Badirela esateko
Goierriko emakumeek haien inguruarekin duten harremana islatzea da Maitena Salinas beasaindarrak zuzendutako ‘Gea’ dokumentalaren helburua. Datorren asteazkenean, bisurte egunean, izango da estreinaldia Ordiziako Barrenan Esanahi bikoitza biltzen du bere baitan Maitena Salinas Beiztegi (Beasain, 1980) kazetari eta aktoreak zuzendu duen Gea dokumentalak. Ordiziako Kimetz, Beasaingo Asmube eta Itsasondoko Sorgiñemak emakume elkarteetako ordezkarien lekukotzak abiapuntu hartuta, zazpi emakume goierritarren iritziak jasotzen ditu ikus-entzunezkoak, helburu jakin batekin: emakume horiek haien bizitza eremuarekiko duten harremana islatzea, modu natural eta jator batean. Elebitan sortutako dokumentala da, eta horrek eman dio bidea Salinasi izenburua aukeratzerakoan: «Goierritarrez gea erabiltzen dugu gara adierazteko; esanahi indartsua du. Aldi berean, emakumeok bistaratzeko modu bat ere bada, adierazpen bat. Horren beharrean gaudela uste dut, hemen gaudela ozen esateko beharrean, inolako beldurrik, errurik eta lotsarik gabe». Ama Lurra sinbolizatzen duen jainkosa ere bada Gea, Greziako mitologian jatorria duena. «Gure barruko boterea berreskuratzeko aldarrikapen bat da». Duela milaka urte zenbait erlijiok alde batera utzitako emakumea da Gea, eta saiatuaren saiatuaz sormen lanari berriz ekitea lortu zuen. «Bere barruan sortzen den guztiari bizia eman diezaioke. Mezu positiboa ematen du». Esperientziak trukatzea Farapi antropologia aholkularitza enpresako, eta Kimetz, Asmube eta Sorgiñemak elkarteetako ordezkariek, 2010eko udaberrian Goiekiren bitartez egindako bileretan du sorburua dokumentalak. «Emakume elkarteen [...]
Goierriko emakumeek haien inguruarekin duten harremana islatzea da Maitena Salinas beasaindarrak zuzendutako ‘Gea’ dokumentalaren helburua. Datorren asteazkenean, bisurte egunean, izango da estreinaldia Ordiziako Barrenan
Esanahi bikoitza biltzen du bere baitan Maitena Salinas Beiztegi (Beasain, 1980) kazetari eta aktoreak zuzendu duen Gea dokumentalak. Ordiziako Kimetz, Beasaingo Asmube eta Itsasondoko Sorgiñemak emakume elkarteetako ordezkarien lekukotzak abiapuntu hartuta, zazpi emakume goierritarren iritziak jasotzen ditu ikus-entzunezkoak, helburu jakin batekin: emakume horiek haien bizitza eremuarekiko duten harremana islatzea, modu natural eta jator batean.
Elebitan sortutako dokumentala da, eta horrek eman dio bidea Salinasi izenburua aukeratzerakoan: «Goierritarrez gea erabiltzen dugu gara adierazteko; esanahi indartsua du. Aldi berean, emakumeok bistaratzeko modu bat ere bada, adierazpen bat. Horren beharrean gaudela uste dut, hemen gaudela ozen esateko beharrean, inolako beldurrik, errurik eta lotsarik gabe».
Ama Lurra sinbolizatzen duen jainkosa ere bada Gea, Greziako mitologian jatorria duena. «Gure barruko boterea berreskuratzeko aldarrikapen bat da». Duela milaka urte zenbait erlijiok alde batera utzitako emakumea da Gea, eta saiatuaren saiatuaz sormen lanari berriz ekitea lortu zuen. «Bere barruan sortzen den guztiari bizia eman diezaioke. Mezu positiboa ematen du».
Esperientziak trukatzea
Farapi antropologia aholkularitza enpresako, eta Kimetz, Asmube eta Sorgiñemak elkarteetako ordezkariek, 2010eko udaberrian Goiekiren bitartez egindako bileretan du sorburua dokumentalak. «Emakume elkarteen garrantzia zabaltzeko zerbait desberdina eta eraginkorra nahi zuten». Ikus-entzunezko bat egitea erabaki zuten, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Emakunderen babesa ziurtatu ondoren.
Zazpi emakume dira dokumentalaren protagonistak, 30 eta 65 urte bitartekoak: baserritar bat, etorkin bat, gizarte langile bat, antropologo bat eta hiru emakume elkarte horietako ordezkari bana. «Bakoitzak bere esperientzia pertsonaletik hitz egiten du gai askoren inguruan: lana, amatasuna, komunikabideen egitekoa, sentimenduak, elkartasuna… Errealitatea bere osotasunean azaltzeko ahots gehiago falta dira, baina zati bat azaltzeko aukeraketa ederra egin dugu». Salinasen iritziz, dokumetala ikusten duten emakumeek haien burua islatuta ikusiko dute, «bai protagonistekin eta baita emakume horiek kontatzen dituzten esperientziekin ere».
