Goierriko hamar alkatek «ziztada» eman diote euskarazko prentsari
Goierriko hamar alkatek atxikimendua adierazi diote gaur Berrialagunak egiteko Zure ziztada behar dugu kanpainari. Ataun, Beasain, Ordizia, Lazkao, Legazpi, Urretxu, Ormaiztegi, Segura eta Gaintzako alkateak eta Mutiloako zinegotzi bat bildu ziren atzo, Beasaingo Igartza jauregian egindako ekitaldian. Euskarazko prentsak «ahalegin hau eta gehiago» merezi duela azaldu dute, eta goierritarrei ziztada emateko deia egin diete. Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak esker ona agertu zien ekimena babestu duten alkateei, eta Berria Taldeak, Berria egunkariaz gain, Goierriko Hitza egunkaria eta sortu berria den GoiBerri aldizkaria argitaratzen dituela gogorarazi zuen. Euskarazko prentsak garai zailak bizi dituela esan zuen Otamendik. Orokorrean komunikabideen kontsumoa jaitsi egin da, baina «kalterik handiena publizitatearen jaitsiera» izan dela azaldu zuen, «azken bi urteetan milioi eta erdi euro gutxiago» fakturatu baititu Berria Taldeak. Hala, «etorkizuna bermatzeko» abiarazi duten ekimen honen helburua talde bat sortzea dela esan zuen, «gurekin batera komunikazio proiektu hau aurrera aterako duena». Hori da, hain zuzen ere, Zure ziztada behar dugu kanpainarekin lortu nahi dutena. Helburua, diru ekarpen bat egingo duten 5.000 Berrialagun lortzea da. Babesa emateak, ordea, «ez du dirua ematea bakarrik» esan nahi, Berrialagunak hainbat gauza jasoko baititu trukean. Batetik, Berria egunkaria PDF formatoan irakurtzeko aukera izango du. Berria Taldearen inguruko informazioa jasoko du, eta hainbat promoziotan parte hartzeko aukera ere izango du. Alkateen [...]
Goierriko hamar alkatek atxikimendua adierazi diote gaur Berrialagunak egiteko Zure ziztada behar dugu kanpainari. Ataun, Beasain, Ordizia, Lazkao, Legazpi, Urretxu, Ormaiztegi, Segura eta Gaintzako alkateak eta Mutiloako zinegotzi bat bildu ziren atzo, Beasaingo Igartza jauregian egindako ekitaldian. Euskarazko prentsak «ahalegin hau eta gehiago» merezi duela azaldu dute, eta goierritarrei ziztada emateko deia egin diete.
Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak esker ona agertu zien ekimena babestu duten alkateei, eta Berria Taldeak, Berria egunkariaz gain, Goierriko Hitza egunkaria eta sortu berria den GoiBerri aldizkaria argitaratzen dituela gogorarazi zuen. Euskarazko prentsak garai zailak bizi dituela esan zuen Otamendik. Orokorrean komunikabideen kontsumoa jaitsi egin da, baina «kalterik handiena publizitatearen jaitsiera» izan dela azaldu zuen, «azken bi urteetan milioi eta erdi euro gutxiago» fakturatu baititu Berria Taldeak.
Hala, «etorkizuna bermatzeko» abiarazi duten ekimen honen helburua talde bat sortzea dela esan zuen, «gurekin batera komunikazio proiektu hau aurrera aterako duena». Hori da, hain zuzen ere, Zure ziztada behar dugu kanpainarekin lortu nahi dutena. Helburua, diru ekarpen bat egingo duten 5.000 Berrialagun lortzea da. Babesa emateak, ordea, «ez du dirua ematea bakarrik» esan nahi, Berrialagunak hainbat gauza jasoko baititu trukean. Batetik, Berria egunkaria PDF formatoan irakurtzeko aukera izango du. Berria Taldearen inguruko informazioa jasoko du, eta hainbat promoziotan parte hartzeko aukera ere izango du.
Alkateen babesa
Ekimena babestu duten alkateen izenean, Igor Egurenek hartu zuen hitza. Euskarak duen garrantzia ikusita, «euskarazko komunikabideak mantentzea eta laguntzea ezinbestekoa» dela esan zuen. Norbanako moduan hartu duten konpromisoa «pauso txiki bat» bada ere, «lagun badezake euskarazko komunikabideak indartzen eta haien etorkizuna bermatzen, beste pauso bat» izango dela esan zuen.
Prentsa aurreko agerraldiaren ondoren, Azeari Andonegi Lazkaoko alkateak, «gure herriaren izaera euskalduna» dela eta euskarazko komunikabideak laguntzea garrantzitsua dela azaldu zuen, «etorkizunak euskalduna izan behar duelako». Oihane Zabaleta Urretxuko alkateak ere, «euskal hiztunon komunitatea indartu» behar dela uste du, eta horretarako, euskarazko komunikabideak lagundu behar direla, «krisialdi garaietan inoiz baino gehiago». Eluska Gerriko Segurako alkateak, berriz, Berriak egiten duen lana «ikaragarria» dela eta «behar duen bultzada» eman behar zaiola esan zuen.
Gaur bilera eta 22an hitzaldia
Berrialaguna ekimenaren barruan, eskualdeko sarea eta ekimenak antolatzeko bilerak egiten ari dira. Gaur iluntzean izango da hurrengo batzarra, 19:30ean, Beasaingo AEKren bulegoan. Gaur zortzi, berriz, Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendariak hitzaldia egingo du, 19:30ean, udaletxeko batzar aretoan.













