Lau begirada legealdiko lehen urteari
Dagoeneko urtea bete da Bilduk udal hauteskundeak irabazi eta Aralarrekin batera udal gobernua osatu zuenetik. Gauza asko gertatu dira harrezkero; alderdi politikoen arteko adostasunak, hika-mikak, zinegotzien aldaketak… Baina legealdi berriko aurreneko urtearen balantzea egiterakoan, denetariko iritziak daude. Goierriko Hitzak, Beasaingo udalean ordezkaritza duten alderdi guztiei eskatu die iritzia. Gobernu taldean daudenek, «gauzak egiteko beste modu bat» martxan jarri dutela diote, batez ere, abiarazi dituzten parte hartze prozesuei erreferentzia eginez. Oposizioko alderdiek berriz, «ekimen falta» edota «herria paralizatzea» leporatzen diete. «Politika egiteko modu berri bat» Legealdiko lehen urtearen balantzea egiterako garaian, «urte zaila» izan dela aitortu zuen Bilduk. Izan ere, iaztik udal aurrekontua jaitsi egin da, eta foru funtsera itzuli beharreko dituak ere ez dute egoera errazten. Diru faltari aurre egiteko, «beste formula batzuk» bilatzen saiatu dira, eta Koldo Agirreren iritziz, «gauzak egiteko beste modu bat» jarri dute martxan. Modu berri hori, abian jarri dituzten parte hartze prozesuetan oinarritzen da batez ere; dagoeneko dozena erdi bat prozesu jarri dituzte martxan, herritarrekin batzarrak egin eta haien iritziak jasotzeko. Hala, «jendearekin kontaktu handiagoa izaten eta herritarren parte hartzea bultzatzen» saiatu direla dio Agirrek. Parte hartze prozesu horien artean daude auzoetako batzarrak, Igartzako funtzionamendua zehazteko prozesua, tabernetako terrazen ordenantza edota legealdiko plana, besteak beste. Gobernua gutxiengoan osatu zutenez, «hasieratik [...]
Dagoeneko urtea bete da Bilduk udal hauteskundeak irabazi eta Aralarrekin batera udal gobernua osatu zuenetik. Gauza asko gertatu dira harrezkero; alderdi politikoen arteko adostasunak, hika-mikak, zinegotzien aldaketak… Baina legealdi berriko aurreneko urtearen balantzea egiterakoan, denetariko iritziak daude. Goierriko Hitzak, Beasaingo udalean ordezkaritza duten alderdi guztiei eskatu die iritzia. Gobernu taldean daudenek, «gauzak egiteko beste modu bat» martxan jarri dutela diote, batez ere, abiarazi dituzten parte hartze prozesuei erreferentzia eginez. Oposizioko alderdiek berriz, «ekimen falta» edota «herria paralizatzea» leporatzen diete.
«Politika egiteko modu berri bat»
Legealdiko lehen urtearen balantzea egiterako garaian, «urte zaila» izan dela aitortu zuen Bilduk. Izan ere, iaztik udal aurrekontua jaitsi egin da, eta foru funtsera itzuli beharreko dituak ere ez dute egoera errazten. Diru faltari aurre egiteko, «beste formula batzuk» bilatzen saiatu dira, eta Koldo Agirreren iritziz, «gauzak egiteko beste modu bat» jarri dute martxan. Modu berri hori, abian jarri dituzten parte hartze prozesuetan oinarritzen da batez ere; dagoeneko dozena erdi bat prozesu jarri dituzte martxan, herritarrekin batzarrak egin eta haien iritziak jasotzeko. Hala, «jendearekin kontaktu handiagoa izaten eta herritarren parte hartzea bultzatzen» saiatu direla dio Agirrek. Parte hartze prozesu horien artean daude auzoetako batzarrak, Igartzako funtzionamendua zehazteko prozesua, tabernetako terrazen ordenantza edota legealdiko plana, besteak beste.
Gobernua gutxiengoan osatu zutenez, «hasieratik gainontzeko alderdiekin akordioak lortzen» saiatu izan direla azaldu dute, baina adostasunak lortzeko garaian, ordea, «zailtasunak» izan dituzte. Aurrera begira egoera arinduko den esperantza dute, eta beraiek «akordioak eta adostasunak bilatzeko irekita» jarraituko dutela berretsi dute.
«Programa falta estali nahian»
EAJ eta Hamaikabat alderdien ustez, urtebete honetan «axaleko politika, mamirik gabekoa» egin du Bilduk, «herritarren arazo larrienei heltzen ez diena». Bi alderdiek egin duten adierazpen bateratuan, «bere programa falta partaidetzarekin estali» nahi duela leporatu diote Bilduri. Izan ere, EAJ eta H1! alderdiek diotenez, 2011. urtean, 1.500.000 euroko inbertsioak gauzatu gabe gelditu ziren; tartean Iturriotz eta Joan XXIII. kaleen arteko igogailua, natur bidea eta Igartzako presa.
