Ordizia ere zero zabor bidean jarri da
Ordiziako Udalak “etengabeko urratsak” emango ditu aurrerantzean Ordizia “zero zabor lurraldea bihurtzeko bidean”. Udalbatzak atzo onartu zuen atez ateko hondakin bilketa sistema lehenesten duen mozioa Bilduko zazpi hautetsien aldeko botoarekin. EAJko bost zinegotziek eta PSE-EEko bakarrak aurka bozkatu zuten. Aretoa bete-bete eginda zegoen. Goierriko 22 herrietatik mozio hori onartu duen zortzigarren herria da Ordizia. Onartutako mozioaren lehen puntuak jasotzen duenez, Ordiziako Udalak ahalik eta hondakin gutxien sortzeko azterketa abiatuko du Sasieta Mankomunitatearekin, eta bigarrenaren arabera, herriko familien artean konpostatze kanpaina zabala egitea adostu du mankomunitatearekin. Hirugarrenak honela dio: “Ordiziako Udalak ahalik eta gehien birziklatze aldera, emaitza onenak lortzen dituen hiri hondakinen bilketaren alde egiteko konpromisoa hartzen du, eta %80ko birziklatze maila lortzen ari den sistema bakarra atez ateko bilketa da egun”. Azkenik, Sasietarekin lan-batzorde bat sortzeko eskaera egin du. Oposizioa aurka Oposizioko bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, mozioaren aurka bozkatu zuten. EAJko Jose Migel Santamariak kontramozio bat irakurri zuen (gai zerrenda ez zegoen, eta ez zen bozkatu), eta materia organikoa biltzeko bosgarren edukiontziaren aldeko jarrera adierazi zuen: “Indarrean dagoen hondakin bilketa sistemaren alde gaude. Uste genuen eztabaida hori gaindituta genuela. Guk bisio integral bat aurkezten dugu, ez bisio partzial bat”. Orain arteko ereduaren jarraitzeko, kontzientziazioa, sentsibilizazioa eta heziketa dira gakoak, [...]
Ordiziako Udalak “etengabeko urratsak” emango ditu aurrerantzean Ordizia “zero zabor lurraldea bihurtzeko bidean”. Udalbatzak atzo onartu zuen atez ateko hondakin bilketa sistema lehenesten duen mozioa Bilduko zazpi hautetsien aldeko botoarekin. EAJko bost zinegotziek eta PSE-EEko bakarrak aurka bozkatu zuten. Aretoa bete-bete eginda zegoen. Goierriko 22 herrietatik mozio hori onartu duen zortzigarren herria da Ordizia.
Onartutako mozioaren lehen puntuak jasotzen duenez, Ordiziako Udalak ahalik eta hondakin gutxien sortzeko azterketa abiatuko du Sasieta Mankomunitatearekin, eta bigarrenaren arabera, herriko familien artean konpostatze kanpaina zabala egitea adostu du mankomunitatearekin. Hirugarrenak honela dio: “Ordiziako Udalak ahalik eta gehien birziklatze aldera, emaitza onenak lortzen dituen hiri hondakinen bilketaren alde egiteko konpromisoa hartzen du, eta %80ko birziklatze maila lortzen ari den sistema bakarra atez ateko bilketa da egun”. Azkenik, Sasietarekin lan-batzorde bat sortzeko eskaera egin du.
Oposizioa aurka
Oposizioko bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, mozioaren aurka bozkatu zuten. EAJko Jose Migel Santamariak kontramozio bat irakurri zuen (gai zerrenda ez zegoen, eta ez zen bozkatu), eta materia organikoa biltzeko bosgarren edukiontziaren aldeko jarrera adierazi zuen: “Indarrean dagoen hondakin bilketa sistemaren alde gaude. Uste genuen eztabaida hori gaindituta genuela. Guk bisio integral bat aurkezten dugu, ez bisio partzial bat”. Orain arteko ereduaren jarraitzeko, kontzientziazioa, sentsibilizazioa eta heziketa dira gakoak, Santamariaren ustez.
