Patxi Zubizarreta: «Kontaketa beti da terapeutikoa, baina kasu honetan etikoa ere bai»
Galtzaile izan ziren haiei ahotsa itzultzeko ahalegina egin du Patxi Zubizarretak (Ordizia, 1964) Hiru gutun Iruñetik bere hamargarren nobelan. Bi ordiziar dira liburuaren pertsonaiak, Pirinioetako Bidankoze herria da paisaia, eta bi protagonistak lotzen dituen Baliarraingo emakume batek sortzen du pasioa kontakizunean. «Pasioa, azkenik, ia perbetsioa ere bada nobela honetan». 1936ko gerran eta gerraostean kokatu duzu zure azken lana. Zergatik iraganera bidaiatzeko gogo hori? Lehendik ere agertu izan dut joera hori. Hor daude, esate baterako, 1948ko uda edo Emakume sugearen misterioa bezalako gazte nobelak, edo Urrezko giltza disko liburua. Oroimena, batez ere ezabatu nahi izaten denean, oso da beharrezkoa, baina Joseba Sarrionandiak dioen bezala, oroimena bezain garrantzitsua da ahazmena. Txikitako bi adiskide ordiziar dira liburuaren protagonistak, Gabriel Arratibel eta Rafael Zubeldia. Zergatik bi herritar? Diktadura garaian gauza asko zapaldu egiten dira, ezkutatu. Egin kontu: nire aitonak ia ez zekien gaztelaniaz eta nik, diktaduran jaioa, denboraren poderioz euskara galdu nuen. Galarazi eta galduarazi nahi izan ziguten. Eromen horretan izenak ere aldatzen dira eta Larrañeta lasai asko La Reineta bihurtu daiteke. Nik herri izen hori erabili izan dut lehen aipatutako nobeletan, baina, izen horren azpian nire jaioterria dago: Ordizia. Hala ere, oraingoan kontuak oso hurbilekoak ziren, emozio handia eragiten zidaten, espazioak ere errealegiak [...]
Galtzaile izan ziren haiei ahotsa itzultzeko ahalegina egin du Patxi Zubizarretak (Ordizia, 1964) Hiru gutun Iruñetik bere hamargarren nobelan. Bi ordiziar dira liburuaren pertsonaiak, Pirinioetako Bidankoze herria da paisaia, eta bi protagonistak lotzen dituen Baliarraingo emakume batek sortzen du pasioa kontakizunean. «Pasioa, azkenik, ia perbetsioa ere bada nobela honetan».
1936ko gerran eta gerraostean kokatu duzu zure azken lana. Zergatik iraganera bidaiatzeko gogo hori?
Lehendik ere agertu izan dut joera hori. Hor daude, esate baterako, 1948ko uda edo Emakume sugearen misterioa bezalako gazte nobelak, edo Urrezko giltza disko liburua. Oroimena, batez ere ezabatu nahi izaten denean, oso da beharrezkoa, baina Joseba Sarrionandiak dioen bezala, oroimena bezain garrantzitsua da ahazmena.
Txikitako bi adiskide ordiziar dira liburuaren protagonistak, Gabriel Arratibel eta Rafael Zubeldia. Zergatik bi herritar?
Diktadura garaian gauza asko zapaldu egiten dira, ezkutatu. Egin kontu: nire aitonak ia ez zekien gaztelaniaz eta nik, diktaduran jaioa, denboraren poderioz euskara galdu nuen. Galarazi eta galduarazi nahi izan ziguten. Eromen horretan izenak ere aldatzen dira eta Larrañeta lasai asko La Reineta bihurtu daiteke. Nik herri izen hori erabili izan dut lehen aipatutako nobeletan, baina, izen horren azpian nire jaioterria dago: Ordizia. Hala ere, oraingoan kontuak oso hurbilekoak ziren, emozio handia eragiten zidaten, espazioak ere errealegiak ziren, eta ez dut ezkutuka edo zeharka ibiltzeko gogorik izan.
Gerrak banatu eta urrundutako bi lagunen istorioa da azken batean. Gerra hark sortu zuen zatiketa irudikatu nahi izan al duzu?
Esango nuke, gurean, familia asko eta asko ideologizatu gabeak izan direla, ez oso markatuak behintzat. Eta gerran oso normala izan zen bi anaia fronte desberdinetan egokitzea, jakin gabe, tiro egiten ari zirela, parean anaia ote zegoen… (Otañoren Txantxangorri kantaria nobela zoragarrian agertzen den bezala). Nirean, soldadutzak banatu zituen bi lagun hauek, eta kontua da soldadutza, askorentzat, ez zela bukatu, gerra bilakatu zela, eta bat-batean aurrez aurre gertatu zirela. Entzuna dut, gerra bukatu zenean, presoak merkantzia tren batean eraman zituztela Donostiatik Mirandako kontzentrazio esparrura –El infierno esaten zioten…–, eta Ordiziako geltokian trenak abiada mantsotu eta ama batek eskutik eskura eman ahal izan ziela bi seme presori jatekoren bat, arroparen bat. Eszena hunkigarria zait. Erdiragarria.
«Batzuetan, gertaera batzuen berri ematean, esaten da kontatuta ere ezin direla sinetsi», esan zenuen nobelaren aurkezpenean. Gauzak kontatu egin behar direla diozu, zer pentsatua emateko, arrasto bat uzteko. Zer arrasto utzi nahi duzu zuk?
