Giro bikainean doaz Santa Isabel jaiak Zumarragan
Atzo arratsaldean hasi ziren ofizialki Santa Isabel festak Zumarragan, eta gaur, bigarren eguna dute. Goizean goizetik izan du jarraipena festak, atzo iluntzean hasitakoaren segida gisa. Lurra dantza taldeak gonbidatuta, Valentziako Albalat de la Ribera herritik (Herrialde Katalanak) etorritako Grup de Danses el Segreny dantza taldeari harrera egin diete Zumarragako udal ordezkariek udaltxean, eta ondoren, dantza egin dute udaltxe kanpoan. Gaur zapatua izanda, festa giroaz gain asteroko azoka ere bazen Zumarragan, eta dantzariek ikusle mordoxka baten aurrean egin dute dantza, kriskitinak eskuetan zituztela.
Herrian bueltaxka egin dute, Euskal Herriko eta Valentziako doinuak nahastuz, eta kulturen arteko trukaketa bultzatuz eta zabaldu. Bitartean, ordea, herriko haur eta gaztetxo ugari La Salle ikastetxeko zezen plazan zen, zezentxoak eta poniak noiz irtengo zain. Eguzkiak laino artetik keinu egiten zuela, aurrera eta atzera ibili dira, harrapatuak ez izateko oinak arin mugituz. Eguardia izateko minutu gutxiren faltan irten da zezen plazara lehen zezentxoa, eta batzuk korrika egiteko ausart agertu diren bezala, beste batzuek nahiago izan dute besteen ausardia patxaran pipak eta gozokiak janez ikusten egon.
Zezentxoetan ohikoa izaten den bezala, gaur ere guraso eta haur ugari gerturatu da zezen plazara, eta txalo, algara eta larritasun garraxi itoen artean igaro dute ordu bete inguru.
Festak arratsaldean jarraituko du, astelehenera arte, Santa Isabel egun handiarekin agurtuko baitira aurten Zumarragako festak. Ordura arteko ekitaldien eta ekintzen berri izateko GOIERRIKO HITZAren festen webgunean dago informazio guztia. Berdin asteburuan zehar Goierriko beste hainbat txokotan ospatzen ari diren festena ere: Mutiloako San Pedroak, Arriarango festak (Beasain), Ataungo Aia auzoko Santa Isabel jaiak…