
Gipuzkoako Foru Aldundiak enpresak eta ekimen berriak bultzatzeko Gaindituz programa aurkeztu zuen atzo, Ordizian. Eskualdeko enpresa eta garapen arloko ordezkaritza zabala bildu zen Goierri Berrikuntza Gunean. Programa horren baitan, “berrikuntza eta ekintzailetasuna” laguntzeko 12 milioi euro bideratuko ditu aldundiak. Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, Jon Peli Uriguen diputatuak, Igor Eguren Goiekiko lehendakariak eta Oihane Zabaleta Ugassakoak parte hartu zuten ekitaldian, besteak beste.
Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak “krisi ekonomiko latz honetatik ateratzeko zeregina denona” dela, eta horretarako, elkarlanak duen garrantzia azpimarratu zuen. Agente ezberdinen arteko elkarlan hori “eskualdez eskualde eta tokian tokiko erakunde eta enpresekin” egin nahi dutela azaldu zuen; zentzu horretan, “Gipuzkoa Saretzen deitu dugun proiektu horren erdigunean kokatzen ditugu eskualdeetako garapen agentziak”. Garitanoren arabera, programa horien heleburu nagusia “ehun ekonomikoa, produktiboa eta soziala hobetzea, eta kalitatezko enplegua sortzea da, aberastasuna modu egokian banatzeko”. Azkenik, aurkeztu dituzten laguntzak legealdi hasieran EAJrekin adostutako programa baten barruan daudela azaldu zuen ahaldun nagusiak.
Garitanoren ondoren, Jon Peli Uriguen Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo diputatuak hartu zuen hitza. Lehenik eta behin, ekonomiari eta sustapenari lotutako arlo guztiak, lehen aldiz, berak ordezkatzen duen departamenduan bilduta daudela azaldu zuen. Horrek “ekonomiaren beste ikuspegi orokor bat” ematen duela uste du eta “ikuspegi ezberdinak elkar trukatzeko eta bat egiteko aukera” bat. Ekonomia arloko eskuduntza nagusia Eusko Jaurlaritzarena bada ere, aldundiak dituen “baliabideekin garapenean laguntzeko aukera” badagoela uste du Uriguenek. Baina horretarako, “eredu aldaketa bat bultzatu” behar dela uste du diputatuak. “Orain arteko ereduak eta hazkunde modeloak balio izan dute orain arte, baina orain agortuta daude”. Hala, bere ustez “garai berriek eredu berriak” eskatzen dituzte.
Enpresen lana, ekintzailetasuna eta berrikuntza bultzatzeko programak, lau ardatz izango ditu, Uriguenek azaldutakoaren arabera: ekimen eta enpresa berriak bultzatzea, etengabeko ikaskuntza, zientzia eta teknologia sarea zabaltzea eta informazio eta komunikazioaren teknologiak (IKTak). Hori guztia egiteko, pasa den asteartean onartu zuten Gaindituz programak 12 milioi euroko laguntzak aurreikusten ditu. Horiez gain, 2012. urtean zehar enpresen eskura 20 milioi jarriko dituztela ere jakinarazi zuen.
Laguntzak ematerakoan, kontuan hartuko dituzten zenbait irizpide ere aurreratu zituzten atzoko agerraldian. Hala, langileek enpresan duten partehartzea eta inplikazioa sustatzeko ekimenak bultzatuko dituztela azaldu zuten. Baita enpresaren eta langileen arteko akordioak, energiaren bideragarritasuna, enpresen arteko elkarlana, eta berdintasuna eta euskara sustatzeko politikak ere. Kontratazioari dagokionez, kualifikatutako gazteak hartzeko laguntzak ere emango dituzte.
Gaindituz programaren xehetasunak, laguntza motak eta eskaerak egiteko epeak, programa honen barruan sortu duten
webgunean jakinaraziko dituzte.