Iturgaitzaga eremuan biribilgunea egiteko eraikitzailea aukeratuko du Lazkaoko Udalak
Lazkaoko Iturgaitzaga eremuan hiritartze lanak hasi aurreko azkeneko urratsa datorren astean egingo du udalak. Urbanizazio lanen lehenbiziko fasea gauzatuko duen enpresa izendatuko dute, asteazkenean. Behin helegiteak aurkezteko denbora-tartea utzita, lanak uda honetan bertan hasteko moduan geratuko litzateke. Biribilgunea eraikitzea izango da faseko eginkizun nagusia. Horrekin batera, saihesbidetik Lazkaoko herrigunerako erdiko sarrera eta Lazkaomendira igotzeko bidearen abiapuntua birmoldatuko dituzte. Esleipenaren oinarrizko prezioa 1.422.220,69 eurokoa da, BEZa barne. Udalbatzak maiatzaren 17ko ezohiko bilkuran onartu zuen lehen fasearen kontratazio txostena, eta lehiaketa irekia deitu zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiak jarriko du aurrekontuaren zati handiena, 1.399.360 euro. Lazkaoko Udalak osatuko du, 22.860,69 eurorekin. Hogeita bost enpresak aurkeztu dituzte proposamenak. Asteazken eguerdian zabalduko ditu epaimahai teknikoak eraikitzaileen hirugarren gutunak, proposamen ekonomikoena. Asteotan datuena eta obra-plangintzarena behatu dituzte. Lizitazio prezioa beherantz hobetu ahalko dute, gehienez %25 jaisteraino. Proposamen ekonomikoak lehiaketako irizpideei gehitu ondoren, asteazkenean bertan izendatuko dute eraikitzailea, behin-behinean. Ondoren, bi asteko helegite epea irekiko da, errekurtsoak edo erreklamazioak aurkeztu ahal izateko. Iturgaitzaga etxea bota Errotonda eraikitzeko lanak «abuztuan hasteko moduan» egon daitezkeela aurreikusi du udalak. Behin hasitakoan, sei hilabeteko epea dago bukatzeko. Biribilgunea Hiribarrengo industrialdearen ertzean kokatuko dute, Arruabarrena gozo-lantegiaren alboan. Bost bide-adar irtengo dira uztaitik: Gi-2120 saihesbidearen bi adarrak (Ataun eta Beasain aldera bana), etorkizuneko [...]
Lazkaoko Iturgaitzaga eremuan hiritartze lanak hasi aurreko azkeneko urratsa datorren astean egingo du udalak. Urbanizazio lanen lehenbiziko fasea gauzatuko duen enpresa izendatuko dute, asteazkenean. Behin helegiteak aurkezteko denbora-tartea utzita, lanak uda honetan bertan hasteko moduan geratuko litzateke.
Biribilgunea eraikitzea izango da faseko eginkizun nagusia. Horrekin batera, saihesbidetik Lazkaoko herrigunerako erdiko sarrera eta Lazkaomendira igotzeko bidearen abiapuntua birmoldatuko dituzte.

Biribilgunea eraikiko duten ingurua. Arg.: Aimar Maiz
Esleipenaren oinarrizko prezioa 1.422.220,69 eurokoa da, BEZa barne. Udalbatzak maiatzaren 17ko ezohiko bilkuran onartu zuen lehen fasearen kontratazio txostena, eta lehiaketa irekia deitu zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiak jarriko du aurrekontuaren zati handiena, 1.399.360 euro. Lazkaoko Udalak osatuko du, 22.860,69 eurorekin.
Hogeita bost enpresak aurkeztu dituzte proposamenak. Asteazken eguerdian zabalduko ditu epaimahai teknikoak eraikitzaileen hirugarren gutunak, proposamen ekonomikoena. Asteotan datuena eta obra-plangintzarena behatu dituzte. Lizitazio prezioa beherantz hobetu ahalko dute, gehienez %25 jaisteraino.
Proposamen ekonomikoak lehiaketako irizpideei gehitu ondoren, asteazkenean bertan izendatuko dute eraikitzailea, behin-behinean. Ondoren, bi asteko helegite epea irekiko da, errekurtsoak edo erreklamazioak aurkeztu ahal izateko.
Iturgaitzaga etxea bota
Errotonda eraikitzeko lanak «abuztuan hasteko moduan» egon daitezkeela aurreikusi du udalak. Behin hasitakoan, sei hilabeteko epea dago bukatzeko.
Biribilgunea Hiribarrengo industrialdearen ertzean kokatuko dute, Arruabarrena gozo-lantegiaren alboan. Bost bide-adar irtengo dira uztaitik: Gi-2120 saihesbidearen bi adarrak (Ataun eta Beasain aldera bana), etorkizuneko etxebizitza-gunera (Hiribarren kalera perpendikularki iritsiko den kalea), Lazkaoko erdigunera (Abanco deritzon etxeorratzeraino saihesbidearen barrenaldetik, paralelo), eta Lazkaomendirako bide-besoa.
Hain zuzen, aldaketa nabarmenetakoa Lazkaomendirako errepideak izango du. Gaur egun dagoen bidegurutzea desagertu, eta biribilgunetik abiatuko da bidexka. Saihesbidearen goialdean, paralelo joango da Iturgaitzaga etxea dagoen lekuraino, eta han 180 graduko bihurgune batekin lotuko diote oraingo aldapari.
Errepidea zabaltzeko, nahitaezkoa da Iturgaitzaga etxea —lau solairukoa— botatzea.
Iturgaitza eremuan bigarren fasea etxebizitza multzoak eraikitzea izango da. Kasu horretan ere, lehenbizi urbanizazio lanak izendatu beharko dira, beste esleipen prozesu batean.