Hileta zibilak egiteko ordenantza aho batez onartu du osoko bilkurak
Ezkontza zibilak egiten diren moduan, hemendik aurrera hileta zibilak egiteko aukera ere izango da Beasainen. Udalbatzaren osoko bilkurak aho batez onartu zuen hileta horiek arautzen dituen ordeanantza; horrekin batera, hileta horiek egiteko gune bat prestatzeko konpromisoa ere hartu dute. Koldo Agirrek, hileta zibilak egiteko aukera ematea, «gizartearen normalizazioan urrats bat gehiago» dela azaldu zuen, horrelako errituak «erlijio konnotazioetatik urrun, modu zibil eta laikoan» ospatzeko aukera baita. Lokalari dagokionean, Igartza monumentu multzoan aurreikusitako aretoak erabiliko direla dio ordenantzak; lokala zein izango den ez dute zehaztu, ordea. Hala ere, «aretoa ekitaldiaren seriotasuna bermatzeko moduan» egokituko dutela azaldu dute. Senideek bestelako apaingarriak jartzeko aukera izango dute, baina beti ere, aurrez jakinarazita. Hiletak ezingo dira gorpua aurrean dela egin; errautsen kasuan, ordea, kutxa bertan dela egin ahal izango da hileta. Hileta zibilak egiteko eskaerak udaletxean egin behar dira, heriotza ziurtagiria eta bestelako dokumentazioa aurkeztuta. Astelehenetik igandera egin ahal izango dira, goizez (10:00-14:00) edo arratsaldez (17:00-20:00). Hala ere, ordutegi hori alkatearekin edo zinegotziekin hitzartu beharko da. Lokal hori ordubetez erabiltzeko, 50 euro ordaindu beharko dira. Errautsentzako kolunbarioak Gai horrekin lotuta, errautsentzat hilerrian jarriko diren kolunbarioen ordenantza ere onartu zuten. Agirreren arabera, «gizartean ohitura aldaketa nabarmena» izan da, eta egun, «hildakoen %60 erraustu egiten da». Hori dela eta, [...]
Ezkontza zibilak egiten diren moduan, hemendik aurrera hileta zibilak egiteko aukera ere izango da Beasainen. Udalbatzaren osoko bilkurak aho batez onartu zuen hileta horiek arautzen dituen ordeanantza; horrekin batera, hileta horiek egiteko gune bat prestatzeko konpromisoa ere hartu dute. Koldo Agirrek, hileta zibilak egiteko aukera ematea, «gizartearen normalizazioan urrats bat gehiago» dela azaldu zuen, horrelako errituak «erlijio konnotazioetatik urrun, modu zibil eta laikoan» ospatzeko aukera baita.
Lokalari dagokionean, Igartza monumentu multzoan aurreikusitako aretoak erabiliko direla dio ordenantzak; lokala zein izango den ez dute zehaztu, ordea. Hala ere, «aretoa ekitaldiaren seriotasuna bermatzeko moduan» egokituko dutela azaldu dute. Senideek bestelako apaingarriak jartzeko aukera izango dute, baina beti ere, aurrez jakinarazita. Hiletak ezingo dira gorpua aurrean dela egin; errautsen kasuan, ordea, kutxa bertan dela egin ahal izango da hileta.
Hileta zibilak egiteko eskaerak udaletxean egin behar dira, heriotza ziurtagiria eta bestelako dokumentazioa aurkeztuta. Astelehenetik igandera egin ahal izango dira, goizez (10:00-14:00) edo arratsaldez (17:00-20:00). Hala ere, ordutegi hori alkatearekin edo zinegotziekin hitzartu beharko da. Lokal hori ordubetez erabiltzeko, 50 euro ordaindu beharko dira.
Errautsentzako kolunbarioak
Gai horrekin lotuta, errautsentzat hilerrian jarriko diren kolunbarioen ordenantza ere onartu zuten. Agirreren arabera, «gizartean ohitura aldaketa nabarmena» izan da, eta egun, «hildakoen %60 erraustu egiten da». Hori dela eta, hilerrian errautsentzako gune bat gordetzea erabaki dute.
Prezioari dagokionean, kolunbarioa 10 urtean erabiltzearen truke 300 euro ordaindu behar dira; erabilera hori beste 10 urtez luzatzeko, berriz, 200 euro.
36ko Gerran Beasainen fusilatutako 32 lagunei omenaldia egingo diete
Bilduk bi mozio aurkeztuta zituen osteguneko osoko bilkuran. Batek onarpen zabala izan zuen, baina besteak kontrako iritzi ugari sortu zituen oposizioko alderdien artean. Aurrenekoa, 36ko Gerrako fusilamenduei dagokiona izan zen. Testuak, 1936ko uztailaren 26 eta 28 artean, faxistek Beasainen fusilatutako 32 lagunak hartzen ditu gogoan. Gertakari horien 76. urtemuga gogoratzeko, uztailaren 27an, Dolarea eta Zapatari kaleen artean oroigarri bat jarri eta ekitaldi xume bat egingo dute, fusilatuei «herriaren errekonozimendua» agertzeko eta «horrelako gertakariak inoiz» errepika ez daitezen.
PPko Julio Herrerosek, «iraganeko kontuak» direla eta «gaia bere horretan» utzi behar litzatekeela esan zuen, «orduko minak eta hildakoak deshobiratu beharrean». PSE-EEko Alfonso Segadek berriz, Beasaingo Udalak 2006an «fusilatuei errekonozimendua aitortu» ziela gogorarazi zuen. «Familiei opari bat egin zitzaien, eta han bukatu zen hura». Hala ere, alde bozkatu zuten, «badakigulako gerra zer izan zen».
Nafarroaren konkista
Nafarroako konkistaren 500. urtemuga dela eta, Nafarroa Bizirik taldearen testua aurkeztu zuen Bilduk. Aitor Aldasorok (EAJ), «Nafarroa arma bidez konkistatu» zutela dioen zatiarekin ados dagoela esan zuen, baina ez nafar estatuaren aldarrikapenarekin, EAJk, «zazpi probintziako Euskadi» defendatzen baitu. Unai Baztarrikak erantzun zion biak gauza bera direla, «Euskal Herria da nazioa, eta Nafarroa estatua». PSE-EEko kideek ez zuten bozkatu nahi izan. Oposizio osoa kontra zela, testua ez zen aurrera atera.