Sarean ere 29ko greba jarraitzeko aukera eskainiko dute aktibistek
Martxoaren 29an egingo den Greba Orokorrerako deialdiarekin bat eginez, interneteko hainbat aktibistek GO pikete informatiboa berriro ere martxan jarri dute, greba egunean tokian tokiko informazio zuzena emateko asmoarekin. Goierriko Hitzak ere, goierri.hitza.eus webgunearen bitartez, grebaren jarraipen berezia egingo du.
Horretarako aurreko greba deialdietan erabilitako komunikazio estrategiari helduko diote, herritarrek greba orokorraren baitan egindako ekimenak erakutsiz.
Ekimenen jarraipena egiteko interneteko tresnak erabiliko dituzte:
• http://greba.euskalherrian.info/. Bertan egunean zehar jasotako bideoak, argazkiak eta albisteak plazaratuko dituzte.
• @grebaorokorra Twitterreko kontua zabalpenerako erabiliko dute
Ekimena parte-hartzailea dela esan dute, eta horregatik, interneteko erabiltzaileak edukiak sortzera eta elkarbanatzera gonbidatu dituzte. Horretarako, greba eguna iritsi bitartean #grebaorokorra traolarekin etiketatu eta elkarbanatu beharko dira edukiak. Greba egunean bertan, #m29greba traola erabiliko dute. Edukiak igotzeko zer egin behar den eta edukiak nola etiketatu behar diren azaltzeko ere bideo bat prestatu dute (Goikaldean ikusgai dagoena).
Sarean grebari jarraipena ematera deitu duten aktibistek, “beharrezkotzat” jo dute “herritarrek sortutako eta antolatutako gerrilla informatiboa”. Lan honetan, sareko erabiltzaile guztiei egin diete laguntzeko deia.