Urretxuko Labeaga kaleko olioa biltzeko edukiontzia
‘Sukaldean erabilitako olioa duzu eta ez dakizu harekin zer egin?’ dio Sasieta Mankomunitateak eta Ekograsek martxan jarritako kanpainaren leloak. Goierriko biztanleen artean olioaren gaikako bilketa sustatu nahi dute kanpainaren bitartez. Urtebete iraungo duela aurreikusi du Sasietako ingurugiro teknikari Enrike Enparantzak. Kanpainaren harira goierritarren postontzietan informazio liburuxkak banatzen ari dira jada, sariketa bat egingo dute eta kaleko magia ikuskizuna eramango dute Goierriko hainbat herritara.
Sariketari dagokionez, postontzietan banatzen ari diren liburuxketan 12 eranskailu ipini dituzte. Sukalderako olioa biltzeko ontzietan eransteko prestatutako eranskailuak jarriz gero, herritarrek bi lagunentzako afari bateko zozketan parte hartuko dute. Ekograsek, olioa jasotzen duenean, ausaz eta hilean behin, horietako ontzi bat hartuko du. Sasieta Mankomunitateak jakinaraziko dio irabazleari noiz eta nola jaso ahal duen saria.
Liburuxkan olioa birziklatzeak sortzen dituen arazoen eta onuren berri ematen dute. Esate baterako, onurarik azpimarragarriena da (bio) diesela sortzeko balio duela.