San Pedro jaiak ospatzen ari dira Mutiloan ostegunaz geroztik, eta azken asteetan bezala, ospakizuna eta festa aldarrikapenarekin lotu dute oraingoan ere autopista elektrikoaren aurkakoek. Atzo gero eta jende gehiago erakartzen duen sagardo dastaketa egin zuten frontoian, eta zintzurra bustitzen hasi aurretik, pilotalekuaren kanpoan elkartu ziren goi-tentsioko linearen aurka. Goierriko hainbat herri zeharkatuko dituen autopista elektrikorik ez dutela nahi salatu zuten atzo ere dozenaka lagunek, eta frontoian ere euren aldarrikapenaren aldeko hainbat ikur ikus zitezkeen. Gaur ere bertan jarraitzen zuten pilotalekuko pankartek, izan ere, festa guztietan zehar euren desadostasuna agertzen jarraituko dute mutiloarrek. Gaur, gazte bazkaria eta haurrentzako jolasak dituzte, besteak beste, eta arratsaldean ardoa banatuko dute plazan. Elkarrekin herri afaria eginez afalduko dute mutiloarrek, eta hala egitea erabaki dutenek, mozorrotuen gauean ere egunerokotasunetik irten eta mozorroa jantzitakoek festa egingo dute. Txerrigorriak izanik, txerririk ezin falta jaietan, eta gauean, txerri harrapaketa egingo dute 23:30ean. Musikarako tartea ere egongo da gaur, Egurra eta Kitto eta Kupela taldeek kontzertua egingo baitute. Rock-ska eta trikiti musikak jarriko du giroa behin eguzkia izkutatzen denean. Bihar izango da jaietako azken eguna (egitaraua ikusteko sartu GOIERRIKO HITZAren festen webgunean)
San Pedro festak ospatzen ari dira egunotan Beasaingo Arriaran auzoan, eta zaindariaren egunean, San Pedro egunean, karta jokoan aritu ziren hainbat auzotar. Gizonezkoak musean aritu ziren, eta Periko Mujika eta Martin Mendizabal izan ziren garaileak. Emakumeak, berriz, punttuan aritu ziren, eta Bittori Garmendia eta Modesta Mintegi izan ziren irabazleak.
Gaur jokatu dute fútbol zazpi txapelketako finala, eta Futbol Comedy taldeak irabazi du. Urtatza Racing taldea izan du aurkari eta 1 eta 0 irabaztea lortu du txapeldunak, Andoni Pastriainek egindako golarekin. Egun osoan zehar egin dute festa futbol 7 txapelketa aitzakia hartuta, goizetik hasi eta iluntzera arte. Goizean 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida jokatu dute Burkina Faso eta Makabi de levantar taldeek, eta 3-2 emaitzarekin Burkina Faso taldeak lortu du garaipena. Beraz, Legazpiko 5. Futbol Zazpi Txapelketako lehen lau postuak honela geratu dira: laugarren postuan Makabi de Levantar, hirugarren Burkina Faso, bigarren Urtatza Racing eta txapelketako garailea Futbol Comedy. Ez dira horiek izan, ordea, banatu dituzten sari bakarrak. Futbol Comedy taldeko Andoni Pastriainentzat izan dira aurten Pitxixi Saria + Ibargutxi Kirolak saria eta Aiztonagako Trigrea saria eta Oskarbi Optika saria. Futbol Comedy taldeak Azpikoetxea jatetxean afaria irabazi du, gaur gauerako. Taldekide gutziak bertan izango dira garaipena ospatzen, eta txapelketako gainerako parte hartzaile guztiek txapelketako oroigarri bana jasoko dute. Futbola baino gehiago Gaur Legazpin futbolaz baino gehiago gozatzeko aukera izan dute. Izan ere, egun osoko festa egin dute, goizean partidak jokatzeaz gain eguerdian bazkaria egin baitute azokan. Guztira, 600 lagun elkartu dira bazkari herrikoian. Arratsaldean, elkarrekin joan dira denak futbol [...]
Goizean hasi eta orain minutu gutxira arte, II. Errugbi Tokata Txapelketa Herrikoia jokatu dute Altamirako zelaian. Guztira, 14 talde zeuden izena emanda, eta azkenean, irabazlea, Perla taldea izan da. Goierrin errugbiarekiko zaletasuna ez da berria, baina azken urteetan nabarmen egin du gora zaletu kopuruak. Horren adibide, Ampo-Ordizia taldearen garaipenak ospatzen aritu diren ehunka eta ehunka zale. Jarraitzaile horiei guztiei kirol horretaz gozatzeko aukera eman nahi izan diete aurten ere, eta bigarren urtez errugbi txapelketa herrikoia egin dute, “ikusle-hesia gurutzatu eta kirol honetan parte hartzera gonbidatuz”. Goizean jokatu dituzte lehen partidak eta zelaian bertan bazkaldu dute taldekide guztiek. 14:30ean jarraitu dute txapelketarekin eta 16:30aldera jakin da talde txapeldunaren izena. Sari banaketa arratsaldean egingo dute, txapelketa antolatzen parte hartu duten tabernetan, poteoan zehar. Bertan jakingo dira zein diren sarituak, eta ondoren sari banaketa, Beti-Alai pilotalekuan egiten ari diren garagardo azokan izango da. 18:00etan irekiko dute azoka, eta gau-erdira arte egongo da irekita. Bihar, aldiz, eguerdian ere irekita egongo da. Guztira, 29 garagardo mota dastatzeko aukera dago. TOKATA FINALEKO IRUDIAK: