Bi diziplina bat eginda
Ordiziako bi ikastetxeetako ikasle, irakasle eta gurasoek ekainaren hasieran egin zituzten ikasturteari bukaera emateko festak. Hurrena musika eskolakoen azken saioa etorri zen, eta baita Oroitheko bi abesbatzena ere. Eta orain, emanaldi formatuan ez bada ere, Patxi Moralesen pintura ikasleek eta Arantxa Munitaren zeramika ikasleek erakusketa zabaldu dute Barrenan, irailaz geroztik oraintsura arte egindako lanak herritarrei erakusteko. Datorren ostiralera arte, hilak 16, joan ahalko da erakusketa ikustera, astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara. Patxi Moralesek hogei urtetik gora daramatza Barrenan pintura eskolak ematen, eta bera da erakusketa hori jendaurrean jartzeko eragile nagusia. Gaur egun 39 ikaslerekin ari da lanean –ia gehienak emakumezkoak, eta urte asko daramatenak tailerrean–, eta ikasle bakoitzaren esku utzi ohi du zer margolan eraman erakusketara. Aurten, gainera, bi diziplina uztartuta osatu dute erakusketa, zeramika tailerrekoek ere hainbat lan eraman baitituzte Barrenara. Eskarmentudun margolariak Esku beteranoak eta hasi berriak, koadro landuagoak eta arinagoak, denek dute kabida ikasturteari bukaera emateko bilduma honetan. Gehien-gehienek argazkietan oinarritutako koadroak egiten dituztela dio Moralesek. Horietako gehienak paisaiak dira. Teknika aldetik, berriz, olio-pintura erabiltzen dute eskarmentua duten ikasleek, eta hasiberriekin lapitza, argizaria, pastela, tinta eta sepia teknikak lantzen dituela argitu du irakasleak. Erakusketan bildutako lan asko olio-pinturak dira, baina badaude lapitzarekin txuri-beltzean egindako lan xehe batzuk ere. [...]
Ordiziako bi ikastetxeetako ikasle, irakasle eta gurasoek ekainaren hasieran egin zituzten ikasturteari bukaera emateko festak. Hurrena musika eskolakoen azken saioa etorri zen, eta baita Oroitheko bi abesbatzena ere. Eta orain, emanaldi formatuan ez bada ere, Patxi Moralesen pintura ikasleek eta Arantxa Munitaren zeramika ikasleek erakusketa zabaldu dute Barrenan, irailaz geroztik oraintsura arte egindako lanak herritarrei erakusteko. Datorren ostiralera arte, hilak 16, joan ahalko da erakusketa ikustera, astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara.
Patxi Moralesek hogei urtetik gora daramatza Barrenan pintura eskolak ematen, eta bera da erakusketa hori jendaurrean jartzeko eragile nagusia. Gaur egun 39 ikaslerekin ari da lanean –ia gehienak emakumezkoak, eta urte asko daramatenak tailerrean–, eta ikasle bakoitzaren esku utzi ohi du zer margolan eraman erakusketara. Aurten, gainera, bi diziplina uztartuta osatu dute erakusketa, zeramika tailerrekoek ere hainbat lan eraman baitituzte Barrenara.
Eskarmentudun margolariak
Esku beteranoak eta hasi berriak, koadro landuagoak eta arinagoak, denek dute kabida ikasturteari bukaera emateko bilduma honetan. Gehien-gehienek argazkietan oinarritutako koadroak egiten dituztela dio Moralesek. Horietako gehienak paisaiak dira. Teknika aldetik, berriz, olio-pintura erabiltzen dute eskarmentua duten ikasleek, eta hasiberriekin lapitza, argizaria, pastela, tinta eta sepia teknikak lantzen dituela argitu du irakasleak. Erakusketan bildutako lan asko olio-pinturak dira, baina badaude lapitzarekin txuri-beltzean egindako lan xehe batzuk ere.
Zeramika lanak ez daude horrenbeste, eta pintura lanekin erabat osagarriak dira erakusketan, aretoaren erdiguneari bestelako itxura bat emateaz gain. Alde batean, zeramikazko ontzi eta pitxarrak ikus daitezke batik bat –pertsona itxurako eskulturak ere bai–, eta bestean buztinez egin eta pinturaz akabera emandako animalia sorta batek pizten du arreta gehien.













