CAFek %10 igo du negozio bolumena eta 5.000 milioiko eskari zorroa du
CAF enpresak iazko emaitzak hobetzea lortu du aurten, eta 1.725 milioi euroko negozio bolumena lortu du, pasa den urtekoa baino %10 handiagoa. Pasa den larunbatean egin zuten akziodunen batzarrean jakinarazi zuten datua. Hala ere, egungo egoera ekonomikoa «azken hamarkadetako zailena» dela azaldu zuten, eta horrek, nazioarteko merkatuan ere eragin handia izan duela. Iazko eta aurtengo lehen hiruhileko emaitzek, CAF enpresaren «osasun ona eta sendotasuna» agerian uzten dutela uste dute konpainiaren arduradunek. Irabazien eta galeren taulari begiratuta ere, emaitzek hobera egin dute aurten; 146,2 milioi euroko irabazi garbiak dituzte, 2010ean baino %13 gehiago. Urteko lehen hiruhilekoan ere, 463 milioiko salmentak egin dituzte; iazko garai berean izandakoak baino %16 gehiago; negozio zifra, berriz, 463,7 milioikoa izan da. Batzarrean, 36 milioi euroko mozkinak akziodunen artean banatzea erabaki zuten. Hala, akzio bakoitzeko 10,5 euroko dibidendua banatuko du CAFek; zergen kenkariak kenduta, ordea, kopuru hori 8,29 euroan geldituko da. Beste 55,7 milioi euro, erreserba moduan gordeko dituzte. Nazioartea jomuga Ekonomia krisiaren eragina mundu mailan zabaldu bada ere, CAFen apustu nagusia nazioartean bere produktuak zabaltzen jarraitzea izango da, Jose Mari Baztarrika presidenteak esandakoaren arabera. Hala, aurten duten eskarien zorroa 5.000 milioi eurokoa dela azaldu zuten, eta hori, CAFek sekula izan duen kopururik handiena da. Pasa den urtean [...]
CAF enpresak iazko emaitzak hobetzea lortu du aurten, eta 1.725 milioi euroko negozio bolumena lortu du, pasa den urtekoa baino %10 handiagoa. Pasa den larunbatean egin zuten akziodunen batzarrean jakinarazi zuten datua. Hala ere, egungo egoera ekonomikoa «azken hamarkadetako zailena» dela azaldu zuten, eta horrek, nazioarteko merkatuan ere eragin handia izan duela.
Iazko eta aurtengo lehen hiruhileko emaitzek, CAF enpresaren «osasun ona eta sendotasuna» agerian uzten dutela uste dute konpainiaren arduradunek. Irabazien eta galeren taulari begiratuta ere, emaitzek hobera egin dute aurten; 146,2 milioi euroko irabazi garbiak dituzte, 2010ean baino %13 gehiago. Urteko lehen hiruhilekoan ere, 463 milioiko salmentak egin dituzte; iazko garai berean izandakoak baino %16 gehiago; negozio zifra, berriz, 463,7 milioikoa izan da.
Batzarrean, 36 milioi euroko mozkinak akziodunen artean banatzea erabaki zuten. Hala, akzio bakoitzeko 10,5 euroko dibidendua banatuko du CAFek; zergen kenkariak kenduta, ordea, kopuru hori 8,29 euroan geldituko da. Beste 55,7 milioi euro, erreserba moduan gordeko dituzte.
Nazioartea jomuga
Ekonomia krisiaren eragina mundu mailan zabaldu bada ere, CAFen apustu nagusia nazioartean bere produktuak zabaltzen jarraitzea izango da, Jose Mari Baztarrika presidenteak esandakoaren arabera. Hala, aurten duten eskarien zorroa 5.000 milioi eurokoa dela azaldu zuten, eta hori, CAFek sekula izan duen kopururik handiena da.
Pasa den urtean aterako proiekturik gehienak nazioarteko merkatura zabaldu zituzten, hala nola Brasil, Turkia, Eskozia edota Belgika bezalako herrietara. Iaz egiten hasitako trenek berriz, Saudi Arabia, Venezuela, Kolonbia, Serbia eta Irlanda dituzte jomuga.