Juniorren Gipuzkoako Itzuliko lau etapetatik hiru Goierrin jokatuko dira, bihartik astelehenera
Gipuzkoako 23. Itzulia bihar hasiko da, Zumarragan, txirrindulari juniorrentzat. Lau eguneko lehia izango dute, aitzinetapa batekin eta errepideko hiru etapa gehiagorekin osatuta. Goierrin jokatuko da gehiena, lau jardunalditatik hiru bertan antolatu b...
Gipuzkoako 23. Itzulia bihar hasiko da, Zumarragan, txirrindulari juniorrentzat. Lau eguneko lehia izango dute, aitzinetapa batekin eta errepideko hiru etapa gehiagorekin osatuta. Goierrin jokatuko da gehiena, lau jardunalditatik hiru bertan antolatu baitituzte elkarteek, bukaera barne.
Zumarragako kaleetan markatutako ibilbide laburrarekin –2,4 kilometro— hasiko da Gipuzkoako Itzulia, bihar 18:30ean. Erlojupekoa da, eta txirrindulariak 30 segundoro irtengo dira, Euskadi enparantzatik abiatu eta Antioko Arkaitzeta soziedaderaino.
Errepideko lehen etapa, etzi, ohitura den bezala Olaberrian izango da, Arkupe elkarteak antolatuta. 75 kilometro ibilbidea dute, 10:00etan abiatu eta 11:52 inguruan helmugaratu aurretik. Lierni (bi aldiz), Gabiria eta Olaberria (bi aldiz) igoko dituzte. Azken igoera pikoa izango dute, Olaberriara Korta eta Ojarbide baserrietatik gora joango baitira.
Igandean Andoainera joango da gazteen tropela, han izango baitute bigarren etapa. Hirugarren eta azken jardunaldia, erabakigarria, Segura-Segura etapa da, astelehenean. 89 kilometroan, Lierni hiru aldiz igo beharko dute, azkenekoa helmugatik 3,7 kilometrora. Zerain, eta Mutiloako eta Gabiriako meategi guneko mendatea dira eguneko beste bi aldapa nabarmenenak.
Segurako etapa 16:00etan hasiko da, eta helmugaratzea 18:12rako dago aurreikusita, 40 kilometro orduko bataz bestekoa aintzat hartuta.
Gipuzkoako Txirrindularitza Elkargoaren webgunean, ibilbideen perfilak eta ordutegiak.













