Aste betean bigarren aldiz atxilotu dute Ordizian atzeman zuten gizonezkoa
Ertzaintzak astebetean bigarren aldiz atxilotu du gizon bera, oraingoan, motor bat lapurtu nahian ari zela. Astelehen goizaldean, Ordizian atxilotu zuten, bere familiako hainbat kideri heriotza meatxuak egiteagatik; bere ilobari, esaterako, gasolina bo...
Ertzaintzak astebetean bigarren aldiz atxilotu du gizon bera, oraingoan, motor bat lapurtu nahian ari zela. Astelehen goizaldean, Ordizian atxilotu zuten, bere familiako hainbat kideri heriotza meatxuak egiteagatik; bere ilobari, esaterako, gasolina bota eta poxpolo batekin egin zion meatxu. Bi egun geroago, gizon bera atxilotu dute berriz ere, kasu honetan, Beasainen.
Bart goizaldeko ordu bietan, Arana kaleko bizilagun batek deitu dio Ertzaintzari, bere etxeko portalean zarata eta kolpeak entzun dituela esanez. Ertzainak bertara iritsi direnean, aipatutako gizona aurkitu dute han. Hainbat erreminta inguruan zituela, motor bat manipulatu nahian ari zen. Gizonezkoak aurpegia estalita zuen, buff batekin eta txapela beltz batekin. Motorrak berriz, direkzioaren blokeo sistema hautsita zuen, baita bi ispiluak eta estalkia ere.
Pistola zeraman soinean
Gizonezkoa identifikatu orduko, bi egun lehenago atxilotutako berbera zela ohartu dira, eta berehala atxilotu dute. Gerrian, pistola bat zeramala ere jakinarazi dute Herrizaingo Saileko iturriek. Atxilotuari, lapurreta saiakera eta ibilbgailuari kalteak eragin izana leporatu diote.
Aste honetako bi atxiloketak ez dira aurrenekoak izan, ordea. Azken hauekin, 30 atxiloketatik gora pilatu ditu, 31 urte dituen gizonezkoak. Beasaingo ertzain etxetik pasa eta gero, Tolosako epaitegiaren esku utziko dute ertzainek.












