Danak jatetxearen kontrako erasoa salatu du Bareakek
Bareak merkatari elkarteak gogor salatu du pasa diren Loinatz jaietan, Danak jatetxearen kontra izandako erasoa. Jabeari eta haren familiari elkartasuna adierazi diete, eta inork gertakarien inguruko berririk balu, Ertzaintzarekin harremanetan jartzeko...
Bareak merkatari elkarteak gogor salatu du pasa diren Loinatz jaietan, Danak jatetxearen kontra izandako erasoa. Jabeari eta haren familiari elkartasuna adierazi diete, eta inork gertakarien inguruko berririk balu, Ertzaintzarekin harremanetan jartzeko eskatu dute.
Gertakariak Loinatz jaietako bigarren asteburuan izan ziren, mozorro egunean. Elkartetik azaldu dutenez, pottokiz mozorrotuta zihoan pertsona batek, Danak jatetxera sartu eta su itzalgailu bat hustu zuen, «lokala jendez gainezka zegoela eta jendea afaltzen» ari zen bitartean. Elkarteak salatu duenez, «ez du batere graziarik egiten herriko jaiez baliatzeak aurretik pentsatuak diruditen ekintza lotsagarri eta koldar hauek egiteko».
Bezeroei eta jabeei, elkartasun mezua
Ekintza horrek, «ume eta gelduentzat susto izugarria izateaz gain, jatetxean zeuden umeengan ondorio larriak» izan zitzakeela azaldu dute. Hori dela eta, Bareak elkarteak «elkartasuna agertu nahi die han zeuden guztiei». Horrekin batera, «denon artean horrelako ekintzak isolatu» egin behar direla azaldu du. Hala, inork egilearen inguruko informaziorik balu, Ertzaintzarekin harremanetan jartzeko deia egin diete herritarrei. Ekintza salatzearekin batera, elkarteko kide den Danak jatetxeari, jabeari eta haren familiari ere elkartasuna adierazi nahi izan dio Bareak merkatari elkarteak.












