Mutiloa-Ormaiztegi Bide Berdearen II. egunean 35 pertsonek hartu zuten parte
Larunbat arratsaldean, Ormaiztegiko eta Mutiloako Udalek, Zumalakarregi Museoak eta Goiturrek antolaturik, Mutiloa eta Ormaiztegi herrien arteko ibilbidearen II. Edizioa ospatu zen. Guztira 35 pertsona gerturatu ziren arratsaldeko 16:00etarako Mutiloak...
Larunbat arratsaldean, Ormaiztegiko eta Mutiloako Udalek, Zumalakarregi Museoak eta Goiturrek antolaturik, Mutiloa eta Ormaiztegi herrien arteko ibilbidearen II. Edizioa ospatu zen. Guztira 35 pertsona gerturatu ziren arratsaldeko 16:00etarako Mutiloako plazara eta handik, Barnaola aldera joan ziren tipi-tapa. 6,5 kilometroko bidea egin zuten Lierni eta Lointzitik jarraitu eta amaieran, Ormaiztegira helduz. Tartean ordea, mokadutxo eta mokadutxo artean, ez zuten aspertzeko denborarik izan, paisaia zoragarriez eta animalia maitagarriez gozatzeko aukera izateaz gain, Maite Franco deituriko ipuin kontalariari esker, bide berdearen hainbat kondaira eta istorio ezagutu baitzituzten. Egunaren bukaera aldera, Zumalakarregi Museoan guztiak bildu eta azken ipuinak entzuteaz gain, parte hartzaile guztien artean, diploma eta sari banaketa egin zen. Alde batetik, joandako haurren arteko zozketa, non 4 sari banatu ziren bakoitzak ipuin bilduma bat jasoz, eta bestetik, helduen artekoa. Hemen ere, 4 sari eta saritu egon ziren, bakoitzak Idiazabal gazta bat jaso zuelarik. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan amaitu zen, datorren urtean berriro ere errepikatuko denaren ilusioz.