Ikasleak udaletxeetara proposamenekin
Azken ikasturte amaieretan egin duten bezala, aurten ere ikastetxeetako haurrak udaletxeetara ari dira joaten Eskolako Agenda 21ean landu dutena aurkeztu eta herri bakoitzeko alkateei euren proposamenak luzatzeko. Urtean zehar biodibertsitatearen gaia landu dute Eskolako Agenda 21 barruan Goierriko eskoletan. Aste honetan Segura, Ormaiztegi eta Zegamako haurrak izan dira udaletxeetan, besteak beste. Seguran, gela bakoitzeko ordezkari bana joan ziren udaletxera asteartean. Gelan landutako gaien aurkezpena egin zuten lehenik, kontsumoaren, hondakinen, uraren, mugikortasunaren eta orokorrean biodibertsitatearen inguruan ikasi eta aztertu duten guztia azalduz. Eskolatik gai hauek lantzeko egindako irteeren inguruan ere informatu zuten Eluska Gerriko alkatea. Egin zituzten proposamenen artean, Gain Argin sortzen diren trafiko arazoak konpontzeko udaltzain bat jartzea, eskolako eraikin berria jasangarria izatea, jolastokietako zakarrontzietan ontzientzako beste zakarrontzi bat jartzea, frontoirako bidean jabeek txakurren kakak jaso behar dituztela ohartarazteko kartelak jartzea, urik ez galtzeko iturriko txorrota berriak jartzea, eta berogailua ere batere ondo ez dabilela azaldu zuten. Gerrikok, egindako proposamenak eskertu zizkien, eta aipatutako zenbait gai jada aztetzen ari direla eta beste zenbait erabaki hartzeko Eusko Jaurlaritzaren erantzunaren zain daudela azaldu zien ikasleei. Ormaiztegin ere asteartean joan ziren haurrak udaletxera. Herrian arduraz jokatzeko konpromezua hartu dute landare eta animaliekin, eta zaborrak lurrera ez botatzeko zina egin dute. Aurreko urteetan eskatutako [...]
Azken ikasturte amaieretan egin duten bezala, aurten ere ikastetxeetako haurrak udaletxeetara ari dira joaten Eskolako Agenda 21ean landu dutena aurkeztu eta herri bakoitzeko alkateei euren proposamenak luzatzeko. Urtean zehar biodibertsitatearen gaia landu dute Eskolako Agenda 21 barruan Goierriko eskoletan. Aste honetan Segura, Ormaiztegi eta Zegamako haurrak izan dira udaletxeetan, besteak beste.
Seguran, gela bakoitzeko ordezkari bana joan ziren udaletxera asteartean. Gelan landutako gaien aurkezpena egin zuten lehenik, kontsumoaren, hondakinen, uraren, mugikortasunaren eta orokorrean biodibertsitatearen inguruan ikasi eta aztertu duten guztia azalduz. Eskolatik gai hauek lantzeko egindako irteeren inguruan ere informatu zuten Eluska Gerriko alkatea.
Egin zituzten proposamenen artean, Gain Argin sortzen diren trafiko arazoak konpontzeko udaltzain bat jartzea, eskolako eraikin berria jasangarria izatea, jolastokietako zakarrontzietan ontzientzako beste zakarrontzi bat jartzea, frontoirako bidean jabeek txakurren kakak jaso behar dituztela ohartarazteko kartelak jartzea, urik ez galtzeko iturriko txorrota berriak jartzea, eta berogailua ere batere ondo ez dabilela azaldu zuten.
Gerrikok, egindako proposamenak eskertu zizkien, eta aipatutako zenbait gai jada aztetzen ari direla eta beste zenbait erabaki hartzeko Eusko Jaurlaritzaren erantzunaren zain daudela azaldu zien ikasleei.
Ormaiztegin ere asteartean joan ziren haurrak udaletxera. Herrian arduraz jokatzeko konpromezua hartu dute landare eta animaliekin, eta zaborrak lurrera ez botatzeko zina egin dute. Aurreko urteetan eskatutako Urbeltz iturri konpodu berria ere ondo zaintzeko hitza eman zuten.
Eskarien artean, eskolako sarrera adierazten duen seinale bat jartzea, zebrabide bat jarri edo abiadura murrizteko neurriak hartzea, eta herriko zuhaitzen inbentarioa berritzea egin zuten, beste hainbat eskariren artean. Urbeltzeko iturriaga konpontzeagatik eskerrak ere eman zizkieten udal ordezkariei herri eskolako ikasle guztien izenean.
Atzo Zegaman
Zegaman, berriz, atzo izan ziren ikasleak Edurne Albizu alkatearekin. Haur Hezkuntzakoek inguruko animalia eta landareak aztertu dituzte, LH-ko lehen ziklokoek basoko landaredia eta animaliak aztertu dituzte, bigarren ziklokoek erreka ingurukoak eta hirugarrenekoek basoa eta paisaia mota ezberdinak landu dituzte eta berezkoak eta landatutakoak zein diren bereizten ikasi dute.
Hori guztia landu ondoren, proposamenak ere izan dituzte ahotan, eta atzo azaldu zituzten. Proposmen horiek gainera, ez dira udaletxera begirakoak bakarrik izan: eskola mailan, beraien etxeetan eta herri mailan betetzeko konpromisoak dira hartu dituztenak.
Beste herrietan bezala, Zegaman ere txakur kakekin arazo bat dagoela konturatu dira ikasleak, eta horri erremedioa jarri nahian neurriak hartzeko eskatu dute, debekuak jartzeko eskatuz; etxean dituzten animalien gorotzak jasotzeko konpromisoa ere hartu dute haurrek.
Horrez gain, beste eskari asko egin dituzte. Hala nola, zuhaitz eguneak egiten jarraitzea, basoak ez botatzea eta landatzen diren zuhaitzak bertakoak izatea, adibidez. Audientzian ikasle, irakasle eta alkateaz gain, gurasoak eta jangleako langileak ere izan ziren, Aizkorri-Aratz Interpretazio zentroko Nerea Tauschke, irakasle izandako Mila Alustiza, Artelatzeko Arantxa Oria eta lan hau egiten lagundu duten beste zenbait herritar ere bai.
Albizuk ikasleek egindakoak eta euren eskariak jaso eta horien inguruan ikasleei erantzun bat ematekotan gelditu zen. Bere aldetik, ikasleei herriko loreak zaintzeko eskatu zien.
Idiazabalgo udalera, berriz, datorren ostiralean joango dira Aita Iparragirreko ikasleak euren proposmenak egitera.













