geroztikoak gogoratuko dituzte, argazkien bidez bada ere. Aurretik, baina, bilketa dago egin beharra.