
Eusko Jaurlaritzako Turismo Zuezendari den Isabel Muelaren arabera «Euskadin krisia badago ere, turismoak oraindik indar handia izaten jarraitzen du». Horretarako «bertako zerbitzuak gehitzen eta daudenak eraberritzen jarraitu beharra dago».
Halaxe azaldu zuten atzo Olaberriako Castillo hotelean egin zen prentsaurrekoan. Castilloko logelak eraberritu osteko aurkezpena izan zen atzo Castillon: hain bereizgarri duen dotorezia klasikoarekin hautsiz, logela modernoagoengatik egin dute apostu bi urte iraun dituen obra eginez.
Eraberriketen hauen inguruan aipatu zen «behar beharrezkoak direla irisgarritasunaren, promozionatzearen eta orokorrean eraberriketak egitea» jendea erakartzen jarraitzeko.
Eta eraberritzearen eta eskaintza zabaltzearen inguruan Zegamako Arrieta Haundin ondo bain hobeto jakin dute. Lehen Arrieta Txiki zen eraikinari altuera pixka bat gehiago eman eta hiru apartamendu turistiko egin dituzte, Arrieta Haundi nekazalturismoaren aldamenean.
Gela bakoitzari emakume mitologikoen izenak eman dizkiete, «emakumeei egindako omenaldi gisara». Lierni Altube arkitektuak diseinatu eta dekoratutako eraikin berriak energia berriztagarriarekin funtzionatzen du eta zorua ere mikromortero izeneko material berrerabili batekin egina dago.
Castillon bezala, kolore gris eta txuria dira gehien erabili direnak paretei dagokienez Arrieta Haundin ere, baina kasu honetan egurra eta harriari ere tarte handia egin zaie, «naturarekin harremanetan senti daitezen bertara doazenak, leihoetatik ikusiko duten paisaia zoragarriaz gozatzeko aukera izateaz gain».