Jon Erguinek bigarren egin du Europako Kopako proban
Asteburuan Europako Neguko Triatloi Kopako proba jokatu dute Alemaniako Oberstaufen hirian, eta Jon Erguinek bigarren bukatu du. Emaitzarekin “oso gustura” agertu da Erguin; batetik, nazioarte mailan lortu duen aurreneko domina delako, eta ...
Asteburuan Europako Neguko Triatloi Kopako proba jokatu dute Alemaniako Oberstaufen hirian, eta Jon Erguinek bigarren bukatu du. Emaitzarekin “oso gustura” agertu da Erguin; batetik, nazioarte mailan lortu duen aurreneko domina delako, eta bestetik, bere burua “hor aurrean eta bukaerara arte lehian sartuta” ikusi duelako. Daniel Antoniolo italiarrak lortu zuen garaipena, eta 18 segundoko aldea atera zion beasaindarrari; hirugarren egin zuen Alberto Comazziri berriz, 3 segundo eskaseko aldea atera zion Erguinek. Hori ikusita, “proba oso estua” izan zela azaldu du.
Oberstaufeneko probak 26 kilometro zituen guztira; horietatik 6 korrika egin behar zituzten, 12 mendiko bizikletan eta 8 eski gainean. Erguinen denbora, 01:01:50ekoa izan zen, Antoniolo irabazlearena baino 19 segundo gehiago.
Ansoko triatloia
Asteburukoa ez da Jon Erguinek azken asteetan egin duen lorpen bakarra. Izan ere, hilaren 19an, Aragoiko (Espainia) Ansó herrian jokatu zen neguko triatloia irabazi zuen Erguinek. Trigoi taldeko atletak 1.47.22ko denbora egin zuen; beste askotan bezala, eski gainean egindakoa izan zen partzialik onena.