Joan den astelehenean Carlos Ormazabal (EAJ) Ingurumen diputatu ohiak eta Denis Itxaso PSE-EEko kideak Ordizian eman zuten hitzaldia ere gogora ekarri zuen, honakoa aipatuz: “Atez atekoak zero hondakin uzten duela esaten duenak gezurra esaten du, edo, ezkutuan, Gipuzkoa zabortegiz betetzea nahi du”. Atez atekoaren aurka Ordizian sinadura asko bildu direla ere nabarmendu zuen, eta horren aurrera zer jarrera hartu behar duen galdetu zion Bilduri.
PSE-EEko Iñaki Dubreuilek antzeko adierazpenak egin zituen. Asteleheneko hitzaldiari erreferentzia eginez, orain arte zaborraren kudeaketa “ondo” egiten ari zirela esan zuen. “Edukiontzien sistema hobetu egin dugu urtez urte”. Hondakin bilketarako berrerabilpena, birziklatzea eta konpostatzea gakoak direla nabarmendu zuen, eta horretarako egin behar diren “azpiegitura egokiak” egin beharko direla. “PSEk hondakinak gutxitzeko plan bat aurkeztuko du”.
Alkatearen erantzuna
Igor Eguren alkateak hartu zuen hitza segidan. Haren esanetan, hondakinen gaia “eztabaida politikora” eramateko nahia egon da Gipuzkoan, eta konbentzituta azaldu zen udalak jarri nahi duen bide berriarekin zaborraren auzia “erraz” konpon daitekeela. “Asteleheneko hitzaldian atez atekoaren aurka bai, baina errauste plantaren kontuarekin inork ez du ezer esaten. Errauste plantaz ez da kalean eztabaidatu nahi”.
Oposizioko bi alderdiie egotzi zien eztabaida “eskumenen aldera” eraman nahi izatea, eta gogoratu zien Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatuaren aurka zentsura mozioa aurkeztua dutela. “Markel Olanok esan zuen kargua hartu zuenean, 2007an, mankomunitateek erabakitzen zutena errespetatuko zuela. Gu ez gaude inongo satelitetan, baizik eta errealitate politiko bati erantzuten diogu”. Egurenek gogorara zien Europako zuzentarau batek diola 2020an ezingo dela birzikla ezin daitekeen ezer erre, “eta Ordizian %37 birziklatzen da”.
Ordizian atez atekoaren aurka bildutako 2.667 sinadurei buruz, Egurenek esan zuen eman beharreko garrantzia ematen dietela. “Guk egingo duguna da sinadura horiek Sasietara bideratu, eta han datuak erkatuko ditugu”. Oposizioko kideei atzera hitza eman zienean, ez Santamariak eta ez Dubreuil ez zuten beste ezer esan nahi izan. Mozioa bozkatu ondoren, publikoan zegoen jendearen gehiengoak txaloka hartu zuen erabakia.
Ezker Anitzaren iritzia
Ezker Anitzak prentsaurreko bat egin zuen bilkuraren aurretik bere burua aurkezteko, eta kazetarien galderei erantzunez, hondakin bilketaren inguruan Gipuzkoan sortu den ika-mikari buruzko iritzia plazaratu zuen Arantxa Gonzalez Gipuzkoako koordinatzaileak: “Gipuzkoako hainbat alderdiren artean sortu den eztabaidatik kanpo gaude gu. Errausteko planta ez da beharrezkoa, hori beti defendatu dugu. Beharrezkoa dena gaikako bilketa da”.
Gonzalezen esanetan, iraunkorra ez dena “birzikla daitekeena erretzea” da. “Gizarteari informazio eman behar zaio, eta hondakinen gaia borroka politikotik atera. Zentzu horretan gizarte parte hartzearen alde gaude”. Ezker Anitzako kidearen arabera, Gipuzkoan %30 bakarrik birziklatzen da. “Guk ez dakigu zein den sistema onena, atez atekoa edo besteren bat, baina garbi daukaguna da ahalik eta gehien birziklatzea bermatuko digun sistema bat jarri beharko dela. Etorkizuna gaikako bilketa da”.