Herrigunea hartuko du bihar eskolarteko txirrindulari probak
Eskolarteko txirrindulari proba jokatuko dute bihar Beasainen. Herrigunean antolatu duten 800 metroko zirkuituan bueltaka ariko dira gaztetxoak, arratsalde partean. Gipuzkoako hainbat klubetako kideak etorriko dira, guztira 40 txirrindulari inguru. Loi...
Eskolarteko txirrindulari proba jokatuko dute bihar Beasainen. Herrigunean antolatu duten 800 metroko zirkuituan bueltaka ariko dira gaztetxoak, arratsalde partean. Gipuzkoako hainbat klubetako kideak etorriko dira, guztira 40 txirrindulari inguru. Loinatz Txirrindulari Elkarteak urtean zehar antolatzen dituen probetan lehena izango da biharkoa.
Loinatz elkarteko Iñigo Arangurenek ezaldu duenez, «eskolarteko proba izanda, oso zirkuitu erraza» antolatu dute, Beasaingo herrigunean. Tren geltokitik hasi eta Nafarroa etorbidea pasako dute; Ibañez parean buelta hartu eta Joan Iturralde kaletik atzera geltokiraino itzuliko dira, 800 metroko zirkuitua osatuz.
Probak 16:30ean hasiko dira, eta mailaka banatuta jokatuko dituzte. Aurrena, haurren mailakoek 10 itzuli emango dizkiote zirkuituari, 8 kilometroko ibilbidea osatuz. Benjaminek berriz, 2 itzuli egingo dituzte, eta kimuen mailakoek, 5 itzuli. Azken proba, itzuli bakarrekoa eta erlojupekoa izango da, haurren mailan.
Usurbe proba, hilaren 24an
Loinatz Txirrindulari Elkartearen urteko egitarauan, martxoaren 24a da hurrengo data esanguratsua. Izan ere, egun horretan jokatuko dute kadete mailako XXX. Usurbe proba, Mikel Etxeberria zenaren omenez egiten dutena.