Atez ateko hondakin bilketa sistemaren aldeko mozioa gaur onartuko da
Hamar puntuko gai ordena aztertuko du gaur Ordiziako Udalbatzak, eta horien artean bi nabarmentzen dira: batetik, atez ateko hondakin bilketa sistemari buruz Bilduk aurkeztutako mozioa onartuko da, eta bestetik, EAJk Goierriko enplegu planaren inguruan...
Hamar puntuko gai ordena aztertuko du gaur Ordiziako Udalbatzak, eta horien artean bi nabarmentzen dira: batetik, atez ateko hondakin bilketa sistemari buruz Bilduk aurkeztutako mozioa onartuko da, eta bestetik, EAJk Goierriko enplegu planaren inguruan aurkeztutako mozioa ere eztabaidatuko da. Obra handien eta obra txikien delegazioak bateratzea ere onartuko da. Osoko bilkura 19:00etan hasiko da.
Hondakin bilketa sistemaren inguruko gaiak eztabaida piztu du azken asteetan Ordizian. Herri ekimen bat atez atekoaren aurka sinadurak biltzen aritu da, eta joan den ostegunean, elkarretaratze jendetsua egin zuten Plaza Nagusian. Horrez gain, joan den astelehenean, EAJko Carlos Ormazabal Ingurumen diputatu ohiak eta PSE-EEko Denis Itxasok hitzaldia egin zuten Barrenan, Birziklatzeari bai, atez atekoari ez lemapean.
Bai Ormazabal eta bai Itxaso bat etorri ziren materia organikoa biltzeko bosgarren edukiontziaren aldeko iritzia ematean, eta atez atekoa baztertzean: “Zaborra herri eta hirietako kaleetan ikustea duela hamarkada batzuetako irudia da, gure ustetan zorionez gaindituta genituen garaietakoa, eta atez ateko sistema nozitzen ari diren herrietan ikus daiteke zenbaterainoko zikinkeria eta osasun arriskua duten herritarrek”.
Ordiziako ezker abertzaleak, berriz, gaurko osoko bilkurara joateko deia egin die herritarrei.