Bi alderdiok, Bilduk udalean gehiengorik ez duela gogorarazi dute, baina «gehiengo osoa balu bezala» jokatzen dutela. Arkitektoen eta komunikazio enpresen kontratazioa, zaborraren gaia edota udaletxeko balkoian pankartak jartzea aipatu dituzte adibide modura.
Parte hartze aldetik udal gobernua «egiten ari den ahalegina txalotzekoa» dela uste badute ere, bide horrek, «aurreko urteetan egindako lanaren jarraipena» izan beharko lukeela diote; «baina zalantza dugu partaidetzaren izenean gainontzeko alderdien iritzi eta proposamenak ez ote diren baztertuko». Gainera, partaidetza horrek «pluraltasuna ziurtatuko duen metodologia» behar dutela uste dute. Bi alderdion ustez, «herritarren ordezkari zuzenak udal taldeak» dira, eta «alde horretatik, gutxi hitz egiten ari da gurekin udal gobernua». Beraiek, aldiz, «oposizioan egon arren, gure programa aurrera atera asmoz» ari dira lanean, eta horretarako, «aurrekontuetan bezala, akordioetarako prest» daudela azaldu dute.
«Behin behineko paralisi egoeran»
PSE-EEren izenean, legealdiko lehen urtearen «balantze oso eskasa» egin du Alfonso Segade zinegotziak, eta Bilduren agintaldia, «kudeaketa, ideia eta ekimen faltan» oinarritu dela uste du. Udal gobernu baten aurreneko urtea «erabakigarria» izaten dela dio, bertan zehazten direlako legealdiko gainontzeko urteen ildo nagusiak. Bere ustetan, ordea, «Bilduk frenua jarri dio herri honi, eta Beasain behin behineko paralisi egoeran kokatu du».
Segaderen arabera, «bada garaia Bildu kontura dadin beraiek direla orain gobernatzeko ardura dutenak». Horregatik, proiektuak, ideiak eta baliabideak lortzeko lan egiteko eskatu die. Bide horretatik, Bilduren gobernuak «denbora gehiegi» galtzen duela uste du «ikerketak eta azterketak egiten, eta foro eta talde balioanitzak sortzen».
PSE-EEren ustez, Errekarteko urbanizazioak eta etxebizitzak egiteko proiektuak izan behar luke lehentasuna, herriari «bizi kalitatea» hobetzen lagunduko liokeelako. Lan horiek, «ondarearekiko errespetu osoarekin» egin behar direla ere adierazi du.
«Kultura politiko berri baten beharra»
Bildurekin batera, udal gobernuan sartu zen Aralar. Urtebete honetako aldaketetako bat talde horrena izan da, Unai Baztarrika zinegotziak alderdia utzi eta Nahia taldea ordezkatzen baitu orain. Hala ere, bere helburua hauteskunde programa hura «defendatzea eta bururaino eramatea» dela azaldu du Baztarrikak. Hala ere, «Aralarrek hartutako norantza eta ekinbide politikoak proiektu hori kolokan» jarri zuela dio, eta horregatik hartu zuela alderdia uzteko erabakia. «Erabaki zaila» izan zela dio, baina ez diola «ihes egin herritarrek emandako konfidantzari».
Legealdiko lehen urteari dagokionean, «lana etengabekoa» izan dela eta lan hori, dagoeneko«bere fruituak ematen» hasi dela uste du. Bildurekin «harreman ona» izan duela dio Baztarrikak, «adostasun eta desadostasunez josia, baina aberasgarria eta emankorra». Bien artean, «aldaketaren oinarriak» jartzen hasi direla uste du. Zentzu horretan, «kultura politiko berri baten beharra» dagoela ere pentsatzen du; alderdien arteko «eztabaida antzuez harago» joan eta «arazoen muinera» jo behar dutela.
Gainontzeko alderdiek leporatu izan dietenari erantzunez, Baztarrikaren ustez «ez da egia udala geldirik dagoenik, eta hori guztia, udal talde guztien erantzukizuna» dela uste du. Kritika guztiak onargarriak direla uste du, «baina hori udalean bertan egin behar da, iraganekoak diren bestelako tresna mediatikoak alde batera utzi eta herritarrekin batera, sortutako arazoiei irtenbideak emateko».
Legealdiko lehen urteari buruzko balorazioa alderdi guztiei eskatu bazaie ere, PPk ez du adierazpenik egin nahi izan.