Nazioen Munduaren aurtengo festa “handia” Lazkaon izango da, ekainaren 9an
Autodeterminazio eskubidearen aldeko Goierriko Nazioen Mundua herri ekimenak Lazkaon egingo du aurten “festa erraldoia”, Gure esku dago lelopean. Ekainaren 9an izango da, larunbatarekin, eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Festa eta aldarrikapena “naturaltasunez” uztartu nahi dute, ekimenak lanean daraman lau urteko ibilian bezala “pentsaera, izaera eta ideologia ezberdineko jendea” elkartuta. Goierritar eta euskaldun guztiei egin diete gonbidapena jaialdian parte har dezaten. Festaren aurkezpena atzo arratsaldean egin zuten, Lazkaoko plazan. Nazioen Munduko Urko Ruiz de Apodakarekin batera Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoa agertu zen, eta “mundua puzzle handi bat” dela eta “zati askotakoa eta koloretsua” izatea nahi duela adierazi zuen. Ordiziako errugbi taldeko hainbat jokalari ere bertan izan ziren, Axio Araña entrenatzailea eta Joanes Aierbe kapitaina tartean; baita Gipuzkoako bertsolari txapeldun Aitor Sarriegi ere. Lazkaoko eta eskualdeko bizilagun multzo bat ere elkartu zen. Bestetik, Porrotxen presentziak haur ugari erakarri zuen prentsaurrekora. Ekainaren 9ko festan ekitaldi “izarra” flashmob deritzon dantza-koreografia izango da. Egun horretan, 18:00etan, 500 lagun edo gehiago elkartzea lortu nahi dute, Eskuetan abestiaren doinura (Xabier Zabalak musikatua eta Jon Maiak hitzak jarria) dantza egiteko. Grabatu egingo dute dantzaldi jendetsua, “gero Euskal Herriko gainontzeko herrietan eredu edo adibide izateko”. Flashmoba prestatzen aurrez hasiko dira. Larunbat honetan, maiatzak 19, entsegu orokorra egingo [...]
Autodeterminazio eskubidearen aldeko Goierriko Nazioen Mundua herri ekimenak Lazkaon egingo du aurten “festa erraldoia”, Gure esku dago lelopean. Ekainaren 9an izango da, larunbatarekin, eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Festa eta aldarrikapena “naturaltasunez” uztartu nahi dute, ekimenak lanean daraman lau urteko ibilian bezala “pentsaera, izaera eta ideologia ezberdineko jendea” elkartuta. Goierritar eta euskaldun guztiei egin diete gonbidapena jaialdian parte har dezaten.
![](http://goierriekialdea.hitza.eus/files/2012/05/Aurkezpena-1024x768.jpg)
Porrotx eta Nazioen Munduko kideak festa aurkezten, atzo, Lazkaoko plazan. Ordiziako errugbi taldeko ordezkariak, Gipuzkoako bertsolari txapelduna eta lazkaotar ugari. Arg.: Aimar Maiz
Festaren aurkezpena atzo arratsaldean egin zuten, Lazkaoko plazan. Nazioen Munduko Urko Ruiz de Apodakarekin batera Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoa agertu zen, eta “mundua puzzle handi bat” dela eta “zati askotakoa eta koloretsua” izatea nahi duela adierazi zuen. Ordiziako errugbi taldeko hainbat jokalari ere bertan izan ziren, Axio Araña entrenatzailea eta Joanes Aierbe kapitaina tartean; baita Gipuzkoako bertsolari txapeldun Aitor Sarriegi ere. Lazkaoko eta eskualdeko bizilagun multzo bat ere elkartu zen. Bestetik, Porrotxen presentziak haur ugari erakarri zuen prentsaurrekora.
Ekainaren 9ko festan ekitaldi “izarra” flashmob deritzon dantza-koreografia izango da. Egun horretan, 18:00etan, 500 lagun edo gehiago elkartzea lortu nahi dute, Eskuetan abestiaren doinura (Xabier Zabalak musikatua eta Jon Maiak hitzak jarria) dantza egiteko. Grabatu egingo dute dantzaldi jendetsua, “gero Euskal Herriko gainontzeko herrietan eredu edo adibide izateko”.
Flashmoba prestatzen aurrez hasiko dira. Larunbat honetan, maiatzak 19, entsegu orokorra egingo dute, Lazkaoko plazan, 10:00etan. Edozein herritar joan liteke dantza ikastera eta egunean berean egitera. Pausoak nolakoak diren azaltzeko bideo bat prestatu dute, hauxe:
NAZIOEN MUNDUA
Ekainaren 9ko festaren egitaraua
- 13:30. Kale animazioa. Lazkaotxiki musika eskolako trikitilariak
- 14:30. Herri bazkaria, plazako frontoian. Sarrerak Goierrin barrena salgai, hainbat tokitan.
- 18:00. ‘Flashmob’ erraldoia, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin, Eskuetan abestia dantzatuz.
- 19:30. Sagardo dastaketa, taloak.
- 19:30. Asto kaka lehiaketa. Eremu bat zatikatu, esparruak aurrez saldu, eta astoak gorotza egiten duen lekua dagokionak saria jasoko du.
- 22:00. Kontzertua. Lauroba eta Esne Beltza.