Legealdiko plana osatzeko bileren inguruko «balorazio ona» egin du udalak
Datozen hiru urteetarako udalaren norabidea markatuko duen legealdiko plana egiteko prozesua bukatzear da. Udalak herritarren parte hartzearekin osatu nahi izan du plan hori, eta aurreneko ekinaldian, prozesuak harrera ona izan dutela uste dute. Orain arte egin dituzten bileretan, 200 bat lagunek parte hartu dute, eta beste ehun lagun izan dira etxez etxeko inkesta erantzun dutenak. Datu horiek ikusita, «gustura» agertu dira udal ordezkariak, nahiz eta aurrera begira, «parte hartze hori handiagoa izatea» lortu nahi luketen. Koldo Agirre alkateak azaldu duenez, «lehenengo aldiz, herritarrekin partekatuz osatu nahi izan dugu legealdiko plana Beasainen». Duela hiru hilabete hasi zuten prozesu hori, eta hiru bilera txanda egin dituzte. Horietako bakoitzean, udaletxeko langileekin, alderdi politikoetako ordezkariekin, kultur eragileekin eta herritarrekin bildu dira, eta orokorrean, parte hartzaileen aldetik «jarrera ona» ikusi dute. Datozen egunetan, ordezkari politikoekin azken bilera egingo dute. Bilera horietan jasotako ideia eta proposamenekin, ondorioen txostena idazten hasiko dira uda aurretik. Txosten osoa, berriz, irailean aurkeztuko dute. Batzar horiek nola joan diren ikusita, «balorazio positiboa» egiten dutela azaldu du Agirrek. Bilera horietan aldeen artean izandako harremana «zuzena, naturala eta errespetuzkoa» izan dela azpimarratu dute, eta hori, «kontuan izanda, pentsamendu ezberdineko eta egoera ezberdineko jendea zegoela». Hala, udal ordezkarien ustez «oso positiboa» izan da «pentsaera ezberdineko jendeak gai baten inguruan [...]
Datozen hiru urteetarako udalaren norabidea markatuko duen legealdiko plana egiteko prozesua bukatzear da. Udalak herritarren parte hartzearekin osatu nahi izan du plan hori, eta aurreneko ekinaldian, prozesuak harrera ona izan dutela uste dute. Orain arte egin dituzten bileretan, 200 bat lagunek parte hartu dute, eta beste ehun lagun izan dira etxez etxeko inkesta erantzun dutenak. Datu horiek ikusita, «gustura» agertu dira udal ordezkariak, nahiz eta aurrera begira, «parte hartze hori handiagoa izatea» lortu nahi luketen.
Koldo Agirre alkateak azaldu duenez, «lehenengo aldiz, herritarrekin partekatuz osatu nahi izan dugu legealdiko plana Beasainen». Duela hiru hilabete hasi zuten prozesu hori, eta hiru bilera txanda egin dituzte. Horietako bakoitzean, udaletxeko langileekin, alderdi politikoetako ordezkariekin, kultur eragileekin eta herritarrekin bildu dira, eta orokorrean, parte hartzaileen aldetik «jarrera ona» ikusi dute. Datozen egunetan, ordezkari politikoekin azken bilera egingo dute. Bilera horietan jasotako ideia eta proposamenekin, ondorioen txostena idazten hasiko dira uda aurretik. Txosten osoa, berriz, irailean aurkeztuko dute.
Batzar horiek nola joan diren ikusita, «balorazio positiboa» egiten dutela azaldu du Agirrek. Bilera horietan aldeen artean izandako harremana «zuzena, naturala eta errespetuzkoa» izan dela azpimarratu dute, eta hori, «kontuan izanda, pentsamendu ezberdineko eta egoera ezberdineko jendea zegoela». Hala, udal ordezkarien ustez «oso positiboa» izan da «pentsaera ezberdineko jendeak gai baten inguruan iritziak trukatzeko eta adierazteko toki bat izatea».
Bilera txanda horren baitan, udal langileekin egindako batzarrean 25 lagun bildu zirela azaldu dute, eragileekin egindakoan 18 eta alderdiekin egindakoetan, ordezkari guztiak bildu zirela. Aitor Larburu zinegotziaren esanetan, parte hartze aldetik eskasena eragileekin egindako bilera izan zen, baina «kontuan izan behar da eragile horiek talde oso bat ordezkatuz etorri zirela, eta beraz, atzetik jende gehiago dutela». Hala eta guztiz ere, ekarpen aldetik bilera guztiak mamitsuak izan zirela uste dute.
Legealdiko plana egiteko prozesuaren barruan, inkesta bat ere banatu dute etxez etxe. Agirreren arabera, inkestaren inguruko balorazioa «are positiboagoa da, jende dezentek parte hartu duelako». Denera, ehun bat erantzun jaso dituzte. Agirrek azaldu duenez, inkesta horietatik «ateratzen diren ideiak eta ekarpenak ere legealdiko planean» txertatuko dituzte.
Metodologia berria
Emun aholkularitzak gidatu eta dinamizatu ditu parte hartze prozesu horretako bilerak. Denentzat ere «metodologia berria» izan dela eta hasieran kosta egin zaiela aitortu dute udal ordezkariek. Agirreren ustez, «ez gaude ohituta batzar parte hartzaile horietan kide izatera, baina uste dugu hasieran pixka bat kostatu arren, azkenerako denak gogotsu eta prestutasunez parte hartu dutela».
Parte hartu dutenen jarrera eta ekarpena ona izan bada ere, puntu ahul bat ere azpimarratu dute, alegia, parte hartze hori ez dela beraiek nahi adinakoa izan. «Onartu behar dugu bileretan guk nahi baino jende gutxiagok parte hartu duela. Hala ere, parte hartu dutenei eskerrak eman eta beraien iritziak kontuan hartuko ditugula hitz ematen dugu». Hori dela eta, aurrera begira, «jende gehiago gerturatu» nahi luketela esan du Agirrek. «Badakigu horretarako kultura aldaketa bat eman behar dela, kosta egiten delako horrelako bilera eta batzordeetan parte izan eta proposamen ezberdinak egitea. Baina bide hori hartu dugu, eta horrekin jarraitzeko asmoa dugu».
Iritzi baikorrak
Parte hartu duten herritarren aldetik, ordea, oso iritzi baikorrak jaso dituzte. «Jende askori entzun diogu, behintzat lehendabiziko aldia dela beraien iritzia emateko aukera dutena. Beste askok berriz, iritzi bat ematera baino, ea batzar horiek zer diren ikustera joan direla esan digute, udaletxe barruan zer dagoen jasotzera». Larbururen ustez, «parte hartzeko aukera ematea eta gertutasun hori izatea» baloratu du batez ere jendeak, alkatea eta zinegotziak ere, lan taldeetan herritarrekin batera aritu baitira bileretan parte hartzen. Nahiz eta bilerak luzeak izan eta ahalegin bat eskatu, bukaeran «askok esker ona» agertu zietela azaldu zuen.
Legealdiko plana egiteko prozesuaren bide beretik, beste hainbat parte hartze prozesu martxan daudela gogorarazi zuten, eta horietan ere, herritarrei parte hartzeko gonbitea luzatu diete.