Jesus Mari Ormaetxea: «Gazta ez ezik, gaztaren atzean dagoena islatzea da gure helburua»
Etzi ospatuko duten 23. kapitulua aitzaki hartuta, Ordiziako Idiazabal Gazta Kofradiaren jardunaz eta azokaren 500. urteurrenaren harira egiten ari diren ekimenei buruz hitz egin du Jesus Mari Ormaetxea kofradiako lehendakariordeak (Ordizia, 1949). Orain arteko artzaintza ereduak irauteko, gaztaren prezioa bikoiztu egin beharko litzatekeela uste du, «bestela desagertu egingo da». Zein da Ordiziako Idiazabal Gazta Kofradiaren sorburua? Kofradiak Ordiziako gazta lehiaketarekin du zerikusia. 1904an, orduko Euskal Jaietan, egin zen lehen gazta lehiaketa. Plazan egin zen, eta Zamora abizeneko zeraindar batek irabazi zuen. Uste dut 30 pezeta ordaindu zizkiotela. Lehen lehiaketa hura izan zela esan genezake. Eta gerora zer bilakaera izan zuen? 60ko hamarkadan udala hasi zen lehiaketa antolatzen. Udaletxe azpian izaten zen, eta garaiko aurrezki kutxak laguntzen zuen. 80ko hamarkadara arte gai horri heldu ziona Antton Olano izan zen. Udal langilea zen, aparejadorea, eta Faustino Etxebarrieta, Arturo Itziar eta garaiko beste jende batekin aritzen zen. 1989an, ordea, Donostiara joan zen bizitzera, eta lehiaketarenarekin kezkatuta, Kepa Korta garai hartako alkateari kofradia bat sortzeko proposamena egin zion. Horixe da, beraz, ernamuina. Udalarekin elkarlanean, baina udalaz kanpoko erakunde bat sortzea zen ideia. Kepa Kortak Jose Luis Lasari deitu zion, eta 1990an, Donostiako Gastronomia Kofradiak eta Kantabriako Gaztaren Kofradiak bedeinkatu gintuzten. Ni hurrengo urtean sartu [...]
Etzi ospatuko duten 23. kapitulua aitzaki hartuta, Ordiziako Idiazabal Gazta Kofradiaren jardunaz eta azokaren 500. urteurrenaren harira egiten ari diren ekimenei buruz hitz egin du Jesus Mari Ormaetxea kofradiako lehendakariordeak (Ordizia, 1949). Orain arteko artzaintza ereduak irauteko, gaztaren prezioa bikoiztu egin beharko litzatekeela uste du, «bestela desagertu egingo da».
Zein da Ordiziako Idiazabal Gazta Kofradiaren sorburua?
Kofradiak Ordiziako gazta lehiaketarekin du zerikusia. 1904an, orduko Euskal Jaietan, egin zen lehen gazta lehiaketa. Plazan egin zen, eta Zamora abizeneko zeraindar batek irabazi zuen. Uste dut 30 pezeta ordaindu zizkiotela. Lehen lehiaketa hura izan zela esan genezake.
Eta gerora zer bilakaera izan zuen?
60ko hamarkadan udala hasi zen lehiaketa antolatzen. Udaletxe azpian izaten zen, eta garaiko aurrezki kutxak laguntzen zuen. 80ko hamarkadara arte gai horri heldu ziona Antton Olano izan zen. Udal langilea zen, aparejadorea, eta Faustino Etxebarrieta, Arturo Itziar eta garaiko beste jende batekin aritzen zen. 1989an, ordea, Donostiara joan zen bizitzera, eta lehiaketarenarekin kezkatuta, Kepa Korta garai hartako alkateari kofradia bat sortzeko proposamena egin zion.
Horixe da, beraz, ernamuina.
Udalarekin elkarlanean, baina udalaz kanpoko erakunde bat sortzea zen ideia. Kepa Kortak Jose Luis Lasari deitu zion, eta 1990an, Donostiako Gastronomia Kofradiak eta Kantabriako Gaztaren Kofradiak bedeinkatu gintuzten. Ni hurrengo urtean sartu nintzen kofradian.
Idiazabal Gazta sustatzea da zuen helburu nagusiena. Besterik ba al duzue?
Guk, nolabait esateko, bi misio ditugu. Bat, gaztaren defentsa. Gaztaren kontua ez da gazta zati bat jan eta zer goxoa dagoen esatea, baizik eta gaztaren atzean dagoena islatzea, hau da, latxa ardia eta artzaina. Guk artzainen defentsa egiten dugu, beti ere, gazta artisau eran egiten duen artzainarena. Latxa ardia ez da urte osoan ukuiluan egoten den ardi bat, mendira joan beharra dauka, Aralarrera edo Aizkorrira. Ardiak mendiak garbitzen ditu, mendiko lurra ongarritzen digu, eta erabateko lotura dauka ingurumenarekin eta iraunkortasunarekin. Guretzako oso garrantzitsua da hori, betidanik gainera.
