Urretxuk eta Lazkaok aurrera egin dute Herriartekoan, Ordiziak ez
Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketan Urretxuk aurrera egin du esku huskako sailean, final hamaseirenen aurre-kanporaketan Alegia denera 4 eta 2 gaindituta. Palan, gazi-geza izan da Goierrikoentzat zortzirenetako galbahea; Lazkao debutariak eroso g...
Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketan Urretxuk aurrera egin du esku huskako sailean, final hamaseirenen aurre-kanporaketan Alegia denera 4 eta 2 gaindituta. Palan, gazi-geza izan da Goierrikoentzat zortzirenetako galbahea; Lazkao debutariak eroso gainditu du Usurbil, baina Ordizia lehiaketatik kanpo dago.
Urretxuarrek igandean jokatu zuten itzuliko partida-sorta, Alegiako udal pilotalekuan. Ederrenatik aldeko emaitza zeramaten (2-1), eta beste horrenbeste konplitu zuten goierritarrek kanpoan ere. Kadeteek eta nagusiek irabazi egin zituzten beren neurketak; juniorrek, galdu.
Alvarez-Agirrezabal urretxuarrek 11-22 menderatuz hasi zuten jaialdia. Apaolaza-Imaz, gero, 10ean utzi zituzten Alegiakoek. Nagusien partidarako ikuskizun zegoen oraindik txartela; Urretxuk 15 tanto egitea nahikoa zuen igarotzeko, baina Cruz-Erostarbek 6-22 irabazi zuten, aise.
Lazkao, final-laurdenetara
Palako adarrean debut ezin hobea egin du Lazkaok. Usurbil 3-1 menderatu du, aukerarik batere gabe utzi ondoren. Alde garrantzitsua lortu zuten joanekoan, Usurbilen; Lazkaon, ostiral gauean, tramitea ondo bete zuten, hirugarren garaipena larruzko paletan erdietsiz (35-20). Ondoren, pala motzean 19-40 galdu zuen. Laurdenetan Donostiari aurre egingo dio, datozen bi asteetan.
Ordizia, aldiz, kanporatu egin du Debak. Bina partida irabazi dituzte, baina tanteoan 11 gehiago lortu dituzte debarrek.