Politikarien ahotan hondakinen arazoa bilketa sistemara mugatzen da
Hondakinen kudeaketaren gaiak zeresan asko sortu du azkenaldian, Gipuzkoan batez ere. Gai honen inguruan argitasun pixka bat emateko asmoz, Goierriko Hitza egunkariak eta GoiBerri aldizkariak lau alderdi politikotako ordezkariak batu ditu mahai beraren bueltan, bakoitzak dituen iritzi eta ikuspuntuak azaltzeko: Aralar alderdiko Aser Lertxundi, PSE-EEko Mikel Serrano, Bilduko Juan Karlos Alduntzin eta EAJko Zorione Etxezarraga.
Xabier Urteaga kazetaria gidari zutela egin zuten mahai ingurua asteazken arratsaldean, Ormaiztegiko kultur etxean. Aretoa lepo bete zen adin ezberdinetako eta herri desberdinetatik etorritako jendearekin, gaiak pizten duen interesak erakarrita goierritar ugari izan baitziren politikarien hitzak eta iritziak entzuten.
Hondakinen kudeaketaren gaia oso zabala bada ere, errauste planta eta atez-ateko bilketa sistema izan ziren hizlarien ahotan gehien ibili ziren hitzak. Atez-atekoaren aurka, Zorione Etxezarragak esan zuen Bilduren asmoa «ona» baina «idilikoa» dela: «Une honetan Gipuzkoan hiru zabortegi daude ixtear», eta Bilduren asmoa aurrera eramateko «ez dago denborarik». Gainera, «ahal den gehien birziklatzeak ez du ekiditen zerbait beti soberan gelditzea». Horrez gain, atez ateko sistema duten hainbat herritan, biztanle batzuen ustez «herria zikina» egoten da, «jendeak zakarrak errekara-eta botatzen dituelako».
Honen aurrean, Alduntzinek azaldu zuen «atez-atekoaren kontrako kanpaina topikoz beteta» dagoela, «zikina» dela eta antzeko argudioak erabiltzeagatik. Honen aurka esan zuen «atez-atekoarekin zikina hiru ordukoa» dela, eta «egungo sistemaren zikina 24 ordutan jasaten dugu, gure kaleetan ditugun edukiontzien puntu beltzak eta hauek botatzen duten usaina» egun osoan daudelako kalean. Bere esanetan «Europa norabide berriak markatzen ari da» hondakinen kudeaketaren inguruan, eta «Europan eredu» izan daitekeen sistema proposatzen du Bilduk bere ustez.
Norbaiti birziklatzen duen galdetuz gero «denok birziklatzen dugula esaten» dugula, baina «datuak oso bestelakoak» direla azaldu zuen Alduntzinek, eta horren aurrean «atez-ateko bilketarekin lortutako emaitzak onenak» direla azaldu zuen.
Aldekoak eta kontrakoak
Errauste plantaren kontrako eta aldeko iritziak ere entzun ahal izan ziren. Serranoren esanetan «Europa mailan baztertu egin da errauste plantaren toxinak kaltegarriak direnaren eztabaida». Alduntzinek, hori «oraindik» ez dagoela «garbi» esan zion: «Seguroa dela diozu, baina inork ez du nahi errauste plantarik etxe ondoan», gaineratu zion. Serranok bere aldetik, «errauste plantetan sortu daitekeen energia beste gauza batzuetarako erabili daitekeela» azaldu zuen.
Lertxundik, berriz, errauste prozesuaren azken faseari egin zion erreferentzia: errauste plantatik ateratzen diren inerteei eta hauek eramaten dituzten zabortegiei. Bere esanetan «errauste plantez gain, horietan sortzen diren inerteak ere oso toxikoak izaten dira», sortzen dituzten «hondakin, ur zikin eta abarrengatik».
Etxezarragak EAJren plana «ez dela perfektua» esan zuen, «baina dagoen ekologikoena eta ekonomikoena» dela azpimarratu zuen.
Etorkizuna hizpide
Mahai inguruaren amaieran alderdi bakoitzeko hizlariei azken hitza emateko, Urteagak «bihar esnatu eta 2022. urtean» daudela imajinatzeko esan zien, eta horren aurrean hizlari bakoitzak bere asmo eta nahiak plazaratu zituen.
Etxezarragak «gizarte anitzean elkar errespetatzen» den gizarte bat imajinatu zuen, «gu baino aurreratuago dauden beste herrialde batzuei begiratuz» eta gaika birziklatzeko sortuko direla espero duen teknologia berriekin.
Alduntzinek «gurea Europako herrialderik aurreratuenen pare edo aurreratuena» izatea espero du «errauste plantarik gabe, modu jasangarrian eta kostu onargarria» duen proiektuarekin, errauste plantan gastatuko lirateken «400.000.000 euroekin hipotekatuta egon gabe».
Serranok «gauzak ez direla horrela» eta «errespetuan oinarritutako gizarte batean esnatzea» nahiko lukeela azaldu zuen. Lertxundik ere «denok birziklatzearekin ados gaudenez, adostasun bat lortzearen alde» azaldu zen, eta azpiamarratu zuen «inork» ez duela etxe ondoan nahi «errauste plantaren itxiera fasea», hondakin inerteak, alegia.
Iritziak iritzi, hondakinen gaiak zer esan ugari sortuko du aurrerantzean ere Gipuzkoan.