Bigarrena zein da, feria?
Bestetik, feria daukagu, eta ordiziar bezala horren alde egiten dugu. Orain 500. urteurrenaz hizketan ari gara, eta argi dago Ordiziaren historian giltzarria dela azoka. Beraz, biekin bat egiten dugu: gazta bai, baina azoka ere bai. Asko hitz egin izan dugu honi buruz, eta denok bat gatoz ideia honekin.
Feriaren 500. urteurrenarekin lotuta, gazta dastatzeak egiten ari zarete. Zer moduzko balorazioa egiten duzue orain artekoaz?
Oso ona. Beti egoten dira hobetu beharreko xehetasun batzuk, baina orokorrean, jendea, zoratzen atera izan da. Lehen ere egiten genituen gazta dastatzeak, baina aurten, urte hasieran, Donostiako Illarra jatetxeko Joxean Eizmendirekin aritu ginen hizketan, eta gure buruari galdetzen genion ea zer egin genezakeen gazta sustatzeko. Gaztarekin kanpora ateratzeko ideia atera zen.
Eta harrezkero non izan zarete?
Illarran, Donostiako elkarte batean, aurki Bilboko Porrua jatetxean egingo dugu, Bartzelonako Euskal Etxearekin eta Mediku Elkargoarekin ere harremanetan gaude, Eibarko hotel batean egongo gara urrian…
Ez dira dastatze hutsak ordea. Donostian Ricardo Remiro artzaina aritu zen gazta egiten.
Artzainari protagonismoa emateko modu bat da, dastatzearekin erabat osagarri dena.
Iraila ere gain-gainean dago. Berritasunik izango al da aurten?
Aldaketekin, nolabait esateko, iaz hasi ginen, aurtengoa buruan genuela. Bi alderditan bereiz genitzake aldaketa horiek. Bat, lehiaketara aurkeztutako gaztak bi egun lehenago jaso genituen iaz. Hori berritzailea izan zen. Eta bestetik, eta hau teknikoa da ia, gaztak bi egun lehenago jasota lortu nahi genuen gazta guztiak egoera berean iristea lehiaketara.
Araudian ere aldaketa batzuk egin zenituzteten.
Artisau eran egindako gazta zein zen definitu genuen iaz. Gazta lehiaketa latxa ardiaren esne gordinarekin artisau eran egindako gaztentzat da. Zer da gazta artisau eran egitea? Zuk dena mekanizatuta badaukazu ez zara gazta artisau eran egiten ari. Gazta goxoa egongo dela ez dut dudarik, baina gazta hori ez dago artisau eran eginda. Hala, kalitate batzorde bat sortzea erabaki genuen. Kalitatea Fundazioa, Idiazabal Jatorri Izendapena, Artzai-Gazta elkartea, Gipuzkoako Foru Aldundia eta gu gaude. Horrek sekulako lasaitasuna ematen digu.
Gazta sustatzeko hainbat ekimen egiten dituzue erakunde ezberdinek. Zer gehiago egin daiteke?
Artzainekin-eta egoten garenean beti esaten diegu haiek egindako gazta 15 euroan ez, baizik eta kiloa 40 euroan saldu beharko luketela. Hori da, nire ustez, artzainek bizirauteko daukaten aukera bakarra. Zuk prezio hori jarri ahal izateko izugarrizko demanda jarri beharra daukazu. Orduan, norengana zuzendu behar duzu zure produktu hori? Ordaindu ahal duenarengana. Bestela, lanbide hau desagertu egingo da, eta desagertzen bada zer? Alukeria galanta gizarte guztiarentzat.
Ohorezko bost kofradiakide berri izendatuko dituzte etzi, 23. kapituluan
Kofradiaren urteroko festatzat jo daiteke Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiak etzi ospatuko duen 23. kapitulua. Ohi bezala, ohorezko bost kofradiakide berri izendatuko dituzte etziko ekitaldian: Patxi Arizmendi Aramako Iturriotz baserriko nekazaria; Jesus Ansola Mausitxa Ordiziako gazta lehiaketa hiru aldiz irabazi duen artzaina; Goimen elkartea, azokaren 500. urteurrenarekin duen loturarengatik; Idiazabal Jatorri Izendapena, 25 urte bete dituelako aurten; eta urte askoan puntan baina isileko lana egiten ari den
Estanda Ordizia areto futboleko nesken taldea.
Etziko festa 10:00etan hasiko da, gonbidatutako beste kofradiakideei Barrenan egingo dieten harrerarekin. 11:30ean kontzertua egingo du Santa Ana abesbatzak, eta ondoren, 12:00ak aldera, desfilea egingo dute herriguneko kaleetan zehar parte hartzaile guztiek. 12:30ean izendatuko dituzte kofradiakide berriak D’elikatuzen, eta 14:00etan Zubibi jatetxean bazkalduko dute denek.













