Giro ederrean ospatu dira 500. urteurreneko ekitaldiak
Giro bikainean ospatu ziren atzo Ordizian azokaren 500. urteurrenaren harira antolatutako ekitaldiak. Ordiziako Txistularien goizeresiak esnatu zuen herria, eta 11:00ak aldera D’elikatuzen elkartu ziren agintariak eta azokako baserritar eta saltzaileak. Eusko Jaurlaritzak Inagrosalute proiektua aurkeztu zuen, eta Kimetz elkarteak Gaur zortzi azokan emakume baserritarren omenez egindako dokumentala.
Lau paretetatik kalera atera zituzten ondorengo ekitaldiak. Txistulariak aurretik zituztela, azokako saltzaileak eta agintariak segizioan joan ziren Plaza Nagusira. Han egin zieten omenaldi-ekitaldia baserritarrei. Iñaki Murua bertsolari gabiriarrak bertsoa kantatu ondoren, saltzaile guztien izenak banan-banan esan, eta Muruaren bertsoa jasotzen zuen oroigarri bana eman zieten. Oholtzatik jaitsi eta eserlekuetan eseri ziren berriz, Beti-Argi musika bandaren kontzertua aditzera. Emanaldiaren bukaeran Ordiziako Martxa jo zuten upel eta danbor-jotzaileek. Batzuk poteatzera jo zuten bitartean, omenduak Beti-Alai pilotalekura joan ziren, han baitzuten bazkaria. 360 lagun elkartu ziren mahairen bueltan.
500 plaza osatuta
Frontoia gainezka zela, Emaneurre Realaren lagun arteko kideak 500 urte, 500 plaza baietz! erronka prestatzen hasi ziren plazako eskaileretan. Helburua argi zen: plazako perimetroaren 153 metroei 500 itzuli ematea, sei orduan 76,5 kilometro osatzeko. 14:30ak aldera hasi ziren aurreneko lagunak korrika, eta 20:15erako amaitu zen. Ehunka lagunek parte hartu zuten, eta uneren batean jende gehiegi ere aritu zen korrika, umeak batez ere. Azkeneko itzulia Pepita Arizmendi gazta saltzaileak egin zuen, haren bi alabak eta biloba batek lagunduta. Jendea korrika zebilen bitartean, Plaza Nagusian 4 eta 9 urte bitarteko umeentzat jolas bitxiak egon ziren, eta Beti Alai pilotalekuaren kanpoaldean, kirol kooperatiboak.
Korrika erronka bukatzear zela itzali zituzten plaza eta haren inguruko argiak, orain 500 urte Ordizia erre zuen sutea gogoratzeko. Herritarrek lastargiak piztu zituzten, eta udaletxean proiektatu zuten bideo emanaldi xume batekin eman zioten amaiera egunari.












