Barcinari tarta bota zion zumarragarrari elkarrizketa Berrian
Berria egunkariko Edurne Elizondo kazetariak Gorka Ovejero zumarragarra elkarrizketatu du. Ovejero Mugitu taldeko kidea da. Instrukzioa amaituta, Espainiako Auzitegi Nazionalak abian jarri du Mugitu taldeko lau kideren aurkako epaiketa, Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinari tartak botatzeagatik.
Tartak botatzeagatik espetxe zigorra jaso dezaketen Mugitu taldeko kideetako bat da Gorka Ovejero (Zumarraga, Gipuzkoa, 1972). Asteon auzipetu du Santiago Pedraz epaileak, talde bereko bertze hiru kiderekin batera. Desobedientzia zibilaren aldeko apustua berretsi du Ovejerok, AHT abiadura handiko trenaren aurka egiteko.
Auzitegi Nazionalak zu eta bertze hiru pertsona auzipetzeko urratsa egin du. Zer deritzozu?
Bagenekien Aste Santuaren ondoren Madrilera hots egingo zigutela, horixe esateko: ikerketa edo instrukzioa bukatuta, gutako bakoitzari zer egozten zioten. Harrigarria izan da, hala ere, guk jakin baino lehen prentsan eta telebistan agertu izana.
Bertze fase batean sartzen da prozesua, beraz?
Bai. Argi gelditu da euskaldunontzat justiziarik ez dagoela Espainiako Estatuan. Frantziako Estatua ere salatu nahi dugu, protesta han gertatu arren ikerketarik ez zutelako abiatu eta horren ondorioz Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku gelditu delako auzia.
Agintarien aurkako atentatua egotzi dizuete. Lau eta bederatzi urte arteko zigorra eskatzen ahal dute.
Izugarrikeria da. Frankismoaren garaitik datorren kontua da. Agintearen kontrako edozein jarrera zigortzen ahal dute.
Norbaiti tartak botatzea atentatutzat jo daiteke?
Indarrean duten legediaren arabera, irain bat ere izan daiteke atentatua. Hori Europan ez da beste inongo herritan gertatzen. Ez da hain handia egiten duzunaren eta jaso dezakezun zigorraren arteko aldea. Espainian, frankismoaren garaiko arau bati eutsi diote, eta hori harrigarria da.
Irakurri elkarrizketa guztia














