Azken txanpan jo dute goia Beasaingo Loinatz jaiek
Aurreneko asteburuan ez bezala, oraingoan eguraldia lagun izan dute beasaindarrek, eta sekulako giroa izan da asteburu osoan, bai egunez egindako ekitaldietan, eta baita gaueko parrandan ere. Larunbateko mozorro eguna, txirrindu eta herri kirol probak eta igandeko dantzarien saioa izan dira festen azken txanpako ekitaldietako batzuk. Aparteko arazorik ere ez da izan aurtengo jaietan, eta lagunarteko giro ona izan da nagusi. Bi asteko ekitaldien ondoren, atseden hartzeko eguna da askorentzat. Kaleak eta lokalak garbitu eta balantzea egitekoa beste askorentzat. Tabernetan ere sumatu dute bigarren asteburuko gorakada. Aurreneko asteburuan «beste urteetako jenderik ez» dela ibili zioen tabernari batek. Bigarren asteburua, beti izan ohi da jende aldetik oparoagoa, eta oraingoan bezala, eguraldiak lagunduz gero, are gehiago. Ostiral gauean eta larunbatean, jendetza zebilen Beasainen. Larunbat eguerdian kale nagusira atera besterik ez zegoen horretaz jabetzeko. Giro eguzkitsuak lagunduta, mozorrotutako kuadrillak kalera ateratzen hasi ziren. Erromatarrak, Ordiziako errugbi taldea, Forrest Gump, D’Artagnan eta konpainia… Denetariko mozorroak eta karrozak ikusteko aukera zegoen, eta berehala, kolorez eta musikaz bete zen kalea. Goiz partean hasita, herriko elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa ere egin zuten Loinatz plazapean. Bi platera prestatu behar izan zituzten txapelketan parte hartu zuten hamar elkarteek: babak urdaiazpikoarekin eta mingaina saltsan. Bi platerak batuta, Murumendi Pelotazale elkartea izan zen punturik [...]
Aurreneko asteburuan ez bezala, oraingoan eguraldia lagun izan dute beasaindarrek, eta sekulako giroa izan da asteburu osoan, bai egunez egindako ekitaldietan, eta baita gaueko parrandan ere. Larunbateko mozorro eguna, txirrindu eta herri kirol probak eta igandeko dantzarien saioa izan dira festen azken txanpako ekitaldietako batzuk. Aparteko arazorik ere ez da izan aurtengo jaietan, eta lagunarteko giro ona izan da nagusi. Bi asteko ekitaldien ondoren, atseden hartzeko eguna da askorentzat. Kaleak eta lokalak garbitu eta balantzea egitekoa beste askorentzat.
Tabernetan ere sumatu dute bigarren asteburuko gorakada. Aurreneko asteburuan «beste urteetako jenderik ez» dela ibili zioen tabernari batek. Bigarren asteburua, beti izan ohi da jende aldetik oparoagoa, eta oraingoan bezala, eguraldiak lagunduz gero, are gehiago. Ostiral gauean eta larunbatean, jendetza zebilen Beasainen. Larunbat eguerdian kale nagusira atera besterik ez zegoen horretaz jabetzeko. Giro eguzkitsuak lagunduta, mozorrotutako kuadrillak kalera ateratzen hasi ziren. Erromatarrak, Ordiziako errugbi taldea, Forrest Gump, D’Artagnan eta konpainia… Denetariko mozorroak eta karrozak ikusteko aukera zegoen, eta berehala, kolorez eta musikaz bete zen kalea.
Goiz partean hasita, herriko elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa ere egin zuten Loinatz plazapean. Bi platera prestatu behar izan zituzten txapelketan parte hartu zuten hamar elkarteek: babak urdaiazpikoarekin eta mingaina saltsan. Bi platerak batuta, Murumendi Pelotazale elkartea izan zen punturik gehien batu zuena. Lehenengo plater onenaren saria Bareak merkatari elkarteak jaso zuen, eta bigarren plater onenarena Alfil xake elkarteak. Elkarteetako kideak platerak prestatzen ari ziren bitartean, txorixo pintxoak ere banatu zituzten, eta jende asko inguratu zen plazapera.
Loinatz proba, Gonzalezek
Sukaldaritza lehiaketaren garai beretsuan bukatu zen 62. Loinatz txirrindulari proba. 122 txirrindularik parte hartu zuten, eta helmugan, Alain Gonzalez izan zen azkarrena. Hamar bat laguneko tropeltxoa iritsi zen ihes eginda, eta Naturgas taldekoak sprintean irabazi zuen; bigarren egin zuen Jon Ander Intxausti mutiloarrak. Lehen beasaindarraren saria, Gopar Ikolan-Lanaldiko Jon Garmendiak jaso zuen.
Herri kirol saioa
Igandeko ekitaldi nagusietako bat, Arrano Beltza taldeak antolatutako herri kirol saioa izan zen. Zortzi aizkolari eta hiru harrijasotzaile aritu ziren, eta jende ugari bildu zuen ikuskizunak. Iñaki Azurmendi ere aritzekoa zen, baina arriarandarrak bezperan min hartu zuela eta, Floren Nazabalek hartu zuen haren tokia. Arrospide eta biak aritu ziren maila nagusian, Joseba Otaegiren eta Unai Otañoren kontra. Hiru saio egin zituzten: zutika, 60 kanakoa ebaki zuten, txanda librean. Segidan, oinbiko enbor bana etzanda, eta bukatzeko, kana erdiko lau enbor. Hiru saioetan, Arrospide eta Nazabal aritu ziren aurretik.
Aizkolari gazteen artean berriz, Larrañaga eta Mugertza nagusitu zitzaizkien Jauregi eta Dorronsoro goierritarrei. Harrijasotzaileen saioan, Idoia Etxeberriak 12 altxaldi egin zituen 88 kiloko harriarekin, eta 11 altxaldi 76 kiloko kubikoarekin. Aimar Irigoienek 12 aldiz altxatu zuen 12 arroako zilindrikoa, eta 14 aldiz 125eko kubikoa, bietan ere, Izetak baino altxaldi bana gehiago eginez.
Ekitaldiaren bukaeran, Arrano Beltza taldeak omenaldia egin zien Anjel Arrospide eta Iñaki Azurmendi aizkolariei, Jon Erguin triatletari, Aitor Sarriegi bertsolariari eta Olano eta Mujika harategiei.
Loinatz jaietako argazkiak ikusgai daude webgune honetan.















