Ordizia ere zero zabor bidean da
Ordiziako Udalak «etengabeko urratsak» emango ditu aurrerantzean Ordizia «zero zabor lurraldea bihurtzeko bidean». Udalbatzak joan den ostegunean onartu zuen atez ateko hondakin bilketa sistema lehenesten duen mozioa Bilduko zazpi hautetsien aldeko botoekin. EAJko bost zinegotziek eta PSE-EEko bakarrak aurka bozkatu zuten. Goierriko 22 herrietatik mozio hori onartu duen zortzigarren herria izan da Ordizia, Legorreta, Lazkao, Zaldibia, Ataun, Legazpi, Ormaiztegi eta Seguraren atzetik. Udal bilkura aretoa bete-bete eginda zegoela onartu zen puntu hori. Onartutako mozioaren lehen puntuak jasotzen duenez, Ordiziako Udalak ahalik eta hondakin gutxien sortzeko azterketa abiatuko du Sasieta Mankomunitatearekin, eta bigarrenaren arabera, herriko familien artean konpostatze kanpaina zabala egitea adostu du mankomunitatearekin. Hirugarrenak horrela dio: «Ordiziako Udalak, ahalik eta gehien birziklatze aldera, emaitza onenak lortzen dituen hiri hondakinen bilketaren alde egiteko konpromisoa hartzen du, eta %80ko birziklatze maila lortzen ari den sistema bakarra atez ateko bilketa da egun». Azkenik, eta aurreko puntuak garatu ahal izateko, Sasietarekin lan-batzorde bat sortzeko eskaera egin du Ordiziako udalbatzak. Erabaki hori hartzeko irizpide nagusietako bat «ordiziarron osasuna lehenestea» dela dio mozioak, ingurumenaz eta ekonomiaz ahaztu gabe. Atez atekoa «sistemarik eraginkorrena» da Bilduren ustez, eta gaikako bilketa %85era iristen da. «Hondakinen gaikako bilketa sistemarik merkeena da, eta lanpostuak sortzen ditu. Gipuzkoan 477 lanpostu berri sortuko [...]
Onartutako mozioaren lehen puntuak jasotzen duenez, Ordiziako Udalak ahalik eta hondakin gutxien sortzeko azterketa abiatuko du Sasieta Mankomunitatearekin, eta bigarrenaren arabera, herriko familien artean konpostatze kanpaina zabala egitea adostu du mankomunitatearekin. Hirugarrenak horrela dio: «Ordiziako Udalak, ahalik eta gehien birziklatze aldera, emaitza onenak lortzen dituen hiri hondakinen bilketaren alde egiteko konpromisoa hartzen du, eta %80ko birziklatze maila lortzen ari den sistema bakarra atez ateko bilketa da egun». Azkenik, eta aurreko puntuak garatu ahal izateko, Sasietarekin lan-batzorde bat sortzeko eskaera egin du Ordiziako udalbatzak.
Erabaki hori hartzeko irizpide nagusietako bat «ordiziarron osasuna lehenestea» dela dio mozioak, ingurumenaz eta ekonomiaz ahaztu gabe. Atez atekoa «sistemarik eraginkorrena» da Bilduren ustez, eta gaikako bilketa %85era iristen da. «Hondakinen gaikako bilketa sistemarik merkeena da, eta lanpostuak sortzen ditu. Gipuzkoan 477 lanpostu berri sortuko lituzke, egungo lanpostuez gain».
Oposizioaren argudioak
Oposizioko bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, mozioaren aurka bozkatu zuten. EAJko Jose Migel Santamariak kontramozio bat irakurri zuen –gai zerrendan ez zegoen, eta ez zen bozkatu–, eta materia organikoa biltzeko bosgarren edukiontziaren aldeko jarrera adierazi zuen: «Indarrean dagoen hondakin bilketa sistemaren alde gaude, eta birziklapenaren aldeko apustua egiten dugu. Uste genuen eztabaida hori gaindituta genuela. Guk bisio integral bat aurkezten dugu, ez bisio partzial bat». Orain arteko ereduarekin jarraitzeko, kontzientziazioa, sentsibilizazioa eta hezi- keta dira gakoak, Santamariaren ustez. «Pertsonen konfiantzan oinarritutako sistema bat proposatzen dugu, kontzientziazioan eta heziketan oinarritutako sistema batean, eta ez inposaketan».
