Bidaiarientzat geltoki berria du Beasainek
Trenbidearekin lotura estua izan du betidanik Beasainek. XIX. mende bukaeratik, trenaren industriari lotutako herria izan da, batez ere, trenbidearen etorrerari eta CAF enpresari esker. Laster, ibilgailu horrekin lotutako beste gune bat izango da herrian. Wagon Lits bagoi historikoa Bernedo eneko aparkalekuan dago martxoaz geroztik. Bi emakume beasaindar, Nagore Mendoza eta Maria Jose Fernandez, bertan taberna jartzekoak dira. Azken ukituak ematen ari dira egunotan. Wagon Lits taberna, Altsasun jarri zuten hiru anai-arrebak, duela urte batzuk. Nagore Mendozak azaldu duenez, «aurreko jabeekin harremana» zuten, eta haiek taberna uztekotan zirela ikusita, aukera aprobetxatzea erabaki zuten. «Altsasun zegoen trena, hango industrialdean. Baina lan egoerak sekulako beherakada izan zuen. Haiekin hizketan, guk hartzeko aukera sortu zen, eta erosi egin genuen». Bagoiak 22 metroko luzeera eta 52 tonako pisua du. Barruan, tabernako barra bat eta hogei lagun esertzeko sei mahaientzako tokia du. Barrualdea egurrez eginda dago, argitasun handia du eta kanpotik ematen duena baino zabalagoa da. Bagoiaren alde banatan, garai bateko diseinua mantentzen duten bi komun ditu, eta baita diseinu originala mantentzen duen litera gela bat ere. Egokitzen dutenean, zabalik utziko dute, jendeak garai hartako gela bat nolakoa zen ikus dezan. Tabernari azken ukituak ematen ari dira egunotan. Irekiera luzatzen ari zaie, azken orduan hainbat ezusteko sortu zaizkielako. [...]
Trenbidearekin lotura estua izan du betidanik Beasainek. XIX. mende bukaeratik, trenaren industriari lotutako herria izan da, batez ere, trenbidearen etorrerari eta CAF enpresari esker. Laster, ibilgailu horrekin lotutako beste gune bat izango da herrian. Wagon Lits bagoi historikoa Bernedo eneko aparkalekuan dago martxoaz geroztik. Bi emakume beasaindar, Nagore Mendoza eta Maria Jose Fernandez, bertan taberna jartzekoak dira. Azken ukituak ematen ari dira egunotan.
Wagon Lits taberna, Altsasun jarri zuten hiru anai-arrebak, duela urte batzuk. Nagore Mendozak azaldu duenez, «aurreko jabeekin harremana» zuten, eta haiek taberna uztekotan zirela ikusita, aukera aprobetxatzea erabaki zuten. «Altsasun zegoen trena, hango industrialdean. Baina lan egoerak sekulako beherakada izan zuen. Haiekin hizketan, guk hartzeko aukera sortu zen, eta erosi egin genuen».
Bagoiak 22 metroko luzeera eta 52 tonako pisua du. Barruan, tabernako barra bat eta hogei lagun esertzeko sei mahaientzako tokia du. Barrualdea egurrez eginda dago, argitasun handia du eta kanpotik ematen duena baino zabalagoa da. Bagoiaren alde banatan, garai bateko diseinua mantentzen duten bi komun ditu, eta baita diseinu originala mantentzen duen litera gela bat ere. Egokitzen dutenean, zabalik utziko dute, jendeak garai hartako gela bat nolakoa zen ikus dezan.
Tabernari azken ukituak ematen ari dira egunotan. Irekiera luzatzen ari zaie, azken orduan hainbat ezusteko sortu zaizkielako. Bagoian egin beharreko konponketez gain, ur eta argi indar hornidura jarri dituzte. Sarrerako eskailera ere berria egin behar izan dute, Altsasun zuten arranpak ez zielako balio. Data zehatzik ematen ausartzen ez badira ere, pare bat astean taberna zabalik izateko moduan egongo direla uste dute. Ordutegiari dagokionean, egunez zabalduko dute, eta pintxoak, errazioak eta otartekoak emango dituzte. «Osasun zentroaren ondoan egonda, hark markatuko digu ordutegia eta jendearen mugimendua».
Historia handiko bagoia
Wagon Lits konpainia Georges Nagelmackers belgiarrak sortu zuen Bruselan, 1872. urtean. Lotarako bagoiak egiten zituzten, Europako herrialde askotarako. Hogei urtez, hainbat expreso eta luxuzko trenetarako bagoiak egin zituzten, tartean Orient Express ezagunerako.
Beasainen dagoena, WL 3370 modeloa da, Ingalaterrako Birgmingham hirian egindakoa, 1929an. Ordura arte erabat egurrez egindako bagoiak erabiltzen zituzten, baina hura izan zen kanpoaldetik metalezko kaxa zuen aurreneko modeloa. Lisboa eta Madril arteko bidea egin zuen urte askoan, Lusitana Express izeneko linean, harik eta 80. hamarkadaren bukaeran erretiratu zuten arte. Nagore Mendozak azaldu duenez, «serie hartatik bi bagoi bakarrik gelditzen dira, bat hau eta bestea Madrilgo Trenaren Museoan dagoena».
Hamar urterako zesioa
Mendozak azaldu duenez, «ia urtebete» daramate proiektu honekin lanean. Bagoia erosi eta baimenak eskatzen hasi zirenetik, asko luzatu da kontua. «Geure ideia hasieratik izan da hona ekartzea eta Beasainen jartzea. Udalarekin hitz egin genuen, eta hasieratik ondo hartu zuten proposamena. Gero hauteskundeak izan ziren, eta udal aldaketarekin, gauzak atzeratu egin dira». Hala ere, udalarekin «harreman ona» izan dutela dio. Hamar urterako lur publikoaren zesioa sinatu dute, eta epe horretan ustiatu ahal izango dute gune hori. Hala ere, argi utzi dute erakundeen aldetik ez dutela inongo laguntzarik jaso, eta egokitzapen guztiak beraiek egin dituztela.














