Olaberriko palari taldea prest da Gipuzkoako Herriarteko pala finala jokatzeko
Harrigarriak dira datuak. Olaberriak, 936 biztanleko herriak, lau txapela ditu Gipuzkoako Herriartekoan, pala modalitatean. Jokatutako final guztiak irabazi dituzte. Azkeneko hamabost ekitaldietan urtero-urtero atera du taldea, 1998tik, hutsik egin gabe. Bosgarren txapela bururatzeko ere aukera dute, gainera, finalean baita berriz. Halako palmaresa Donostiak eta Errenteriak besterik ez dute, haiek bosna garaipen dituztelako. Hain zuzen, Olaberriak biharko finalean Donostia du aurkari. Errenteria, berriz, final-laurdenetan irentsi zuten, 3 eta 1. Debako Aldats frontoian ariko dira, bihar goizean. Berriki han jokatuak dira goierritarrak, finalerdietan Deba izan zutelako arerio; hura ere 3 eta 1 kanporatu zuten. Herrian, eskuz baino gehiago jokatzen da palaz; motzean zein paletan. Olaberriko palari taldeak dauka, inondik ere, errua. Tradizio luzea du pilota jokamoldeak Olaberrian; Herriartekoan ateratako lau txapelek ere lagundu dute afizioa suspertzen. 2003an, 2004an, 2005ean eta 2007an izan zen txapeldun. Oraingoz. Hogei urteko ibilia lehiaketan Palari ez ezik, Herriartekoari ere estimu handia diote olaberritarrek. «Guretzat txapelketa hau oso berezia da», aitortu du Garikoitz Arrietak, herrenkadako hiru txapelen jabeetako batek eta egungo taldekide ere badenak. Eskuzkoaren senide txiroa da pala, zestarekin batera. Palako Herriartekoak eskuzkoaren bizitza erdia du: aurten 22. aldia, eskuzkoak 44. urtea duen bitartean. Partaidetzaz ere apalago dabil, orokorrean: eskuz 18 herrik parte hartu dute, palan hamarrek, [...]
Harrigarriak dira datuak. Olaberriak, 936 biztanleko herriak, lau txapela ditu Gipuzkoako Herriartekoan, pala modalitatean. Jokatutako final guztiak irabazi dituzte. Azkeneko hamabost ekitaldietan urtero-urtero atera du taldea, 1998tik, hutsik egin gabe. Bosgarren txapela bururatzeko ere aukera dute, gainera, finalean baita berriz.
Halako palmaresa Donostiak eta Errenteriak besterik ez dute, haiek bosna garaipen dituztelako. Hain zuzen, Olaberriak biharko finalean Donostia du aurkari. Errenteria, berriz, final-laurdenetan irentsi zuten, 3 eta 1. Debako Aldats frontoian ariko dira, bihar goizean. Berriki han jokatuak dira goierritarrak, finalerdietan Deba izan zutelako arerio; hura ere 3 eta 1 kanporatu zuten.
Herrian, eskuz baino gehiago jokatzen da palaz; motzean zein paletan. Olaberriko palari taldeak dauka, inondik ere, errua. Tradizio luzea du pilota jokamoldeak Olaberrian; Herriartekoan ateratako lau txapelek ere lagundu dute afizioa suspertzen. 2003an, 2004an, 2005ean eta 2007an izan zen txapeldun. Oraingoz.
Hogei urteko ibilia lehiaketan
Palari ez ezik, Herriartekoari ere estimu handia diote olaberritarrek. «Guretzat txapelketa hau oso berezia da», aitortu du Garikoitz Arrietak, herrenkadako hiru txapelen jabeetako batek eta egungo taldekide ere badenak.
Eskuzkoaren senide txiroa da pala, zestarekin batera. Palako Herriartekoak eskuzkoaren bizitza erdia du: aurten 22. aldia, eskuzkoak 44. urtea duen bitartean.
Partaidetzaz ere apalago dabil, orokorrean: eskuz 18 herrik parte hartu dute, palan hamarrek, zestan lauk. Baina, lehen aldiz, Goierrin palako talde gehiago antolatu dira eskularienak baino. Kurioski, gain hartu dio erremintak trapuari: hiru herri, biren ondoan. «Eta, hori, palako fitxadunak oso gutxi izanda Goierrin», dio Arrietak. Ordiziako Oiangu eta Idiazabalgo Atxurbide dira palako klub indartsuenak bailaran.
Herriartekoan, ordea, erroldaren arabera parte har liteke. Eta Olaberriak altxor handia du palaritan. 1992an irten zen lehen aldiz taldea: Garrido-Sarasola eta Giral-Arrondo. «Partaidetza sinbolikoa zen, gehiago. Bigarren aroa 1998an hasi zen; orduan sartu ginen Iker Arrieta lehengusua eta biok, Garrido-Sarasolarekin batera. Ordutik ez dugu hutsik egin, urtero. Meritua badu horrek, gainera ezohiko moldea izanda».
Gaur egun, 2000ko hamarkadako talde loriatsua da oinarria. Titularrak, paletan Imanol Olaran-Gari Arrieta eta motzean Xabier Berasategi-Jose Manuel Garrido dira. Biko «orekatuak, sendoak, teknika handikoak».
«Baina taldea da garrantzitsua», argitu du Arrietak. Zuhaitz Letamendia da ordezko —partida bat jokatu du—, Mikel Arantzegi eta Oier Etxenike harrobi. Azken urteetan ereindakoaren fruitu dira, etorkizunaren zutabeak.
Bien bitartean, biharko finalerako itxaropentsu daude palariak. «Lehiakorrak gara», diote.
Zaleen autobuskada Debara, harrera eta bazkaria Olaberrian
Debako finalean (bihar 11:00etan, Aldats pilotalekuan) Olaberriko palariak ez dira bakarrik egongo. Herritik zaletu mordoa joango da, animatzera. Udalak autobusa antolatu du, eta doan joan ahalko dute herritarrek, lehenago izena emanda. Olaberritik 09:15ean irtengo da.
Olaberriara itzulita, festa ziurtatuta dago. Harrera egingo diete palariei, eta ondoren Arrieta jatetxean bazkaria izango da, festan parte hartu nahi duten guztientzat. Aurrez izena eman beharra dago.