Ekainaren 25ean Carlos Ormazabal (EAJ) Ingurumen diputatu ohiak eta Denis Itxaso PSE-EEko kideak Ordizian eman zuten hitzaldia ere gogora ekarri zuen, honakoa aipatuz: «Atez atekoak zero hondakin uzten duela esaten duenak gezurra esaten du, edo, ezkutuan, Gipuzkoa zabortegiz betetzea nahi du». Atez atekoaren aurka Ordizian sinadura asko bildu direla ere gogoratu zuen Santamariak, eta horren aurrean zer jarrera hartu behar duen galdetu zion Bilduri.
PSE-EEko Iñaki Dubreuilek antzeko adierazpenak egin zituen. Asteleheneko hitzaldiari erreferentzia eginez, orain arte zaborraren kudeaketa «ondo» egiten ari zirela esan zuen. «Edukiontzien sistema hobetu egin dugu urtez urte». Hondakin bilketarako berrerabilpena, birziklatzea eta konpostatzea gakoak direla adierazi zuen, eta horretarako «azpiegitura egokiak» egin beharko direla. «PSEk hondakinak gutxitzeko plan bat aurkeztuko du».
Gerora prentsara bidalitako ohar batean, Dubreuilek udalari eskatu dio atez atekoa «ez inposatzeko». Mozio hori onartuta «zentzugabekeria bat gertatu» dela uste du PSE-EEko kideak. «Bilduk, jarrera horrekin, gizarte konfrontaziora, gastuak handitzera, erosotasun ezara, zurruntasunera, zikinkeriara eta gizarte kontrolera garamatza».
Alkatearen erantzuna
Igor Eguren alkateak hartu zuen hitza segidan. Haren esanetan, hondakinen gaia «eztabaida politikora» eramateko nahia egon da Gipuzkoan, eta konbentzituta azaldu zen udalak jarri nahi duen bide berriarekin zaborraren auzia «erraz» konpon daitekeela. «Asteleheneko hitzaldian atez atekoaren aurka bai, baina errausteko plantaren kontuarekin inork ez zuen ezer esaten. Errausteko plantari buruz ez da kalean eztabaidatu nahi».
Oposizioko bi alderdiei egotzi zien eztabaida «eskumenen aldera» eraman nahi izatea, eta gogoratu zien Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatuaren aurka zentsura mozioa aurkeztua dutela. «Markel Olanok esan zuen kargua hartu zuenean, 2007an, mankomunitateek erabakitzen zutena errespetatuko zuela. Gu ez gaude inongo satelitetan, baizik eta errealitate politiko bati erantzuten diogu». Egurenek gogorarazi zien Europako zuzentarau batek diola 2020an ezingo dela birzikla ezin daitekeen ezer erre. «Ordizian %37 birziklatzen da».
Ordizian atez atekoaren aurka bildutako 2.667 sinadurei buruz, Egurenek esan zuen eman beharreko garrantzia ematen dietela. «Guk egingo duguna da sinadura horiek Sasietara bideratu, eta han datuak erkatuko ditugu». Oposizioko kideei atzera hitza eman zienean, ez Santamariak eta ezta Dubreuilek ere ez zuten beste ezer esan nahi izan. Mozioa bozkatu ondoren, publikoan zegoen jendearen gehiengoak txaloka hartu zuen erabakia.
Ezker Anitzaren iritzia
Ezker Anitzak prentsaurreko bat egin zuen bilkuraren aurretik bere burua aurkezteko, eta kazetarien galderei erantzunez, hondakin bilketaren inguruan sortu den ika-mikari buruzko iritzia plazaratu zuen Arantxa Gonzalez Gipuzkoako koordinatzaileak: «Gipuzkoako hainbat alderdiren artean sortu den eztabaidatik kanpo gaude gu. Errausteko planta ez da beharrezkoa, hori beti defendatu dugu. Beharrezkoa dena gaikako bilketa da». Gonzalezen ustez, iraunkorra ez dena «birzikla daitekeena erretzea» da.