Aske izan, askatzeko
Maitena Salinasek «aberasgarritzat» jo du dokumentala grabatzeko prozesu osoa. «Horrelako proiektu batek pertsona hobea izaten laguntzen dizu zentzu askotan. Emakume bezala ere hazi egin naizela esango nuke». Goierriko hiru emakume elkarte horiek dokumentalaren bidez ezagutu ditu, eta gizartean egiteko garrantzitsua betetzen dutela ondorioztatu du: «Orain kontzienteagoa naiz zein beharrezkoak diren emakume elkarteak gure bizitzan. Emakumeak bere burua askatu behar du lehenbizi, eta horretarako emakumeen elkarteak premiazkoak dira».
Ezagutu dituen emakumeak «zoragarriak eta eskuzabalak» iruditu zaizkio. «Beraien denbora eta bihotza eskaintzen dute, beste emakume askok bizitza hobea izan dezaten». Salinasen esanetan, horrelako pertsonak dira beharrezkoak munduan, haiei esker gizarteak hobera egiteko aukera duelako. «Emakume elkarteek kezkak, pozak, sentimenduak eta egoerak elkarbanatzeko aukera ematen diete emakumezkoei, eta horrek hobeto sentiarazten zaitu. Zuri pasatzen zaizuna besteei ere pasatzen zaiela ikusiz gero, aldaketa positibo batera irits gaitezke».
Ikusiak izateko beharra
Indarrean dagoen legedia, eskubideak, sexualitatea, amatasuna, komunikabideen eta publizitatearen egitekoa, berdintasuna eta feminismoa dira, besteak beste, Gea dokumentalak hizpide dituen gai nagusiak. Hori guztia Goierriko zazpi emakume horiek haien inguruarekin dute harremana azalduz gauzatu da. «Goierriko emakumeek gizartearekin duten harremana askatasunez bizi ezin duten harreman bat da. Ez dut epai baten moduan ulertzea nahi, gure artean desberdintasun ugari baitago».
Alargunek, esaterako, haien eskubideak ez dituztela lortzen nabarmendu du Salinasek, eta lantokietan lan bera egin arren, ez dela soldata bera jasotzen emakume ala gizon izan. «Indarkeria matxista ere hor dago, eta tamalez ohitzen hasiak garela ematen du». Sexualitatean, adibidez, nesken organu sexualak ez direla bere osotasunean jasotzen salatu du, eta amatasunaren inguruan «presio soziala» dagoela. «Emakumeari beti gehiago exijitzen zaio, bai haurdunaldian eta baita seme-alaben zaintzan ere». Eta komunikabideek eta publizitateak emakumea «menpeko irudi batean» murgiltzen dutela uste du. «Adibide asko jar daitezke; bada garaia hori guztia puskatu eta bidea egiten jarraitzeko. Gauza asko lortu da, baina oraindik asko dago egiteko, eta hori ezin dugu ahaztu».
Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna aurreko esan horiek guztiek konpondutakoan iritsiko da, Salinasen ustez. «Heziketa da gizartea osatzeko erreminta boteretsuena. Neska-mutilak rol femenino eta maskulinoetan finkatzen jarraitzen badugu, hau ez da inoiz bukatuko». Gizonak eta emakumeak «desberdinak» dira, eta elkarrengandik ikasi behar dute. «Horretarako, menpekotasun egoerak bukatu behar dira. Hala ez bada, ez dugu inoiz aske izan eta bizitzeko aukerarik izango».
Egun sinbolikoa
Gizartean, ordea, gero eta zabalduago dago gizonen eta emakumeen artean berdintasuna dagoela. «Niri, emakume bezala, iraingarria iruditzen zait». Eta feminismoaz ere aritu dira dokumentalean. Salinasen iritziz, emakumearen aukera berdintasunaren alde egiten den aldarrikapen eta borroka bat da feminismoa. «Tamalez, matxismoaren kontrakoa dela ulertarazi nahi da».
Hori guztia eta gehiago ikusteko eta entzuteko aukera izango da datorren asteazkenean Ordiziako Barrena kultur etxean, orduan estreinatuko baita Gea dokumentala, 18:00etan. Bisurte eguna da, apropos aukeratutakoa. «Egun sinbolikoa da, eta emakumeen egunerako ateak zabaltzen ditu, bere ekarpena eginez». Badirela esateko eguna da otsailaren 29a.