Roland Holke onena Gabirian
Roland Holke gidari beterano donostiarrak irabazi du Gabiriako XIV. Rallyesprinta. Euripean jokatu zen, herenegun arratsaldean, bigarren aldiz Legazpi-Gabiria norantzan. Hiru erlojupekoetan erregulartasun erabatekoa erakutsi zuen Holkek, Mitsubishi Lancer IX ahaltsuarekin eta Aintzane Goñi gidari-ondokoa lagun. Hogei urteren ondoren, iaz itzuli zen Holke lehiaketara, Gabirian hain justu. Igandean, zortea lagun, gidari gutxik dezaketena egin zuen: zati bakoitza denbora berean iltzatu, hiru zatietatik bitan garaitu —lehenean Zapirain izan zen azkarrena—, eta goitik bukatu lasterketa. 4:40.6, 4:40.4 eta atzera 4:40.60 minutuan geratu zuen kronometroa 6,65 kilometroko zatietako bakoitzean. Lortu ez zuen bakarra zatiko errekorra ontzea, iaz Ander Vilariñok ezarria bigarren pasaeran (4:27.6). Txapeldunorde Joseba Zapirain eta debuta egin zuen Ane Zapirain aita-alabak sailkatu ziren, Peugeot 206 WRCarekin, aurten probako world rallye car bakarra. Lidertzan jarri ziren, 4:38.8rekin, baina 9 eta 8 segundo galdu zituzten hurrengo pasaeretan Holkerekiko. David Ardions, gainera, jokoz kanpo geratu zen berehala, lehen ekinaren ondoren bigarren sailkatuta zegoela (4.39.9). Podiumera seigarren aldiz igo da Zapirain, 2003an, 2005ean eta 2010ean bigarren eta 2009an eta iaz hirugarren baitzen. Podiumeko hirugarren koska Joxe Labaka-Aitor Otaegik hartu dute. Iaz txapeldunorde geratu ziren Gabirian, baina urte bukaeran euskal rallyetako txapeldun izan ziren azpeitiarrak. Euriak baldintzatuta Lehen zatiaren erditik aurrera ia etenik gabe bota zuen euriak [...]
Roland Holke gidari beterano donostiarrak irabazi du Gabiriako XIV. Rallyesprinta. Euripean jokatu zen, herenegun arratsaldean, bigarren aldiz Legazpi-Gabiria norantzan. Hiru erlojupekoetan erregulartasun erabatekoa erakutsi zuen Holkek, Mitsubishi Lancer IX ahaltsuarekin eta Aintzane Goñi gidari-ondokoa lagun.
Hogei urteren ondoren, iaz itzuli zen Holke lehiaketara, Gabirian hain justu. Igandean, zortea lagun, gidari gutxik dezaketena egin zuen: zati bakoitza denbora berean iltzatu, hiru zatietatik bitan garaitu —lehenean Zapirain izan zen azkarrena—, eta goitik bukatu lasterketa. 4:40.6, 4:40.4 eta atzera 4:40.60 minutuan geratu zuen kronometroa 6,65 kilometroko zatietako bakoitzean. Lortu ez zuen bakarra zatiko errekorra ontzea, iaz Ander Vilariñok ezarria bigarren pasaeran (4:27.6).
Txapeldunorde Joseba Zapirain eta debuta egin zuen Ane Zapirain aita-alabak sailkatu ziren, Peugeot 206 WRCarekin, aurten probako world rallye car bakarra. Lidertzan jarri ziren, 4:38.8rekin, baina 9 eta 8 segundo galdu zituzten hurrengo pasaeretan Holkerekiko. David Ardions, gainera, jokoz kanpo geratu zen berehala, lehen ekinaren ondoren bigarren sailkatuta zegoela (4.39.9). Podiumera seigarren aldiz igo da Zapirain, 2003an, 2005ean eta 2010ean bigarren eta 2009an eta iaz hirugarren baitzen.
Podiumeko hirugarren koska Joxe Labaka-Aitor Otaegik hartu dute. Iaz txapeldunorde geratu ziren Gabirian, baina urte bukaeran euskal rallyetako txapeldun izan ziren azpeitiarrak.
Euriak baldintzatuta
Lehen zatiaren erditik aurrera ia etenik gabe bota zuen euriak asko lausotu zuen rallyesprintaren joana. Taldeek nozitu zuten eguraldiaren erasana.
Azkenean 54 autok parte hartu zuten (60 zeuden izena emanda), eta 41ek bukatu. Istripuengatik sei taldek utzi behar izan zuten lehia, beste seik matxurengatik. Ezbehar ikusgarriena txapeldunaren seme Lucas Holkerena izan zen, itzulipurdia egin baitzuten Peugeot 206 XS estreinatu berriarekin. Eguna aparteko kalterik gabe agortu zen.
Goierritarren artean, Iñaki Sarasola-Aritz Usabiaga ordiziarrek (Saxo VTS) 4. bukatu zuten orokorrean, eta 4 multzoko garaile. Igor Izagirre-Jon Ander Pericacho urretxuarrek, Maikel Iriarte-Jon Lonbide legazpiarrek eta Ibon Arregi beasaindarrak eta Borja Gereñu segurarrak ere lan bikaina osatu zuten. Gazte onena Iriarte izan zen, eta bigarrena Arregi.
Sailkapenak
Orokorra
1. Roland Holke-Aintzane Goñi (Mitsubishi Lancer IX) 14:01.6
2. Joseba Zapirain-Ane Zapirain (Peugeot 206WRC) 14.9ra
3. Joxe Labaka-Aitor Otaegi (Mitsubishi Lancer V) 15.4ra
4. Iñaki Sarasola-Aritz Usabiaga (Renault Clio Sport) 44.9ra
5. Ander Barainka-Axier Korta (Peugeot 106 S16) 45.4ra
6. Igor Izagirre-Jon Ander Pericacho (Citroen Saxo VTS) 58.5era
7. Maikel Iriarte-Jon Lonbide (Citroen Saxo VTS) 1:00.7ra
8. Ibon Arregi-Borja Gereñu (Citroen Saxo VTS) 1:02.4ra
9. Ander Arana-Arkaitz Kobeaga (Peugeot 309 GTI 16v) 1:03.4ra
10.Gustavo San Juan-Rafa Mazariegos (Renault Clio Sport) 1:09.4ra
Formula librea (10 multzoa)
1. Gorka Antxustegi-Xabat Urresti (Peugeot 205 Rallye) 20.3ra
2. Txus Jaio-Jesus Urkidi (325i) 20.3ra
3. Esteban Ibarrola-Egoitz Odriozola (Seat IbizaTDI) 47.3ra
Multzoka sarituak
1 klasea: J. Aldaz-I. Azkargorta
2: A. Barainka-A. Korta
3: A. Arana-A. Kobeaga
4: I. Sarasola-A. Usabiaga
5: J. Labaka-A. Otaegi
6: R. Holke-A. Goñi
10: G. Antxustegi-Xabat Urresti
1. gaztea: Maikel Iriarte