Langile Bataloietan ibili zirenek horixe esaten zuten, kontatuta ere, ez zietela sinestuko. Hain ziren kontu latzak, hain izan ziren izugarrikeria handiak. Izan ere gerra ez baitzen bukatu. Noiz bukatzen da gerra bat? Hilobi guztiak agerian jartzean? Edozein modutan, nik uste dut gertaera beldurgarri hauek kontatu egin behar direla, jakin arren batzuen ustez ahoberokeriak direla. Kontaketa beti da terapeutikoa, baina kasu honetan baita etikoa ere.
Miguel Delibes ere gogoan izan zenuen aurkezpenean, hark esaten baitu hiru p eduki behar dituela nobela batek: pertsonaia, paisaia eta pasioa. Zer burutazio zenerabiltzan hiru p horiek aukeratzekoan?
Nobela bat egitea lantegi nekeza da, eta esplikatzea ere erraza ez. Horregatik aipatu nuen hiru p horien kontua. Pertsonaia, kasu honetan, bikoiztu egin zait eta bi lagun asmatu ditut. Paisaia, argi baino argiago dago: Erronkari eta Zaraitzu ibarrak lotzen duen ingurumaria da, eta bide erditsuan dagoen Bidankoze herria, Pirinioetako atari ederra, baina infernu bihurtu zutena –hango errepidea egiteko ehunka lagun eraman zituzten, bertako herritarren kopuruaren halako hiru edo lau–. Pasioa, azkenik, ia perbertsioa da nobela honetan, bi protagonistek gorrotoa baitiote elkarri.
Eta nola irudikatu behar du irakurleak pasio edo perbertsio hori?
Bai, arrazoi duzu, pasioa ere badago. Behin, idazle italiar baten nobela irakurri nuen, Beppe Fenoglioren Un asunto privado. Istorioa gerran kokatuta dago, baina ez da inondik ere gerra nobela bat. Soldadu batek jakin beharra dauka ea lagun minak harremana izan duen bere andregaiarekin. Hor konpon balak, segadak eta batailak, soldadu horrek beste konturik ez du izango, beste pasiorik ez. Eta nire honetan ere badago bi protagonistak lotzen dituen emakume baliarraindar bat. Ezin gehiago esan…
Hiru ataletan banatu duzu kontakizuna. Laburbil al zenezake nobelaren egitura?
Ondo gogoan dut, ustekabean, Al enemigo ni agua erreportajea ikusi ondoren, jo eta ke hasi nintzela gerra eta gerra ondorenari buruzko liburuak irakurtzen. Eta bitartean zain egon nintzela, jakin gabe zer kontatuko nuen eta, bereziki, nola, zein ahotsetan. Halako batean, aukera hori bururatu zitzaidan, ametsetan ari nintzela, eta beste hiru p erabili nituen, hiru pertsona alegia. Estraineko atalean, Gabriel eta Rafaelen arteko eskutitzak daude, lehen pertsonan kontatuak, gipuzkeraz, hika, Ordizia eta Afrika artean. Bigarren atalean, 3. pertsona erabili nuen, kontalari orojakilearen ikuspuntutik. Baina bukaerako atalean, narratzailea 2. pertsonan zuzentzen zaio Rafaeli, bere ihesaldia zuzenean kontatzeko.
Harkaitz Canok dio gaur egungo artistak kleptomanoa izan behar duela. Zenbat ikasi duzu nobela hau egiten? Eta zein irakasgai atera duzu?
Ikasi? Ezkutatua izan zaigun errealitate baten susmoa banuen, noski, susmoa baino gehiago, baina hain kontu gordinak, hain lazgarriak… ez dakit, ba, espero ote nituen. Eta, jabetu, batez ere herritar, baserritar xumeek erakutsi zuten duintasunaz jabetu naiz. A ze lekukotasunak dauden!
Bereziki bi liburu izan dituzu inspirazio iturri: Aitor Azurkiren Maizales bajo la lluvia eta Fernando Mendiolaren eta Edurne Beaumonten Esclavos del franquismo del Pirineo. Horrekin ondoriozta al daiteke zure nahia garai hartara itzultzea zela?
Nobela Alberto de Olmosen aipu batekin hasten da: «Aurreiritziak dira, bai, baina ezin ditut gerra zibilari buruzko nobelak jasan, ezta holokaustoari buruzkoak edo saritutakoak ere». Nik neuk ere izan dut sentsazio hori. Baina bi liburu horiek irakurtzen dituenak aise ulertuko du galtzaile izan ziren haiei ahotsa itzultzeko gogoa izatea. Oso ulergarria zait gerrari buruzko kontuak gogaikarri iruditzea, baina, kontraesana izan arren, horien beharra nabarmentzea ere beharrezkoa zait.
Faxismo berria azaltzen ari direla diozu, eta horrek intelektualak uxatzen dituela.
Faxismoa, trantsizioa, lokartuta egon dela iruditzen zait, baina gero eta lotsagabeago ageri da. Sibilinoki sartu nahi diguten beldurrarekin batera. Horregatik uste dut erne ibili beharra dagoela eta atzerakako bidaia literario hauek beharrezkoak direla, bakoitzak bere ondorioak atera ditzan.