Heziketan sakontzeko ikastaroak Legazpin
Legazpiko Oripavi -Bizitzarako Orientabidea- elkarteak irakasleei, gurasoei, zein gazteei zuzendutako ikastaroak antolatu ditu ekainerako eta uztailerako. Ikasturteari nolabaiteko amaiera emateko, gainera, Kulturarteko Eguna antolatu dute uztailaren 7rako. Oripavi elkartea orain lau urte sortu zen Legazpin, bost lagun elkartu eta bizitzari buruz hausnartzen hasi zirenean. Bertan, beste herri askotan bezala, gurasoek une jakinetan hartzen dituzten jarreren inguruan «gabeziak» daudela ohartu ziren. Gabezi horiei erantzun asmoz, komunitatearentzako lana egiteko asmoarekin jaio zen, batez ere gurasoei eta irakasleei begira. Pedagogia Sistemikoa lantzen dute helburu horiek lortzeko. Kontzeptu berria da Euskal Herrian, baina poliki-poliki zabaltzen ari dena. Familia sistemak, eskola sistemak eta gizarte sistemak transmititzen dutenaren bidez irakasten den pedagogia da. Gentzane Arruabarrena Oripavi taldeko kidearen hitzetan «pedagogia berritzailea da» eta «bizitzarako guztiz baliagarria». Pedagogia Sistemikoak gelako eguneroko egoerak, arazok edo gatazkak bideratzeko laguntza ematen du. «Pedagogia ikusteko beste modu bat da», adierazten du Oripaviko kideak. Eskola, gizartea eta familia sistematan antolatuta daudela hartzen du abiapuntutzat, eta sistema horiek aztertzen ditu. Horretarako erabiltzen duen tresna Familia Konstelazioa da. Tailerrak ekainean Azken urte hauetan, gurasoei eta irakasleei, batez ere, zuzendutako makina bat tailer antolatu dituzte. Tailerrak «bi urteko iraupena duen Laguntza eta Gainbegiratze Programa bateko parte dira» zehaztu du Arruabarrenak. Ekainaren 21ean eta 23an egingo [...]
Legazpiko Oripavi -Bizitzarako Orientabidea- elkarteak irakasleei, gurasoei, zein gazteei zuzendutako ikastaroak antolatu ditu ekainerako eta uztailerako. Ikasturteari nolabaiteko amaiera emateko, gainera, Kulturarteko Eguna antolatu dute uztailaren 7rako.
Oripavi elkartea orain lau urte sortu zen Legazpin, bost lagun elkartu eta bizitzari buruz hausnartzen hasi zirenean. Bertan, beste herri askotan bezala, gurasoek une jakinetan hartzen dituzten jarreren inguruan «gabeziak» daudela ohartu ziren. Gabezi horiei erantzun asmoz, komunitatearentzako lana egiteko asmoarekin jaio zen, batez ere gurasoei eta irakasleei begira.
Pedagogia Sistemikoa lantzen dute helburu horiek lortzeko. Kontzeptu berria da Euskal Herrian, baina poliki-poliki zabaltzen ari dena. Familia sistemak, eskola sistemak eta gizarte sistemak transmititzen dutenaren bidez irakasten den pedagogia da. Gentzane Arruabarrena Oripavi taldeko kidearen hitzetan «pedagogia berritzailea da» eta «bizitzarako guztiz baliagarria».
Pedagogia Sistemikoak gelako eguneroko egoerak, arazok edo gatazkak bideratzeko laguntza ematen du. «Pedagogia ikusteko beste modu bat da», adierazten du Oripaviko kideak. Eskola, gizartea eta familia sistematan antolatuta daudela hartzen du abiapuntutzat, eta sistema horiek aztertzen ditu. Horretarako erabiltzen duen tresna Familia Konstelazioa da.
Tailerrak ekainean
Azken urte hauetan, gurasoei eta irakasleei, batez ere, zuzendutako makina bat tailer antolatu dituzte. Tailerrak «bi urteko iraupena duen Laguntza eta Gainbegiratze Programa bateko parte dira» zehaztu du Arruabarrenak. Ekainaren 21ean eta 23an egingo dituzte horietako bi.
Ekainaren 21ean, Luz Clemente kale hezitzaileak familiei zuzendutako hitzaldia eskainiko du Nerabeak heziz izenburupean. 18:00etatik 20:30era izango da Legazpiko kultur etxean. Ekainaren 23an, aldiz, irakasleen txanda izango da. Marta Alvadalejo unibertsitateko irakaslea, aholkulari pertsonala eta coaching delakoan aditua da. Elkarrizketa eraginkorrei buruz arituko da, 10:00etatik 13:00etara luzatuko den jardunaldian.
Behin, ekaineko tailerrak amaituta, gazteei zuzendutako topaketak antolatu dituzte uztailaren 4tik 6ra. Lakiolako aterpetxean izango da egonaldia, eta 20 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta dago. Arruabarrenak argitu duenez, «elkarbizitza honen helburua norberaren barnean sakontzea da». Izena emateko epea irekita dago jada. Nahi duenak 687 52 71 11 telefonora deitu dezake. Informazio gehiagorako oripavi.com web gunea ere bisitatu daiteke.
Kulturarteko Eguna
Ikasturteari jai giroan emango diote amaiera, Kulturarteko Egunarekin. Uztailaren 7an izango da eta prestaketa lanetan buru belarri dabiltza, orain Oripaviko kideak. Egun osoan zehar zabalduko den egitaraua antolatzea da asmoa, Gentzane Arruabarrenak azaldu duenez. «Goizean haurrentzako jolasak eta interkulturalitatearen inguruko tailerrak izango dira», esan du.
Horrekin batera munduko gastronomiaren eta artisautzaren erakusleiho izango den merkatu bat ere antolatuko dute Euskal Herria plazan. Folkloreari ere egingo diote leku bat, «Senegalgo eta bertako taldeen erakustaldiak izango dira», diote Oripavitik.
Arratsaldean gazteei zuzendutako ekintzak antolatuko dituzte Ai Laket!! taldekoekin elkarlanean eta eguna borobiltzeko kontzertuak izango dira gauean. Arruabarrenak aurreratu duenez, «momentuz, Irungo Bad Sound Sistem taldeak eta DJ turkiar batek baieztatu dute euren presentzia». Bitartean, datozen asteetan egingo diren ekintzetan parte hartzera gonbidatu ditu herritar guztiak.













