Emakumeen korrika taldean izena emateko deia egin dute
Ordiziako Udaleko Berdintasun sailak eta Majori kiroldegiak emakumeen korrika taldea sortu nahi dute “emakumeen jarduera fisikoa sustatzeko ideiarekin”. Ordiziako emakumeen kirol parte hartzearen diagnostikoaren arabera, desberdintasun fisikoak, interes ezberdinak, ikasketak, familia eta beste hainbat faktore direla medio, emakumeek gizonek baino nekezago heltzen diote kirolari. “Ordizian errealitate hori aldatu nahi dugu”, zehaztu dute sustatzaileek. Talde horretan parte hartu nahi duten emakumeek izena eman dezakete dagoeneko Majori kiroldegian. Ez dago ezer ordaindu beharrik. Hamasei urtetik gorako edozein emakumek har dezake parte –adinez nagusi ez direnek gurasoen baimena behar dute–. Asmoa astean bi egunetan elkartzea da, astearteetan eta ostegunetan, 19:00etan, eta Majorin elkartuko lirateke. Ordubete saioak lirateke, eta Hegoi Arrieta izango da irakaslea. Atzo egin zuten talde hori sortzeko deialdia Odilo Rivela kirol teknikariak eta Kristina Altuna Berdintasun teknikariak. Hamabost bat emakume ere azaldu ziren aurkezpen deialdira, eta sustatzaileek haien kezkei buruzko azalpenak eman zizkieten. Ezberdintasunak Altuna teknikariaren arabera, emakume nerabeek eta gazteek mutilek baino errazago uzten diote kirola egiteari, “sozializazioa desberdina izan delako emakumeentzat eta gizonentzat”. Horrez gain, teknikariak adierazi du “gizonek errazago” bilatzen dutela haientzako denbora, “baina emakumeek beste behar batzuei eman diete lehentasuna, zaintza eta etxeko ardurak tartean”. Emakumeen ariketa fisikoa “sozialki” ez dela berdin sustatzen adierazi du, eta “esanahai [...]
Ordiziako Udaleko Berdintasun sailak eta Majori kiroldegiak emakumeen korrika taldea sortu nahi dute “emakumeen jarduera fisikoa sustatzeko ideiarekin”. Ordiziako emakumeen kirol parte hartzearen diagnostikoaren arabera, desberdintasun fisikoak, interes ezberdinak, ikasketak, familia eta beste hainbat faktore direla medio, emakumeek gizonek baino nekezago heltzen diote kirolari. “Ordizian errealitate hori aldatu nahi dugu”, zehaztu dute sustatzaileek.
Talde horretan parte hartu nahi duten emakumeek izena eman dezakete dagoeneko Majori kiroldegian. Ez dago ezer ordaindu beharrik. Hamasei urtetik gorako edozein emakumek har dezake parte –adinez nagusi ez direnek gurasoen baimena behar dute–. Asmoa astean bi egunetan elkartzea da, astearteetan eta ostegunetan, 19:00etan, eta Majorin elkartuko lirateke. Ordubete saioak lirateke, eta Hegoi Arrieta izango da irakaslea.
Atzo egin zuten talde hori sortzeko deialdia Odilo Rivela kirol teknikariak eta Kristina Altuna Berdintasun teknikariak. Hamabost bat emakume ere azaldu ziren aurkezpen deialdira, eta sustatzaileek haien kezkei buruzko azalpenak eman zizkieten.
Ezberdintasunak
Altuna teknikariaren arabera, emakume nerabeek eta gazteek mutilek baino errazago uzten diote kirola egiteari, “sozializazioa desberdina izan delako emakumeentzat eta gizonentzat”. Horrez gain, teknikariak adierazi du “gizonek errazago” bilatzen dutela haientzako denbora, “baina emakumeek beste behar batzuei eman diete lehentasuna, zaintza eta etxeko ardurak tartean”.
Emakumeen ariketa fisikoa “sozialki” ez dela berdin sustatzen adierazi du, eta “esanahai ezberdina” ematen zaiola: “Emakumeentzat kirola estetikarekin lotuta dago, eta askotan, sufrimenduaren ideiarekin. Gizonezkoentzat, berriz, sozializatzeko gunea da eta tentsioak ateratzekoak. Horrek badu eragina emakumeen osasunean, kirolaren bidez lor ditzaketen ardurak ez dituztelako”.
Emakumeen kirola komunikabideek ez dutela “berdin informatzen” nabarmendu du Altunak, eta askotan “sentsazionalismoari lotutako berriak” direla, kasu askotan “emakumeak objektu sexual” modura ikusita.
Korrika, zentzu zabalean ulertuta
Sortuko den talde horrekin emakume askorik “korrika egiteko aukera” eman nahi diete, baina korrika zentzu zabalean ulertuta. Korrika, jarduera fisiko bezala ulertu behar dela uste dute, osasuna helburu hartuta, eta baita laguntasuna, kidetasuna eta elkarlana sustatzeko ere. Emakumearen eta gizonen arteko ardura banaketaren barruan ulertu nahi dute korrika, “norberarentzat denbora hartzea beharrezkoa delako”.
Emakumeen “arlo soziala garatzeko” ere garrantzitsutzat jo dute korrika, “harreman berriak egin eta sare sozialak handitzeko”. Horrez gain, emakume kirolariaren “eredua sortzeko” ere balio beharko luke korrika egiteak, “beste emakumeentzat erreferente izateko”.
Zarautzen, Hernanin eta Tolosan ere antzeko taldeak sortu direla adierazi dute.














