Gazteak taldetan banatuta, eztabaida prozesuan
Urretxuko eta Zumarragako Ikasle Abertzaleak taldeak antolatuta, lehen Ikasle Eguna ari dira egiten gaztelekuan. Guztira, 50 gazte inguru elkartu dira goizean, denen artean eta taldeka banatuta, bestelako hezkuntza eredu bat aztertzeko. Tolosako Ikasle Abertzaleak taldeko kideen laguntza izan dute azterketa prozesuan, tolosarrek haien esperientziaren berri eman baitie bi herrietako gazteei.
Norberak bere iritzia eman eta gainerakoena entzunda ari dira lanean, elkarrekin, ikasleen artean dauden hutsuneak aztertu eta horiek betetzeko eta osatzeko zein pauso eman daitezkeen aztertzeko. Ikasle diren aldetik, haiei eragiten dieten gaietan erabakiak hartzeko eskubidea aldarrikatzen dute, eta eskubide horien defentsan zein pauso eman daitezkeen aztertu dute goizean.
Gaztelekuan elkartu diren gazteek, arazoak identifikatzen igaro dute goiza, eta haiei zein irtenbide eman eztabaidatzen. Ikasle Eguna, ordea, jai eguna izatea nahi zuten, eta gaztelekuan elkartu ondoren, jolasak egin dituzte, bi herrietako gazteak elkar hobetu ezagutu eta harreman horretatik lanerako elkarlana bultzatzeko. Eguraldiak ez die askorik lagundu, baina euriak ez dizkie animoak moteldu, eta bileraren ondoren gogotsu zeuden jolasetan aritzeko.
“Hutsuneak betetzeko” helburua
Ikasle Abertzaleen taldeko ordezkariek azaldu dutenez, 120 lagun inguru elkartuko dira bazkaltzeko. 14:30ean elkartuko dira berriro gazte eta ikasle denak gaztelekuan, eta bazkalostean Lizeoko eta institutuko ikasleek bertso desafioa egingo dute. Egunak emandakoaren balorazioaren ondoren, 3gabe2 taldearen kontzertuaz gozatuko dute eta ondoren ikasleak izango dira kantuan hasiko direnak, karaokean.
Lehen Ikasle Egunarekin Urretxun eta Zumarragan ikasle mugimenduak azken urteetan izan duen hutsunea bete nahi izan dute. Iaz bi herrietako ikasleak elkartzen hasi ziren, eta urtarrilean aurkeztu zituzen Ikasle Abertzaleek euren ordezkariak Lizeoan eta institutuan. Baliteke, denborarekin, bi herrietako gainerako ikastetxeetara ere mugimendua zabaltzea.
Gaurko eguna “taldeari buruzko informazioa zabaldu eta bi herrietako ikasleak elkarren artean ezagutzeko” eguna izango da Ikasle Abertzaleen arabera.
-
-
Gazteak taldetan banatuta, eztabaida prozesuan
-
-
-
-
-