Atez atekoa aztertzen hasiko dira Legorretan
Legorretako Udalak atez ateko hondakin biltze sistema aztertzeko prozesua abiaraziko du. Aurtengo urtean zehar landuko dute gaia herri mailan, Gipuzkoako beste udalerri batzuetan gauzatu denari buruz informazioa emanez, batetik, eta herritarrekin eta eragileekin eztabaidatzeko batzordea eratuz, bestetik. Bildu koalizioak aurkeztutako atez atekoaren aldeko Legorretarrek arazo bat dugu hondakinekin mozioa ostegun iluntzeko osoko batzarrean onartu zuen udalbatzak, Bilduko bost zinegotzien aldeko botoekin. Legorreta Bizirik hautes elkarteko lau zinegotziek aurka bozkatu zuten, lehenengo eztabaida prozesuaren bide guztia egin behar dela eta ondoren konpromisoa hartu behar dela argudiatuta, ez alderantziz. Mozioak, bost puntuetako lehenean, dio ahalik eta hondakin gutxien sortzeko azterketa abiatuko dela, Sasieta Mankomunitatearekin batera. Hirugarren atalean, ahalik eta gehien birziklatzeko, «emaitza onenak ematen dituen hiri hondakinen bilketaren aldeko konpromisoa» hartu du, gaur egun «%80ko birziklatze maila lortzen ari den sistema bakarra atez ateko bilketa» dela zehaztuz. Herriko familien artean konpostatzearen onuren aldeko kanpaina egitea, zaborrik gabeko herria bihurtzeko urratsak egitea, eta helburu horiek gauzatzeko Sasietarekin lan-batzordea osatzea dira mozioko beste hiru atal. Bakartxo Mendez alkateak zehaztu du aurki irekiko den prozesuan eztabaidatuko direla herritarrek aurkez ditzaketen ikuspegiak. «Urte guztia daukagu lantzeko eta eztabaidatzeko. Udaletik atez ateko sistemaren aldeko apustua egin dugu, eta 2013rako jarri nahi dugu. Baina, plenoan behin eta berriz [...]
Legorretako Udalak atez ateko hondakin biltze sistema aztertzeko prozesua abiaraziko du. Aurtengo urtean zehar landuko dute gaia herri mailan, Gipuzkoako beste udalerri batzuetan gauzatu denari buruz informazioa emanez, batetik, eta herritarrekin eta eragileekin eztabaidatzeko batzordea eratuz, bestetik.
Bildu koalizioak aurkeztutako atez atekoaren aldeko Legorretarrek arazo bat dugu hondakinekin mozioa ostegun iluntzeko osoko batzarrean onartu zuen udalbatzak, Bilduko bost zinegotzien aldeko botoekin. Legorreta Bizirik hautes elkarteko lau zinegotziek aurka bozkatu zuten, lehenengo eztabaida prozesuaren bide guztia egin behar dela eta ondoren konpromisoa hartu behar dela argudiatuta, ez alderantziz.
Mozioak, bost puntuetako lehenean, dio ahalik eta hondakin gutxien sortzeko azterketa abiatuko dela, Sasieta Mankomunitatearekin batera. Hirugarren atalean, ahalik eta gehien birziklatzeko, «emaitza onenak ematen dituen hiri hondakinen bilketaren aldeko konpromisoa» hartu du, gaur egun «%80ko birziklatze maila lortzen ari den sistema bakarra atez ateko bilketa» dela zehaztuz.
Herriko familien artean konpostatzearen onuren aldeko kanpaina egitea, zaborrik gabeko herria bihurtzeko urratsak egitea, eta helburu horiek gauzatzeko Sasietarekin lan-batzordea osatzea dira mozioko beste hiru atal.
Bakartxo Mendez alkateak zehaztu du aurki irekiko den prozesuan eztabaidatuko direla herritarrek aurkez ditzaketen ikuspegiak. «Urte guztia daukagu lantzeko eta eztabaidatzeko. Udaletik atez ateko sistemaren aldeko apustua egin dugu, eta 2013rako jarri nahi dugu. Baina, plenoan behin eta berriz esan genuen bezala, ikusten badugu ez dela bideragarria edo bidean beste aukera bat sortzen dela, inongo arazorik ez dugu horiek aztertzeko eta aurrera eramateko».
Hitzaldien ondoren batzordea
Batzorde irekia sortuko du udalak gaiari buruz jarduteko. Informazio hitzaldiak antolatuko dituzte, lehenengo, «aste pare baten buruan». Zero Zabor taldearen ekarpenak entzun ahalko dira, adibidez. Ondoren, batzordea zabalduko dute, «hitz egiteko eta pausoak emateko». «Daukagun arazoa zein den informatu nahi dugu aurrena, eta irtenbideak zeintzuk diren azaldu. Zergatik hartu dugun pauso hau emateko erabakia, eta zergatik egiten dugun atez atekoaren alde».
Behin eztabaidatu ondoren, Usurbilen eta Hernanin burutu zuten prozesuaren pauso berdinak eman nahiko lituzke udalak. «Oraindik ez dakigu zehatz zein izango diren pauso guztiak. Harremanetan gaude, eta pentsatzen dugu bide berean jartzea».
Prozesua irekitzeak, hala ere, ez du esan nahi atez atekoaren sistemaren ezarpena dagoeneko egikaritu denik. «Herritarrek esan nahi duten guztia jaso nahi dugu, parte-hartzea ireki dugu. Jartzen baldin badugu ere, denon iritzia jaso ondoren jarriko da. Atez atekoaren barruan ere mila era daude: nola jaso, zein egunetan, nola egin… Hori denon artean erabaki beharko da, eta denon gustukoa edo behintzat ahalik eta adostasun handienarekin izan behar du».
Birziklatze tasa altxatu
Udalbatzarraren biharamunean, ostiralean, udalak bando bidez jakinarazi zien legorretarrei erabakiaren berri. «Ez gara konformatuko gaika %25 biltzen, %80tik gora lor dezakegunean», dio oharrak. Tasa hori berma lezakeen «sistema bakarra» atez atekoa dela baieztatu du. Bilketa berria martxan jarri bitartean «lan asko» dago, eta nabarmendu du eztabaida «denon artean» egingo dela, eta erabakiak «elkarrekin» hartuko direla, «patxadaz, presarik gabe, arduraz, baina irmo».
Helburua Legorreta osasungarriagoa eta hobea sortzea dela gaineratu du. Bihar Segurako Udalbatzak landuko du mozioa; martxoan Legazpin, Ormaiztegin eta Lazkaon aurkeztu dute.