Trinitate jaia ospatuko dute etzi Zumarragako Agiñaga auzoan
Zumarragako Agiñaga auzoan azaroan San Martin jaiak ospatzen dituzte. Horrezaz gain, egutegian badute beste festa baterako hitzordua. Trinitate jaia ospatuko dute etzi.
Auzotarrek osatutako Oleta elkarteak antolatutako jaia da, Oleta mendian ospatzen duten erromeria. Festa, egun osokoa da. Eguraldiak laguntzen badu erromeria Oletan bertan ospatuko dute, bestela Agiñagan egingo dituzte ekitaldiak.
Auzotarrak 10:00etan elkartuko dira Agiñagan eta Oleta mendira igoko dira. Han hildakoen aldeko meza egingo dute, eta 12:00etan aizkora saioa egongo da. Ezkio-Itsasoko Joxe Ugarteburu eta Zumarragako Xabier Zaldua aizkolariak arituko dira.
13:30ean ahari jokoa egingo dute. Jon Plazaola jaietako antolatzaileak kontatu duenez, badira urte batzuk herri bazkarian auzotar batek eta gabiriar batek elkarri erronka bota ziotela, «mahaitik altxatu eta ahari bila joan ziren». Urte hartakoa apustua izan bazen ere, aurrerantzean erakustaldi bezala egin izan dute, «apusturik gabe».
Eguraldia lagun
Herri bazkaria Oletan bertan izango da, 14:00etan, horretarako muntatutako karpan. Hori guztia, eguraldi ona egiten badu; eguraldiak lagunduko ez balu, festa guztia Agiñagan ospatuko dute. «Ateri badago jende asko elkartuko da Oletan».
Herri bazkarian ehun lagun inguru bildu ohi dira. Erromeria giroa nagusi, trikitiek alaituko dute jaia; ez dakite oraindik zeintzuk izango diren trikitilariak. 19:00etan itzuliko dira Agiñagara.














