Herri ekimeneko euskarazko hedabideek sektorearen diagnostiko eta erronka komunak aurkeztu dituzte, Andoainen
2011n elkarrekin hasitako bideari segituz, herri ekimenez sortutako 48 euskarazko hedabidek agerraldi bateratua egin dute Andoainen, sektorearen diagnosia eta erronka komunak identifikatzen dituen dokumentua sinatu eta jendaurrean aurkezteko. Bertan izan dira Goierriko Hedabideak-eko ordezkariak ere.
Zentzu hertsian publikoak ez izan arren, funtzio sozial «agerikoa» dutela gogorarazi dute euskarazko hedabideen ordezkariek gaur eguerdian Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean, «bai euskararen garapenean dugun zeregin funtsezkoagatik, bai euskal hiztunen komunitatearen baitan komunikazioa lantzeak eta jorratzeak suposatzen duenagatik». Azken 25 urteetan, batez ere hezkuntza dela eta, euskararen ezagutzaren eremuan urrats «handia» eman dela aipatu dute. Erabileran, aldiz, hizkuntzaren osasuna adierazten duen «neurgailurik zehatzenean», zailtasun handiak daude beraien iritziz. «Eta gurea bezalako gizarte moderno batean nekez egingo dira urratsak hedabide sare indartsurik ezean».
Aurrera begirako erronkak
Informazio eta Komunikazio Teknologien hedapenak krisi «sakona» ekarri du mundu osoan komunikazioaren sektorera, eta euskarazko komunikabideen ustez 2008az geroztik sortutako krisi ekonomikoak aurrekoa areagotu besterik ez du egin. Testuinguru «zail horretan» etorkizunari buruzko gogoeta estrategikoa elkarrekin egiteko ahalegina azpimarratu dute. Elkarlan horren emaitza hedabideek gaur sinatu duten dokumentua da. Agiriak sektorearen gaur egungo argazki zehatza aurkezten du eta, horretan oinarrituta, aurrera begirako erronka nagusiak proposatzen ditu. Beraien ustez negozio eredua eta lan baldintzak kontutan hartu “beharrekoak” dira. Atzera ez geratzeko euskarazko hedabideek ekoizten dituzten produktuen kaliatea eta kudeaketa hobetu egin behar dute, eta hausnarketa, ikerketa eta elkarlana “funtsezkoak” dira egoera zailei aurre egiteko. Bestalde, beraien ustez “beharrezkoa” da erakundeek laguntza politika egokitzea eta sektorearen inbertsioak eta garapena sustatzea.
Herri ekimeneko euskarazko hedabideen ustez «garaia da» erronka horiei «sendotasunez» heltzeko, eta beste molde eta bide batzuk jorratzeko, irudimena lantzea eta elkarlana bultzatzea, hedabideen artean, zein erakunde publikoekin eta jendartearekin berarekin ere.
Bide baten hasiera
Hala, gaur aurkeztutako lana, bide baten amaiera baino, bide luze baten hasiera dela azpimarratu dute hedabideen bozeramaleek.
Bestalde, sektore hori eguneratzeko, gogoeta egin nahi dute herri ekimeneko euskarazko hedabideek, erabiltzaileekin, eragileekin eta administrazioekin batera. Horregatik, gaur sinatutako dokumentua hartarako prestutasuna agertu duten erakundeetan aurkeztuko dute hedabideek, gogoetarako oinarri «baliotsua» izan daitekeelakoan. Erakundeei, bide horretatik, hausnarketa mahai bateratua eratzeko deia egin diete.